- Nerea Urbizu musikaria Ene Kantak saio arrakastatsuko aurpegietako bat da. Musikaria eta irakaslea, aski ongi ezagutzen du haur eta gazteen artean dagoen euskararekiko jarrera eta jokamoldea. Txikienen artean eragiteko, alta, argi dauka helduek direla "txipa" aldatu behar dutenak lehenik eta behin. 2018an bezala, aurten ere ez du zalantzarik izan Euskaraldian Ahobizi bezala parte hartzerakoan.

Euskaraldiaren edizio berri honetan Belarriprest edo Ahobizi bezala eman duzu izena? Zer dela eta aukeratu duzu rol hori?

-Ahobizi izango naiz. Nire egunerokoan erabiltzen dut, era naturalean, nire ama hizkuntza da eta ideiak eta ni neu adierazteko maite dudan mintzaera da. Zer aukeratuko nuen ba? Niri ez dit inongo ahaleginik eskatzen Ahobizi izateak...

Zergatik erabaki duzu aurten parte hartzea?

-Ezin zen beste modu batera izan. Euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz, eta hala jarraitu nahi dut. Nire euskal komunitatea handitu badaiteke, ongietorria izango da. Ahobizi izanik nire sarea handitu badezaket, argi geratuko da mereziko duela. Euskararen aldeko aletxoa jartzea da Euskaraldian parte hartzea.

2018an ospatutako Euskaraldian parte hartu al zenuen, ezta? Zer moduzko esperientzia izan zen?

-Bai, parte hartu nuen. Herri txiki batean bizi naiz, eta hemengook badakigu zein hizkuntza ohitura ditugun denok. Baina, normalean gazteleraz komunikatzen ohi zaren pertsona horri Belarriprest txapa ikusten badiozu, "pista" ematen dizu: badakizu euskaraz entzun nahi duela eta ez dela deseroso sentituko. Hori sekulakoa da!

Euskaraldiak zerbait erakutsi bazuen lehenengo ariketa hartan, hizkuntza ohiturak aldatzerakoan gure ingurua ere aldatzen dela da. Batek baino gehiagok ezustekoak ere hartuko zituen, bere inguruan euskaraz uste baino errazago aritu daitekeela frogatzerakoan. An-tzeko esperientziarik izan zenuen aurreko Euskaraldian?

-Batez ere herritik kanpo hartu nituen ezustekoak. Uste baino txapa gehiago ikusi nituen eta horrek, pozaz gain, segurtasun moduko bat ematen dizu. Askotan, dendatan lehen hitza euskaraz egiten duzunean eta gazteleraz erantzuten dizutenean, espero duzu (bueno, egia esan batzuetan ez). Baina txapa jarrita dutenekin nolabaiteko konplizitatea sortzen da, sentsazio polita da.

Zure lanagatik hurbiletik ikusten duzu txikienen egunerokoa. Euskaraldiak euren eguneroko horretan ere eragina izango duela uste duzu? Beharrezkoa da, alde horretatik?

-Ikastetxeetan iazko ikasturtean zehar ikusi genuen euren euskara maila eta erabilera, tamalez, baxu xamarra zela orokorrean. Lehenik helduok aldatu behar dugu txipa, etxetik hasi behar da: hori haurrek ikusiko dute eta beraiengan eragina izango du. Euskara komunikatzeko tresna dela ikusi behar dute. Beraz, aldatu txipa eta jarri txapa [kar-kar]. Ikastetxeetan ere Euskaraldia sustatzen dute, eskertzekoa da beraien lana. Gaur-gaurkoz euskararen alde egiten den edozein egitasmo da beharrezkoa.

Alor publikoan mugitzen zaretenek horrelako ekimen batean parte hartzea zein puntutaraino da garrantzitsua?

-Jendaurrean zaudenean eredugarri izan behar duzu. Zer da guk, Ene Kantak bezala, trasmititu nahi duguna? Nola? Euskara, abestiekin, dan-tzekin eta haurrekin. Hitzak eta ekintzak gehiago zaindu eta neurtu behar dituzu, entzulearentzat esaten duzuna gustukoa izan edo ez. Baina Ene Kantakek euskara maite du eta euskaragatik jaio zen. Ene kantak Ahobizi da eta Belarriprest-ak lagundu nahi ditu. Euskaraldiarekin euskarak etxe gehiagotan tokia izatea lortzen badugu, gaitz erdi!

Helburu zehatzik jarri dizkiozu zeure buruari Euskaraldirako?

-Lantokian bi Belarriprest ditugu, eta egunerokoan euskaraz hitz egiten diet. Baina gai mamitsuak ditugunean gazteleraz azaltzen dizkiet. Hori aldatu nahi nuke: denbora hartu eta euskaraz adierazi. Polikiago eta denbora gehiagorekin. Merezi dute.