iruñea - Zoritxarrez, askotan ikusi ditugu ikasleak matematikekin sufritzen. Batzuentzat gustagarriak diren arren, askok beldurrez eta gorrotoz bizi dituzte. Horrez gainera, haurra gelan eroso ez badago, seguru eta konfiantzarekin sentitzen ez bada, aspaldi ikasia dugu ikastolan nekez egongo dela prest aurrean jartzen diogun gai edo jarduera horri aurre egiteko. Zentzu honetan, ezinbestekoa da irakasleon partetik, haurrak berarekin eta inguruarekin daukan harremana zaintzea eta bere ezaugarriak eta egoera ezagutzea eta kontuan hartzea.

Azken finean, matematikako gaiak berez daukan jostagarritasuna, ukigarritasuna eta naturaltasuna berreskuratzeko ahalegin bat dago San Fermin Ikastolan martxan jarri den egitasmo berri honetan. Sena eta intuizioa errespetatuz eta landuz, entzumenak aktibatuz, jolastuz eta gozatuz, ikertuz? Matematikarako hurbilpena bide anitzez egiteko egitasmoa da hau eta astean behin gara-tzen dute LHko lehenengo eta bigarren zikloko ikasleek.

Matematika eskuetara eta Konfiantzaren Pedagogia William Glasserrek Hautaketaren teoria-n dioen bezala, benetako ikaskuntza egon dadin, ikasleak entzuten eta ikusten baino, egiten, eztabaidatzen eta azalpenak ematen jarri behar ditugu, eta hori da egitasmo honen xede nagusia. San Fermin Ikastolan, gainera, Konfiantzaren Pedagogiaren markoaren baitan pentsamendua, komunikazioa, esperimentazioa eta elkarlana aktibatzen saiatzen gara gure jardunean.

Nahiz eta matematika jakintza zientifikoaren oinarrizko tresna gisa erabiltzen den, bere ikaskun-tza zaila da batzuetan ikasleentzat eta eskola porrotan gehien eragiten duten irakasgaietako bat da. Horregatik, proposatzen dugun ikasketa metodo honetan, ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren protagonista bilakatu nahi dugu. Esperimentazio eta manipulazioaren bitartez, behatzea, ikertzea, hipotesiak egitea, askotariko bideak probatzea, eztabaidatzea, ideia berritzaileei edo desberdinei lekua ematea bilatzen da. Izan ere, ukituz , sentituz eta ludikotasunaren bidez informazioa jasoz, errazaga finkatzen baita ezagutza epe luzeko memorian.

Horretarako beharrezkoa da ikasgeletara erronka matematiko erakargarriak eramatea, eguneroko egoerari lotuta daudenak; manipulatu daitezken baliabideak ohiko material bihurtuz. Lan hau guztia bost arlotan sailkaturik (zenbakiak eta eragiketak, neurriak, egoerak, geometria eta logika) helburu matematiko zehatzak lortzeko egitasmoa da: sailkapenak egiteko gaitasuna pixkanaka garatzea, kategoriak ezartzeko gai izatea, pentsamendu malgutasuna, estimazioa, generalizazioa, ikusmen espaziala, irudikapena lantzeko aukera izatea?

Ikasle askorentzat matematikak eskatzen duen abstrazioa gehiegizkoa izan daitekenez, hain zuzen ere hori da ekimen honekin lagundu nahi dena.