an eta lan. Hori izan da Basilisa Maestre Ancinek 104ak bete ahal izateko errezeta, berak aitortu zuenez. Izan ere, Basilisak atzo bere urtebetetzearen kandelak itzali zituen, 104 kandel, eta konfinamenduak bilobak eta birbilobak besarkatzen utzi ez zion arren, Udalak berotasuna eman zion urtebetetze ezberdin eta berezi bat ospatu zezan. “Okupatuta gaude orain, amona telebistan aterako da Udaletxetik deitu diotelako”, anekdota eta azalpen dibertigarri horrekin azaldu zien Basilisaren alabak senideei amonak urtebetetze dei oso berezia jaso zuela.

Basilisa Maestrek betiON erabili du 2014. urtetik, eta emakume adinekoenen artean telelaguntza-zerbitzu horrek artatutako Arabako bigarrena da. Hala ere, Basilisa bihurtu da alarma estatuan konfinamendua agindu ondoren zerbitzu hau erabiltzen duten Arabako adinekoenen artean urteak bete dituen lehendabizikoa. Horregatik, hala alkateak nola sailburuak bat egin dute betiOnek bere erabiltzaileei urteurrenean egiten dieten zorion agurrarekin; izan ere, egokiera are bereziagoa da, beste pertsona nagusiek bezala Basilisak ezingo baitu bere senitarteko eta hurbilekoen bisitarik jaso. “Zorionak Basilisa! kontatu behar diguzu bizitzan zer egin duzun 104 urterekin hain eder eta polita egoteko”, esan zion Gasteizko alkateak. Berak erantzun zionari: “Lan egin eta lan egin, gogor egin behar da lan”. Ekitaldia Lehendakaritzan egin da bideo-dei baten bitartez. Basilisa Maestre, Marañongoa da (Nafarroan), baina Gorrebusto, Durruma Kanpezu eta Villafriako herritarra izan da bizitzan urte luzez, eta orain oso osasuntsu dago duela gutxi infekzio batetik suspertu ondoren. Bileran, Artolazabal sailburuak zorionak eman dizkio “hain eder egoteagatik”, eta urtebetetze konfinatua igarotzea zein zaila den ulertu duela esan du, berak ere hilabete hasieran urteak bete zituelako eta ezin izan zuelako familian ospatu. “Ulertzen dut zure egoera. Nik ere uste nuen nire 50. urtebetetzea ezberdin ospatuko nuela. Baina konfinatuta ere pasatu nuen”, esan eta erantsi zuen: “Ez kezkatu laster zure familiarekin ospatu ahal izango duzulako”. Lauren arteko solasaldian, Basilisaren alabak aitortu zuen bere ama beti ari dela alkatea piropeatzen: “Oso alkate gaztea eta oso ederra dugula dio”, aitortu zuen. Izan ere, berak baieztatzen zuen adierazpena izan zen: “Egia da, oso ederra zara”, esan zion Gorka Urtarani. Berak lotsatu egingo zela erantzun zion, ez baitago piropoetara ohituta, eta “zu bai zarela polita” ere helarazi zion. Dei berezi horretaz gain, hain egun berezia galdu nahi izan ez zuten biloben eta birbiloben bideoak ere jaso zituen. “Negar egin du bideoekin”, aitortu zuen alabak. Gerra zibilean, Basilisa Maestre Donostiara aldatu zen, eta hor etxeetan zerbitzari atera zuen bizimodua, emakume askok bezala. Ondoren, galtzerdiak ehuntzen lan egin zuen, eta gero horiek herrietan saltzen. Egun, artean ere irakurle porrokatua da, Arabako Errioxako liburu bat du esku artean, eta ez du huts egin eguneroko mezara konfinamendua baino lehen.

betiON telelaguntza-zerbitzuak ehun urteko adina gainditu duten 130 pertsona erabiltzaile ditu egun. Horietatik, 115 emakumeak dira, alegia, guztien % 88,5, eta zaharrena Donostiako herritar bat izan zen: joan den martxoan, 106 urte egin zituen. Hala ere, telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaile zaharrena Bilbon bizi den gizon bat da, eta 107 urte beteko ditu hurrengo uztailean. Zerrenda horri aurten ehun urte beteko edo bete dituzten adineko beste 113 pertsona gehitu behar zaizkio. Beraz, betiON zerbitzuan ehun urte bete dituzten pertsonak guztira 243 erabiltzaile izatera helduko dira, gehienean bakarrik bizi direnak; bada, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak martxan jarritako telelaguntzak artatzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak, egun, 57.000 erabiltzaile ditu guztira. % 77 inguru emakumeak dira, eta % 23, berriz, gizonak. Batez besteko profila bakarrik bizi den 80 urteko emakume nagusiarena da. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak doako 900 telefono-linea bat gehitu dio betiOn Telelaguntza Zerbitzuari.