Gu Auzalarko 6. mailako ikasleak gara eta 2 geletan banatuak bagaude ere, denok elkarrekin egiten ari garen proiektuaren berri eman nahi dizuegu.

Dena duela urte batzuk hasi zen? 6. mailara heltzean, eskolari agur esateko modu berezi batez, ikasle batzuk musikal bat egin zutenean eta iaz ere beste bat prestatu zuten. Orduan gu aurten, gure azken urtea izanik, musikala prestatzen hasi ginen ere bai. Halako batean gure ikaskide bati idei bat bururatu zi-tzaion eta Axierri, musikako irakasleari, proposatu zion. Musikala beharrean serie bat prestatzea zen ideia eta guri kontatu zigutenean asko gustatu zitzaigunez, baietz esan genien. Beraz, horretan gaude, serie bat grabatzeko jakin beharreko guztia ikasten.

Ikasturte hasieratik Axierrek ariketa ezberdinak planteatu zizkigun antzerki bat egiten ikasteko eta lotsa kentzeko. Antzerki txiki ba-tzuk ere sortu genituen taldeka, ordu batean eta 1. mailakoei antzeztu genien gero. Antzerki txiki hauetan elkarrizketa, abesti bat eta bere koreografia azaltzea zen baldintza bakarra.

Hauetaz gain, paper bat jarri zuen bere gelan seriean egiteko lan desberdinekin: teknikariak, antzezleak, abeslariak, dantzariak, perkusioa, atrezzo eta jantziak. Aste batez utzi zuen gutako bakoitzak gustoko zuen disziplinan izena emateko eta gu gogoz apuntatu ginen bakoitzak nahi zuen lanean.

Orain hasiko da gaia aukeratzeko prozesua eta badirudi hau dela zailena. Honetan laguntzeko, eskolaz kanpoko bixita bat ere izan genuen, Maialen Diaz gidoilaria etorri zen gure eskolara. Aurretik ezagutzen ez bagenuen ere, irakasleak esan zigun izugarri gustatu zitzaigun "Etxerik txikiena" antzerki lanaren egilea zela. Honela ba, 6. mailako bi gelek batera saio bat egin genuen musika gelan eta azalpen eta dinamika ezberdinen bidez, berak gai bat nola aukeratzen eta garatzen duen erakutsi zigun. Gidoi bat egitearen kontua nola izaten den azalpentxo batzuk eman ostean, izotza apurtzeko jolas batzuk egin genituen eta ondoren taldeka jarri ginen. Pertsonai ezberdinak aukeratu genituen ikasleok, pertsonai horiez baliatuta gidoi bat eratu genuen, era horretara ipuin ezberdinak egin genituen eta bukaeran antzeztu egin genituen gelakideen aurrean. Saioa oso dinamikoa eta interesgarria izan zen gidoiak idazteko prozesua nolabait era ludiko batean barneratzeko. Oso ongi egon zen eta orain gure gaia aukeratzeko eta gidoia idazteko ezinbestekoak diren baliabide gehiago dauzkagu Maialeni esker.

Momentuz erabaki duguna, serieak 3 kapitulu izango dituela da. Bi lehenengoak grabatu eta emitituko ditugu eta azkena zuzenean transmitituko dugu. Ideia pila bat ditugu baina hoiek ordenatu eta antolatu behar ditugu pixkanaka gure serie musikalari forma ematen joateko.

Beste egun batean ahots-probak egin genituen. Eskolako gela batean ahotsa eta musika grabatzeko estudio bat jarri digu Axierrek eta han musikaleko abestiak grabatuko ditugu. Irudiei dagokionez, guk nahi dugun tokira joan gaitezke grabatzera, baina horretarako, autobusa eta beharrezko guztia guk planifikatu eta antolatu behar dugu, hori da baldintza bakarra.

Hemendik gutxira irakasleekin kontratu bat sinatuko dugu eta norbaitek ez badu nahi, ez dugu aurrera egingo proiektuarekin. Baina badirudi hori ez dela gertatuko, denok ilusio handiarekin gaudelako.

Gure seriea youtube-ra eta eskolako web orrira, zein blogera igoko dugunez, bertan ikusteko aukera izango duzue.

Ez dakigu nola aterako den, baina argi duguna zera da, lan gogorra egin beharko dugula musikan eta baita beste ikasgaietan ere. Azken finean gainontzeko irakasleen parte hartzea ere ezinbestekoa izango delako lan guztiak aurrera eramateko. Elkarlanean burututako proiektu handi hau zuen gustokoa izatea espero dugu, eta guk prestaketan disfrutatu dugun bezain beste, zuek ere disfrutatzea!