abiaga Ikastolako Areto Nagusia beti izandu da erabilera anitzeko gela bat: Berako bestetan ostatua, Ikastolako batzarretan bilera-gela, udalekuetan aterpe, ikasleentzat elkargune… 2019ko ekainean, auzolan bidez, espazio hau txukuntzea erabaki zen, eta hortik geroztik, arte erakusketak jartzeko gela ere bihurtu da. Bertan, margo lanak, eskulturak nahiz argazki lanak izanen dute tokia.

Ikastolan horrelako espazio bat sor-tzearen helburu nagusiak, batetik, Ikastola herriari irekitzea eta bertzetik, herriko kultur mugimenduan dugun parte hartzea handitzea dira. Asier Gogortza, Ikastolako gurasoa da, eta proeiktuaren sortzaileetako bat. Proiektua zein helbururekin sortu zen galdetuta, hau da erantzundakoa: “Proiektu honekin, batetik, Ikastolak historikoki Beran izan duen kultur eragile papera indartu nahi izan dugu. Ikastolak kokapen ona du herrian eta Areto Nagusiak espazio aldetik aukera bikaina eskaintzen zuen horrelako erakusgela bat egiteko. Azpimarratuko nuke gurasoak eta ikastolako langileak auzolanean aritu direla erakusgela txukuntzen, eta haien inplikazioari esker abiatu da proiektu hau. Bertzetik, Ikastolako ikasleek artearekin harreman sano eta iraunkor bat izateko intentzioa ere bazegoen hasieratik. Publikoarentzat asteburuetan bakarrik irekia baldin badago ere, astetartez ikasleek bisitatu ohi dituzte erakusketak, eta ttikitatik artearekin eta artistekin hurbiltasun hori izatea pedagogikoki hagitz ederra da. Beharbada zenbait ikasleren familiek ez dute ohiturarik izanen museoetara edo arte garaikide erakusketetara joateko, bada Areto Nagusian urtean hiru erakusketa desberdin gozatzeko aukera ziurtatzen diegu modu honetan”.

Funtzionamenduari dagokinez, larunbat eta igande arratsaldeetan egon ohi da irekia, urritik ekainera bitarte. Udan, berriz, ikastolako ikasleek sortutako lanik politenekin erakusketa kolektibo bat prestatzeko asmoa dago. Aretoaren zaintza txandaka egiten da ikastolako langile, guraso, bazkide-laguntzaile eta ikasle ohien artean. Horretarako taula bat prestatzen da urte guztiko asteburuekin eta denen artean txanda horiek betetzen dira. Uztaila, abuztua eta irailean itxia egoten da.

Erakusketan parte hartu duten artisten inguruan, ondorengoa adierazi du Asier Gogortzak: “Ikastolako Areto Nagusiko lantaldean ari garenek irizpide batzuk jarri genituen artistak hautatzeko orduan. Lehen-lehen mailako artistengana ez dugu jo, eta ez dugu arte galeria handien funtzionamenduan sartu nahi, aldiz, nahiago izan dugu pixkat gordeagoan aritzen diren artistengana jotzea. Hala ere, orain artekoak ez dira artista hasiberriak, denek ere ibilbide bat dute eta haien lanaren kalitatea azpimarra-tzekoa da. Gero, garrantzia ematen diogu mugaz bi aldetako artistentzat eta publikoarentzat topagune bat izateari.”

2019ko urriaren 26an, Beran ospatzen den Lurraren Egunaren bezperan, hain zuzen ere, inauguratu zen lehen erakusketa. Bertan, Aitziber Orkolagaren Plaketak argazki lana ikusgai izan zen. Aitziber Orkolagak txikitatik izan du argazkigintzarako miresmena. Ogibidez finantza arloan badabil ere, 2017an murgildu zen argazkilaritzan.

2020ko urtarrilaren 25etik martxoaren 29ra bitarte, Patxi Laskarai (Lekunberri, Nafarroa Behera)) eta Gonzalo Etxabarriaren (Barkoxeko margolaria) Izenik gabe obra izan zen ikusgai.

Patxi Laskarai argazkilaria da, eta arte plastikoen inguruko ikasketak ditu. Donibane Loitzunen bizi da eta bertan argazki denda du. Gonzalo Etxabarria, Bilbon jaio eta Zuberoan bizi den euskal artista plastikoa da.

2020ko urriaren amaieran hasi eta abendu bukaera bitarte, Maider Urretabizkaia margolariaren pinturak ikusgai egongo dira, erakusketaren izenburua Gezurretarainoko beldurra delarik. Urretabizkaia margolari lazkaotarra da. Hainbat sari jasotzeaz gain, erran, sormen eta pintura tailerrak egiten dituela.

Labiaga Ikastolako Areto Nagusiko lan taldeak haurrentzat ekitaldi bat antolatu zuen Pantxix Bidart, Gonzalo Etxeberria eta Patxi Laskarai artisten laguntzarekin. Bertan, haurrei zuzendutako margo eta argazki tailerra eskaini zen eta ondotik, Altzateko Frontoian soinu eta irudi performantzeaz goza-tzeko aukera izan zuten.

Asier Gogortzak adierazi duen moduan “orokorrean jendeak ongi hartu du kulturari eta arteari lehengoez gain bertze leiho berri bat irekitzea. Herrian bada jende aunitz ohitura duena erakusketetara joatea, eta horiek gustora sartzen direla erranen nuke. Bertze batzuentzat hasiera batean artea gauza arrotzagoa izan daiteke baina kuriositateagatik edo eskura dutelako agian, ba sartu egiten dira eta hor gauzak sortzen ahal dira. Azkenik aipatuko nuke mugaz bertze aldeko ikusle dexente etorri direla eta haietako aunitzek proiektua biziki estimatu dutela.”