tutera - Urtero legez, hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrika-tzea helburu nagusi duen Txikiak Handi egitasmoak bere unea izan zuen Nafarroa Oinez egun handiaren baitan. “Txikiak Handi Nafarroa Oinezeko proiektu iraunkorra da; eta, horren bitartez, munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu eta haien arteko zubiak eraiki nahi dituena”, azaldu zuen Argia Ikastolako zuzendari Argiñe Kortak, eguerdian ospatu zen ekitaldian. “Aurtengo edizioan, hizkuntza gutxitua duten ikasleak ahalduntzeko bidean sakontzen jarraitu nahi izan dugu. Aurreko urtean, Altsasu eta Valentziako DBHko gaztetxoak beraien hizkuntzen egoeraren inguruan hausnarketa egiten aritu baziren; oraingoan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak bildu ditugu gure hizkuntzaren iraganaz, orainaz eta geroaz aritzeko”, azaldu zuen Unai Arellano egitasmoaren koordinatzaileak.

Izan ere, Baionako Bernat Etxepare lizeoa, Tolosako Laskorain ikastola eta Tuterako Argia ikastolako ikasleak izan dira Txikiak Handi egitasmoan parte hartu dutenak. Urte guztian zehar egindako “lan paregabeari” eta jorratutako hartu-emanari oihartzuna eman nahian, hiru lurraldeetako ikasleek Nafarroa Oinezeko ekitaldi ofizialean parte hartu zuten egin dutenaren berri emateko eta Txikiak Handi manifestua sina-tzeko. Bernat Etxepare Lizeoko Amaia, Laskorain Ikastolako Iker eta Argia Ikastolako Oier ikasleak izan ziren manifestua irakurtzeko ardura izan zutenak.

Urte osoko lana Arellanok atzokoan azaldu moduan, Txikiak Handi unitate didaktikoaren bitartez, aipatu eskola desberdinetako ikasleek aukera izan dute “lurralde bakoi-tzaren errealitate soziolinguistikoaren azterketa egiteko; lurralde horietako herritarrek euskararekiko duten pertzepzioaz jabetzeko; munduan dauden gainontzeko hizkuntzek duten egoeraren berri izateko eta hizkuntzen handitasunaren edo txikitasunaren inguruan hausnarketa egiteko. Horretaz gain, hizkuntzek gure autobiografia pertsonaletan duten garrantziaz gogoeta egin dute; beraien inguru hurbilean, beraien familietan, hizkuntzek izan duten garapena gogora ekarri dute”.

Horien guztien inguruan aritu dira Baiona, Tolosa eta Tuterako DBHko 4.mailako gaztetxoak; hasierako fasean, Txikiak Handiko webgunean dagoen unitate didaktikoa on line landuz; eta, amaieran, Tuteran izan duten bi eguneko topaketan, aurrez aurreko hausnarketa-foroan parte hartuz. Izan ere, Arellanok gogoratu zuen bezala, “aste honetako astelehenean eta asteartean hiru lurralde horietako ikasleak Tuterako Argia ikastolan bildu dira”. Topaketa honetan, ikasleei beraien hizkuntza hautua egiteko bestelako irizpideak eskaintzeaz gain, geografikoki nahiko urrun dauden euskal lurraldeak eta biztanleak hobeto ezagutzeko parada eman nahi izan zaie (Baiona-Tolosa-Tutera). - M.M.P.