kasturte berezi samarrean murgildu ginen irailean eta, esan beharrik ez dago, oraindik ere bereziago zen batetik gentozela. Pandemiak ekarritako protokoloek eta bestelako zeregin berriek gure lanaren toki handia hartu duten arren, zorionez, tartea egin nahi izan diogu ere hezkun-tza proiektuaren gaineko hausnarketari.

Aldaketa garaian bete-betean sartuta gaudela ukaezina da hezkun-tzaren munduan eraldaketa sakonak emango direla. Askoren ustez hamarkada honetan emango dira. Izan ere, azken urteotan, eta ikastolak horretan aitzindariak izan dira, hamaika ekimen burutu dira maila pedagogikoan aurrera-pausoak emateko. Pauso horiek gainera, garrantzitsuak eta sakonak izan dira, baina beharbada, Xabier Aragayk dioen moduan, bada garaia gauzak “nola” egin behar ditugun pentsatzetik, “zer” egin nahi dugun pentsatzera jauzi egiteko. Izan ere, XX. mendea metodologietan pentsatzen eman dugu, baina, askotan, XIX. mendean sortutako eskola eredua bera zalantzan jarri gabe.

Hausnarketa horretan murgilduta, San Fermin Ikastolako hainbat kide, Reimagine Education Lab Kataluniako hezkuntza kontsultorarekin lanean hasi zen iazko ikasturtean, Euskal Herriko beste sei ikastolekin batera.

Funtsean, prozesu eraldatzaile sakon bat eraman nahi da aurrera, etorkizuneko munduan planteatuko zaizkigun erronkei erantzungo diona.

Horretarako, ariketa sinple bezain argigarria egin dugu ikastolan hasieratik. Pentsa dezagun datorren ikasturtean ikastolan hasiko den 3 urteko ikasle batengan. 2037rako ikastolatik alde egingo luke eta dena ongi badoa, 2045ean sartuko litzateke helduen eta lan profesionalaren munduan. Bada, hori da gure buruari egin nahi diogun lehenengo galdera: Zer beharko du ikasle horrek ordurako? Egungo hezkuntza sistemak eskaintzen diona, aski izango da? Matematiketan, hizkuntzetan, zientzietan edukiak eta trebeziak eskuratzearekin aski izango du?

Etorkizuna zehatz-mehatz nolakoa izango den jakitea ez da erraza, inork ez du bola magikorik, baina egungo egoera ikusita, aurreikusi daitezken zenbait ezaugarri izenda ditzakegu. San Fermin Ikastolak hausnarketa prozesu honetarako martxan jarritako hainbat eztabaida taldetan horietako asko behin eta berriz nabarmendu dira: mundu ezengokor batera goaz, non malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna ezinbestekoak izango diren aurrera egiteko; mundu hori ani-tza izango da; taldean lan egiteko gaitasunak garatzearen garrantzia ere aurreikusi daiteke; eta, batez ere, ziurtagabetasunean bitzitzera ohitu beharko dugu, pandemia honek oso ongi erakutsi digun bezala.

Iaz, zuzendaritza taldeko kideak, zenbait irakaslek eta orientazio arloko hainbat profesionalek parte hartu zuten Reimagine Education Labek antolatutako formakuntza saioetan eta aurten ikastola osoa murgilduko da eraldaketa prozesu honetan.

Hain zuzen parte hartze zabal hori bermatu nahi delako (familiak, gurasoak, profesionalak…) eta, batez ere, aldaketa sakonak bilatu nahi dituen prozesua delako, aurtengo ikasturtean egitasmoa bera ezagutzera ematen eta etorkizunean nahiko genukeen ikastola amesten eta irudikatzen igaro nahi dugu. Izan ere, sekulako ohitura dugu gauzak pentsatzen hasi orduko, berehalakoan horiek nola burutu behar diren pentsatzen hasteko. Guk ordea, denbora luzea eman nahi diogu “zer” hori pentsatzeari. Alegia, zer nolako ikastola nahi dugun hausnartzeari.

Horretarako, eztabaida eta lan talde desberdinak sortuko ditugu, ikasle, profesional eta familiekin, ausardiaz eta batez ere, irudimienarekin, gaur egun egiten dugun jarduna ongi aztertu eta zerekin gelditu nahi dugun eta zer aldatu nahi dugun denon artean adosteko. Posible ote da, jaiotze urtea kontuan hartu gabe, beste era batetako taldekatzeak sortzea? Gure ordutegien araberako ikasgaien eta edukien antolaketa egokia da? Edukia konpartimentatua ematen jarraitu behar dugu? Azterketak egin behar dira beti? Adibide gisa balio dezaketen galderak dira, inertziaz egiten ditugun hainbat gauza aztertu eta gure hausnarketari bide emateko.