Ixilpean ala itzalean jardun dute urteetan, zailtasun ani-tzei aurre eginez. XX. mendean zehar emakume izanagatik pairatutako zailtasun eta trabez gain, euskaraz jardutearen zailtasuna ere jasan dituzte. Baina orain argitara atera dira, euskaraz bizi eta lan egin duten 14 emakumeren lana behintzat errekonozitu da. Hemen baditun 14 erakusketak Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikaela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana María Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Alemanen lana goraipa-tzen eta plazaratzen du.

Erakusketa Ines Castiella irakasle eta koordinatzailearen beraren ideia batetik sortu zen, emakume hauen lana ezagutaraztea helburu izanik. Castiellaren lanaren emaitza atzo inauguratu zen eta abenduaren 20a arte bisitatu daiteke Iruñeko Kondestable jauregiaren bigarren solairuko patioan.

Inaugurazio ekitaldia hamalauei omenaldi bat egiteko momentu bikaina izan zen eta bertan, protagonistei eta, zendu direnenen kasuan, senitartekoei oroigarri bat eman zitzaien. Bestalde, datorren urte hasieran erakusketa berriro egongo da ikusgarri Nafarroako hiriburuko emakumeen etxean.

profil ezberdinak Erakusketan XX. mendean euskararen sustapenaren eta normalizazioaren alde lanean aritu diren profil pertsonal eta profesional ezberdinetako hamalau emakume bildu dira. Hauek irakaskuntzan, ikerkuntzan eta ikerkuntzan, musikagintzan, kazetaritzan, idazkuntzan, bertsolari-tzan, zinemagitzan, administrazioan merkataritzan edota hizkuntzaren beraren memoria eta testigantza iraunarazten aritu dira lanean, ber-tzeak bertze.

Hamabortz taula daude, lehena erakusketaren beraren aurkezpena delarik eta bertzeek protagonisten argazkiak eta biografiak biltzen dituzte. Bertzalde, taulen ondoan kokaturiko pantaila batean emakumeen ikus-entzunezkoak erreproduzituko dira. Gainera, erakusketaren edukiak jasotzen dituen 5.000 liburuxka argitaratu ditu Iruñeko Udalak.

Erakusketa abenduaren 3an ospatu zen Euskararen Egunaren kariaz antolatu da eta Iruñean euskara normalizatzeko eta susatzeko jardueren barruan dago ekimena. Bestalde, Emakumeak izendatu Iruñean taldearen bulkada jaso du eta panelen eta ikus-entzunez gain, bertze jarduera osagarri batzuk ere antolatu dira. Datorren ostegunean, bertso-saio bat eginen da erakusketan barna. 18.30ean izango den hitzordu honetan Saioa Alkaiza, Irati Majuelo eta Sarai Robles bertsolariek hartuko dute parte.

petra azpiroz

Irakaslea. Leitzan sortu zen 1916an eta Iruñean zendu 1995ean. Espainiako Bigarren Errepublikaren hasieran Iruñean Escuela Vasca izenekoa sortzeko asmoa abiatu zen moduan, Lizarran ere euskal eskola bat sortzeko grina zegoen eta Eusko Ikaskuntzak Azpirozi egin zion hura sortzeko eskaera. Sortu bitartean Iruñekoan aritu zen lanean. 1936ko udan faxistek eskola betirako itxi zuten.

xole erbiti

Euskara teknikaria. 1942an sortu zen Ilarregin eta 2009an zendu Iruñean. Nafarroako Diputazioan lanean hasi eta irakasle aritu zen Nafarroako eremu euskalduneko Lehen Hezkun-tzako ikastetxeetan, eskolaz kanpoko ordutegian. 1972an oposizio publikoa gainditu eta, Nafarroako lehen euskara teknikaria bilakatu zen 1973, Hezkuntza departamentuko Euskara Atalean.

PAULINA URKIOLA

Idazlea. 1923an sortu zen Leitzan eta bertan zendu 2005ean. Baserri giroan jaio zen, eta bertan segitu zuen lanean bizitza guztian. Urkiolak hainbat esaera zahar, euskal esamolde eta otoitz jaso zituen aitatxi-amatxiengandik eta gurasoengandik, eta ondorengo belaunaldiei ahoz helarazi zizkien errepikapenaren errepikaz.

pakita zabaleta

Irakaslea. Eskola publikoetan irakasle, San Fermin ikastolan orienta-tzaile eta Nafarroako Gobernuan hizkuntza normalizazio lanetan aritu zen, Hezkuntza departamentuko lehen Euskara Unitateko eta Politikako Plagintza Ataleko buru zelarik. Gero Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte Psikologiako irakasle izan zen erretiroa hartu arte.

