- Nafarroan sortutako beilatoki bakarra izanik, lurraldeari eta sustraiei lotuta egotea da bere oinarri nagusietako bat. Horrexegatik, Mikel Idoatek azaldu bezala, ez zuten dudarik izan hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen ariketa erraldoiean parte hartzea erabakitzeko unean. Nafarroa osoan zehar sakabanatuta dauden hamar egoitzak, hartara, euskaraz aritzeko espazio bilakatuko dira.

Zer dela eta eman zenuten Arigune bezala Euskaraldian parte hartzeko urratsa?

-Hasieratik parte hartu izan dugu Euskaraldian, banaka bada ere. Horregatik, Arigune bezala aritzeko aukera sortu zenean argi ikusi genuen. Izarra Nafarroako beilatoki bakarra da eta sortu zenetik gure-tzat oso garrantzitsua izan da lurraldeari, Nafarroari, errotuak egotea: hemengoak gara eta hemengo enpresa eta hornitzaileekin lan egiten dugu. Euskara ere gure nortasunean dago eta iruditzen zaigu edonork bere senidea euskaraz agurtu nahi izanez gero, guk aukera hori eman behar diogula. Azkenean, gure lurraldeari errotua egoteak hori esan nahi du guretzat. Errotasun horretan eta aniztasun horretan ere euskarak, noski, badu bere tokia, toki garrantzitsua gainera.

Euskaraldiak iraungo duen 15 egun horietara begira, zein helburu ezarri dituzue?

-Helburu zehatzik ez ditugu jarri. Langile guztiak elebidunak gara Izarran, batzuk hizkuntza gehiago ere badakizkite baina gutxienez elebidunak bagara. Gure artean euskara beti egon da presente, dokumentu guztiak ere gazteleraz zein euskaraz eskaintzen ditugu betidanik, eta xehetasun guzti horiek asko zaindu ditugu hasieratik. Gure funtziona-tzeko moduan hori ez da aldatuko. Bi aste hauetan gehiago saiatuko gara, hori bai, gure artean euskara hutsean aritzen, baina egunerokotasunean normalizatuta daukagun zerbait bada.

Izarra Nafarroako hainbat herri eta hiritan sakabanatzen da: Iruñan, Txantrean, Altsasun, Etxarri Aranazen, Lizarran, Allon, Arronizen, Elizondon, Donezteben eta Beran. Horietatik zenbat bilakatuko dira Arigune?

-Hamar beilatoki ditugu eta guztiak izango dira Arigune. Guzti horietan, euskaraz aritu nahi duenak hala egin ahal izango du, noski. Gure lana zerbitzu funerarioa ematea da, eta bakoitzak momentu berezi hori nahi duen hizkuntzan bizi ahal izatea oinarrizkoa irudi-tzen zaigu. Aukera hori bermatzea oinarrizkoa da, guk beti defendatu dugun pluralismo horrengatik, izan ideologikoki, izan erlijioa bizitzeko moduan. Aniztasuna defendatzen dugu.

Izarra bezalako enpresa batek Euskaraldian parte hartzea garrantzitsua izan daiteke, eredu izatearen aldetik?

-Gure nortasuna euskalduna da eta hori defendatu behar dugu. Toki askotan, akaso hurrengo Euskaraldietan edo bestelako ekitaldietan, gurea bezalako enpresa batek parte hartzen duela ikusteak animatu ditzake besteak ere parte hartzera. Hori ere garrantzitsua dela uste dut. Aukera bat da, eta hala den neurrian defendatu beharra dugu.