zken hilabete hauetan, Andra Mari Ikastolan, asko hausnartu dugu nerabeen, jarduera fisikoaren eta elikaduraren inguruan. Izan ere, oso erraz botatzen dugu batzuetan nerabeek ez dutela fundamenturik, edo txoriak besterik ez dituztela buruan, edo beraiengan bakarrik pentsatzen dutela, edo beste hainbat topiko. Baina guztiok dakigu, gerora jakin dugu, zer den nerabe izatea. Batzuei konturatu gabe pasako zaie, besteei maldatsua egingo zaie, baina zalantzarik gabe guztiongan aldaketa handiak sortzen dituen garaia izan ohi da. Aldaketa batzuk onak izango dira, baina bi alorretan ematen diren aldaketak gehientsuenean ez dira onak izaten. Jarduera fisikoa da bat, elikadura da bestea.

Maiz gertatzen da nerabezaroan neska-mutilek (zoritxarrez neskek proportzio handiagoan) ordura arte praktikatu izan duten kirola egiteari uzten diotela. Lagunartea dela, interesak aldatzen direla, ikasketek eta kirol errendimenduak berak denbora gehiago eskatzen dutela, lehia handitzen dela, aldaketa fisikoak direla, nesken kasuan eliteko kirolari erreferente gutxiago dituztela… Arrazoia edozein dela ere, askok jarduera fisikoa utzi egiten dute. Sarritan entzuten dugu aktibo mantentzea oso garrantzitsua dela osasunerako baina gehienetan adin handiagoko pertsonengan jartzen da arreta, gazteengan osasuna berezko gauza balitz bezala. Hainbeste dira, ordea, jarduera fisikoak nerabeengan sor ditzakeen onurak, ezin diogula inola ere garran-tzirik kendu. Hiru mailatan bana genitzake onura hauek:

- Maila fisiologikoa: Giharduraren garapen egokia eta hezurren mineralizazio altuagoa eragiten du, gainera aparatu kardiobaskularra zein arnas aparatua ere hobetzen ditu. Honela, obesitatea, kardiopatiak, osteoporosia eta hain ezagunak diren beste zenbait osasun arazori aurre egiten laguntzen du. Honetaz gain oinarrizko gaitasun fisiko eta motorrak landu eta garatzeko ezinbestekoa da jarduera fisikoa, hauen garapen faltak ekar diezazkigukeen gabeziak handiak izanik.

- Maila psikologikoa: Nerabezaroan batez ere oso alderdi garrantzitsua da eta beti ere ongi bideraturiko kirol edo jarduera fisikoak gazteari autoestimua eta aldartea hobetzen, bere gorputzaren irudi errealagoa izaten eta ondorioz antsietatea, depresioa eta estresa murrizten lagunduko dio. Kontuan hartu behar da garai honetan ematen diren aldaketek sortu di-tzaketen nahasmenduak saihesteko bide ezin hobea ere izan litekeela.

- Maila soziala: Integrazio soziala eta aldi berean autonomia bultzatzen ditu, toxikoak izan daitezkeen harremanetatik ihes egin eta berriak sor-tzeko aukerak ematen ditu, kooperazioan eta talde lanean trebatzen laguntzen du, etab.

Nerabezaroan elikadurari ere bizi-tzako beste etapa batzuetan baino garrantzia txikiagoa eman ohi zaio. Nerabeak bere independentzia apur hori lortzen duen heinean elikadura ere, edo honen zati bat behintzat, bere esku gelditzen da neurri batean eta fast food delakoak, litxarreriek, edari azukredunek eta antzerako produktuek leku handiagoa hartzen dute bere kontsumo ohituretan.

Jarduera fisikoak bezala, elikadura osasuntsu batek izugarrizko garrantzia dauka adin tarte honetan, izan ere hazkuntza prozesu betean daude eta inoiz baino hobe jan beharko lukete. Horretarako argi dago txikitatik elikadura ohitura osasungarriak barneratzeak berebiziko garrantzia duela eta kontzeptu ba-tzuk ongi ulertzea ere komenigarria dela, adibidez, denetik jatearen ideia. Denetik jateak ez du esan nahi noizean behin Coca-Cola bat edatea edo Donuts bat jatea ona denik, alderan-tziz, argi eduki behar dugu hauek kaltegarriak direla osasunerako, beste kontu bat da kontsumo maiztasunaren arabera kalte onargarriak diren bakoitzarentzat ala ez.

Bestalde, publizitateak eta interes komertzialek sortu eta muineraino sartu dizkiguten elikadura ohiturak ezbaian jartzea ezinbestekoa da zenbait kasutan. yogurt azukredunak, goizeko Nesquika, zerealak, gailetak, ogi zuria, zukuak… zenbat eta zenbat elikagai saldu dizkigute osasungarriak balira bezala gure eguneroko bizitzan barneratzera iristeraino? Gure dietan beharrezkoak direla uste dugun zenbat elikagai ote dira benetan kaltegarriak? Ziurrenik guk uste baino gehiago. Hau dena nerabeek argi eduki beharko lukete bi arrazoiengatik: lehenengo bere osasunagatik; eta bigarren, publizitatearen aurrean iritzi kritiko bat sortu eta hain zaurgarriak izan ez daitezen.

Ukaezina da jarduera fisiko eta elikadura ohitura osasungarriak mantentzeak hain garai gorabeheratsuari aurre egin ahal izateko duten garrantzia, are gehiago etorkizunari begira jartzen bagara, izan ere nerabezaroa ahalduntze garaia da, umea heldu bilakatuko den bizitzako etapa, momentu ezin hobea osasunerako hain funtsezkoak diren bi zutabe hauei oinarri sendoak ezartzeko.