Gezur hezurretik

Normaltasun berria

03.05.2020 | 01:22
Normaltasun berria

Normaltasun berria entzun nuen lehenengo aldian bertan etorri zitzaidan Orwell burura. 1984 eleberrian, idazle britainiarrak Neohizkera izeneko hizkuntza artistiko bat sortu zuen, funtsean, eta eleberria jatorriz ingelesez denez, ingeles sinplifikatu bat da. Sinplifikazio horrek, noski, gobernatzen duen alderdiaren alde egiten du. Adibideekin ez nekatzeko, eta ulertzeko moduan jartze aldera, pentsatu txarra ez erabiltzearren ezona erabiltzen dela.

Normaltasun berriak beraz, anormaltasun berria esan nahiko luke gure kasu honetan. Zer nahi duzue esatea, lanera, eskolara edo zinemara joan ahal izatea aurrera pausu bat da, baina aforoak limitea izango badu, elkarren arteko tarteak 2 metrokoa izan behar baldin badu, edo maskara eta eskularruak erabili behar baldin baditugu, ez nioke normaltasuna deituko.

Orwellen eleberriak, jakingo duzuenez, jendarte distopiko bat irudikatzen du. Estatuak kontrol handia dauka jendearengan, eta etengabekoa da norbanakoen zaintza. Telebista kate oso baten programazioa betetzen duen Gran Hermano programa beraren oinarria 1984 eleberriko hainbat kontzeptutan oinarritzen da.

Liburua argitaratu zenean, 1948an hain zuzen ere, ideia hauek oso urrunekoak ziruditen, pentsa, gerra hotza eta honen inguruko espioitza lanak hasten ari ziren, eta horrelako gizarte bat etorkizun urrun eta anker batean soilik imajina zitekeen. Gaur egun aldiz, erabat normala iruditzen zaigu bideo-kamerez zainduta egotea une oro, Googlek gure informazio guzti-guztia bildu eta gordetzea edo azken aldian, gure hobe-beharrez noski, gobernuak mugikorraren bidez momentu guztietan non gauden jakin ahal izatea.

Esango nuke gainera honetaz guztiaz kontziente garela, baina ez diogula garrantziarik ematen pribatutasun horri. Alegia, nahiago dugu Google Maps beti eskura izan edozein hiritan ez galtzeko, nahiz eta horrek bide beretik ekarri Google-k gure pausu denak jarraitu eta biltzea. Amore eman diogu sekretuari, amore eman diskrezioari. Gehienez ere egin dezakeguna perfil diskretu samar bat mantentzea da, inor gehiegi molestatu gabe, eta horrela, hor nonbait bilduta dauden datu horiek guztiak ez dituzte argitara aterako gu lotsarazteko. Artaldetik kanpora burua ateratzen duenari buruan kolpatu historialarekin.

Sistemak berak aukeratuko ditu, ondorioz, etorkizuneko liderrak, eta horren aurka egiten duena zigortuko, nahikoa informazio izango dute eta zu suntsitzeko ahotsa altxa orduko. Ezingo dugu sekretuan CIA edo KGB-ko espioiren batekin elkartu, ez maitalerik izan, euren onespenarekin ez bada behintzat. Eta tamalez ez dugu atzerako biderik hartuko, erosoago baita bizitza horrela, erosoago korrontearekin aurrera egitea. Ongi etorriak Anormaltasun berrira.