rain dela bi ikasturte Euskaraldiaren kanpainak gure ikastetxean izan zuen eragin positiboa ikusita, aurten berriz ere Euskaraldiarekin bat egitea erabaki genuen. Ahobizi biziak izan gaitezkelako, gure ikastetxeko patioa benetazko Arigunea izatea nahi izan genuen hizkuntza ohituretan eragiteko helburua izan duen ariketa erraldoi honetan. Jakin badakigu atsedenaldia gure ikasleentzat momentu ludiko garrantzitsu bat dela, eta horregatik euskararen erabilera tarte atsegin horrekin lotzea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Euskaraldiak iraun duen bitartean, ikastetxe osoan kanpaina berezia abian jarri dugu eta patioan ere euskararen erabilera inoiz baino aktiboago egotea lortu dugu!

Bi aste horietan zehar, ikastetxeko sarrera eta irteera orduetan patioko megafoniatik Euskaraldiaren edizio ezberdinetako abestiak en-tzun izan ziren. Modu honetan azaroaren 20tik abenduaren 4a bitartean Euskaraldia bertan zegoela modu alai batean gogoan izan genuen.

Euskaraldiari amaiera emateko Euskararen Eguna ospatu genuen. Aurten, Covid-19ak sortutako egoera dela eta, ezin izan genuen denok elkarrekin festa egin baina eskolako Hizkuntza Taldeak egun horretarako hainbat ekintza antolatu zituen: Haur Hezkuntzako ikasleak Altxorraren Bila eta Lehen Hezkuntzako ikasleak Ihesgela jolasetan aritu ziren. Egun horretan ere, eskolako ikasle, irakasle eta langileen artean grabatu genuen Euskaraldiaren bideoaren estrenaldia ospatu zen. Talde bakoitzak, momentu berean bere ikasgeletako arbela digitaletan ikusi ahal izan zuen bideoa.

Patxi Larrainzar ikastetxeko Hezkuntza komunitateak, hurrengo edizioetan ere Euskaraldiarekin bat egitera animatu nahi zaituztegu, denon artean euskararen normalizazioan aurrerapauso gehiago eman ditzagun. Horretan gaude gure ikastetxean ere.

Eta bukatzeko, gogoratu... gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan Ahobizi izan!