luzia goñi

Bertsolaria. Aizarotzen jaio zen 1928an. Gaztetatik izan du bertsorako zaletasuna. Duela gutxi arte ibili da etxean bertsoak idazten eta bertso sorta bat dauka bertan jasota. Iruñeko kaleetan ere ibilia da bertsoan kanta-tzen eta Euskalerria Irratian ere kolaboratzaile izan zen. Berezko estiloa duen talogilea da eta garai batean herriz herri joaten zen taloak saltzen.

sagrario aleman

Irakaslea. Farmazia ikasketak egin zituen arren, 1972an Arturo Campion euskaltegi sortu berrian klaseak ematen hasi zen. Nafarroako hainbat tokitan aritu zen irakaskuntza lanetan eta 1982an Arturo Campion euskaltegiko zuzendari kargua hartu zuenetik, horretan aritu da erretiroa hartu arte. 2006an Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen eta 2007an euskaltzain oso.

Perpetua saragueta

Idazlea. Mezkiritzen jaio zen 1905ean eta Iruñean zendu 1986an. Familia xume bateko 13 anai arrebetan zaharrena zen. Emakume gutxik euskaraz idatzi eta argitaratzen zuten garaian, Saraguetak hainbat argitalpen egin zituen herriarekiko eta euskararekiko maitasunak, irakurtzeko zaletasunak, eta idazteko grinak bultzatuta.

mikaela gastesi

Irakaslea. Gorritin sortu zen 1929an eta Hondarribian zendu 1997an. Euskalerriaren Adiskideak elkartean sartuta, Nuestra Señora de Irantzu Iruñeko lehen ikastola sortu zuen. 1970ean Ministerioak legeztapena kentzean elkartearen babesarekin jarraitu zuten Uxue Ikastola izenean. Ikastola bitan banatu eta San Fermin eta Paz de Ziganda ikastolak sortu ziren.

maritxu viscarret

Irakaslea. Iruñean jaio zen 1907an eta bertan zendu 1989an. 1934tik-1936ra bitartean Tafallan eta Latasan ibili zen irakasle baina gerra hasi zenean Iparraldera egin zuen ihes. 1937an Iruñera itzuli eta bertan espediente bat ireki zioten. Zigorra beteta, 1943tik aurrera Erratzun aritu zen lanean erretiroa hartu arte. Ohiko ikasgaiez gain, euskal kulturako arlo ezberdinak irakatsi zituen.

CEFERINA FONTELLAS

Liburu dendaria. Beuntzan sortu zen 1930ean eta Iruñean zendu 2015ean. & urterekin herritik atera eta lan ezberdinetan aritu zen. Udal atezaina ze Andrés Abarzuzaren etxean lanean ari zela, bere seme Victorrekin ezkondu zen. Gazte alargundu ostean, Abartzuza liburu dendako ardura hartu zuen. Bertan, euskarazko liburuak saltzen zituen debekuak eta mehatxuak gorabehera.

feli setoain

Musikaria. Luzaiden jaio zen 1912an eta bertan zendu 2009an. Lehendabiziko ikasketak sorterrian eta Hondarribian egin zituen, gero Uztaritzera joan zen irakaskuntzakoak bukatzera. Musika irakasle izateaz gain, euskal musika biltzeari ekin zion. Zenbait bildumantan utzi zuen hori jasota, baina horiek aurkitzeko lanetan ari dira zenbait ikerlari oraindik.

Ana maría echaide

Irakaslea. Euskarazko eta Gaztelaniazko Hizkuntzalaritzan irakasle eta ikerlari aritu da Nafarroako Unibertsitatean. Han Euskal Hizkuntza eta Kultura katedraren zuzendari izan zen 1980 eta 2002 urteen artean. Aitzindari izan zin Nafarroako euskalkien ikerketan Koldo Mitxelenaren irizpideak jarraituz. Euskaltzain urgazlea da 1982az geroztik.

Mikela labayen

Idazle eta kazetaria. Leitzan jaio zen 1914ean eta bertan zendu 2008an. Txikitan eskolara joan eta bertan igarri zion Ignazio Lizarraga apaiz eta irakasleak idazteko grina. Euskal astekari ezberdinetan kronikak eta idazkiak idatzi zituen. 1980an Leitzaldean sortutako Plazaola euskarazko aldizkarian ere idazten lehendabizikoetarikoa izan zen.

Mirentxu LOYARTE

Zinemagilea. Frantziako Zinema Kontserbatorioan ikasketak egin ondotik, euskal ekoizpeneko zinemagintzak abiatutako mugimenduan parte hartu zuen 60ko hamarkadatik aurrera. 1978an argitaratu zuen bere lehen lana, Irrintzi deituriko film laburra. 1981an berriz, Euskal Emakumeak dokumentala argitaratu zuen. 80ko hamarkadan utzi zion zinemagintzan lan egiteari.