izitzen ari garen “normaltasun berri” honetan bizitzea ez da batere erraza, are gutxiago 6-12 urte baldin badituzu. Gure ikasleek hilabete ugari pasa dituzte eskolako eta eskolaz kanpoko ekintza fisikorik gabe, horren beharrezkoa duten mugimendu askatasunik gabe, deskonektatzeko aukerarik gabe. Zorionez martxan gaude eta gure arloan, Gorputz Heziketan, aukera paregabea dugu, bai fisikoki nola emozionalki eta sozialki, egoera berezi honengatik ikasleek pairatutako guzti horri aurre egiteko.

Esate baterako, Ezkabako Lehen Hezkuntzako ikasleek Gorputz Heziketako saioetan munduan zehar bidaiatzeko aukera dute astero. Horrelako aukera dute, gure unitate didaktikoak askotan ipuin motoreen bitartez garatzen ditugulako. Bertan, ikasleak abentura baten partaide bihur-tzen dira eta denen elkar lana eta parte hartzea ezinbeztekoa da abenturan aurrera egiteko.

Orain arte hainbat abentura bizitu dituzte eta haien irudimenari esker munduko hamaika tokietara joateko aukera izan dute. Esate baterako, Euskal herritik (Hartzen abentura), Alaskaraino (Natuk eta Nanuk ipuina), Egiptotik pasata (5 ateetako erreinua) edo Himalayaraino (Nepalen galduta) iritsi dira guk kontatutako eta haiek bizitutako ipuin motoreei esker. Abentura guztietan, erronka kooperatibo, joku kooperatibo eta araututako ekintza motorren bitartez, umea, kontatzen ari garen ipuinaren protagonista, bitartekari eta antzezle bihurtzen da.

Jolasturiko ipuinak dira, eszenara eramandakoak, modu kolektiboan bizitakoak, berezko ezaugarri eta helburuekin. Helburu kolektiboa ipuin beraren amaierara iristea da. Ondorioz, lankidetza, elkarlana, inklusioa eta ikaskuntza kooperatiboa bermatuta daude. Talde osoak abenturan aurrera egin behar duelako, bat atzean uztea, talde osoaren porrota litzatekelako. Beste aldetik, trebetasun sozialak eta taldeko partaidetza garatzen dira, alde batetik helburuak lortzeko elkar laguntzen direlako eta beste aldetik ipuinak sortzen duen inplikazio eta motibazio mailak ikasle guztien arreta modu naturalean erakartzen duelako. Ikasleek erronkak eta jolas kooperatiboak modu egokian egiteko, denen artean adostutako estrategiak,ideiak eta proposamenak probatzen dituzte. Gu adi mantentzen gara bakarrik behar dutenean esku-hartzeko.

Kiroldegia bidaiatzeko makina izanik, haurren irriak, ideiak eta ametsak urrutira iristeko beharrezkoa dugun erregaia izanda, irakasleok bidai zoragarri horren gida baino ez gara bihurtuko.