0. urteurrena ospatzen ari garen honetan, lehenengo promozioetako ikasleak izan ziren eta gaur egun bertako guraso diren Nekane Nielfa, Virginia López, Gorka Hurtado eta Ujue Goñirekin hitz egin dugu. Beraien esperientzia eta bizipenetaz galdetu diegu.

Hasteko, zergatik erabaki ote zuten euren gurasoek ikastolan matrikulatzea? Nielfaren kasuan, haren ama euskalduna zelako izan zen. "Hasiera batean, ikastola etxetik hurbil zegoelako", azaltzen du, aldiz, Lópezek. "Nire ama Andaluziakoa da, baina irakaskuntza eredua gustatu zitzaion eta beste hizkuntza berria ikasten genuelako". Senitarteko euskaldunak zituen, halaber, Hurtadok ere: "Nire amaren aldeko aitonak euskera eta bere inguruan zegoen guztia maite zuen eta amatxori berdina gertatzen zitzaion, aita ere ados zegoen eta ez zuten asko pentsatu ni ikastolara bidaltzeko". Goñiren kasuan, "hizkuntza eta kultura ikasteko eskola onena" zela erabaki zuten haren gurasoek.

Arrazoi bera jarraituz, beraiek ere seme-alabak ikastolan matrikulatu dituzte orain, euskara ikasteko eta hezkuntza ereduarekin bat datozelako. "Ikastolara bueltatu nintzenean asko gustatu zitzaidan ikusi nuen guztia", gehitu du Lópezek. Hurtado ere ados dago horrekin: "Nik oso oroimen politak ditut ikastolan bizitako momentuetaz eta seme-alabek berdinak edo hobeak bizitzea gustatuko litzaidake".

Metodologia oso ona iruditzen zaie lauei. Goñiren iritziz, "asko aldatu da" berak bertan ikasi zuenetik, "pena bat da batzuetan hezkuntza politizatu egiten dela eta ez zen horrela izan beharko". Nielfari "oso baliagarria" suertatu zaio txikitan bertan ikasitakoa, gainerako hiruei bezala. "Oso gutxi ginen gelan, 8 bakarrik. Egin genituen harremanak, gure ezberdintasunekin, oso garrantzitsuak izan dira nire bizitzarako", zehaztu du Lópezek. Goñik ere bat egiten du horrekin: "Esan behar dut nire seme-alabekin erabili ditudala gauza asko. Beraiekin etxeko lanak egiten nituen eta gaur egun euskeraz hitz egiten jarraitzen dugu".

Lau gurasoek oroitzapen onak gordetzen dituzte ikastolan bizitako esperientziatik. "Gauza asko azpimarratuko nituzke", dio Lópezek. "Irakaskun-tza ezberdina zen. Nire lehenengo andereñoak Matxalen zuen izena. Berak erakutsi zigun, adibidez, sorginak onak zirela eta bere lagunak zirela. Horrek txikia zarenean laguntzen zaitu beldurrik gabe bizi-tzen eta hazten. Oso garrantzitsua iruditzen zait hau". Tafallan ikastola sortu zenetik askoz euskara gehiago entzuten dela ere dio Hurtadok.

Ikaselak zireneko garaietan, irakasleekiko harremana oso hurbila omen zen, "familia txiki bat bezala", Nielfak erran bezala. "Gehienetan gauzak hitz egiten genituen eta irakasleek entzuten gintuzten (haiek ez zuten beti arrazoia). Entzuteko gaitasun horrek segurtasuna ematen dizu eta oso garrantzitsua iruditzen zait", zehaztu du Lópezek. Gogoan dauka orduko "laguntasuna eta maitasuna" Goñik ere: "Oraindik kalean irakasle batekin elkartzen naizenean, poz handia ematen dit".

Baina zeintzuk dira guraso hauek gordentzen dituzten oroitzapen kuttunenak? Nielfak argi dauka: "Orioko eta Biguezaleko kanpaldiak, Matxalenen etxeko eta Makirriain herriko egonaldiak, Urbasan egiten zen kurtso bukaerako bazkaria...". Lópezentzat, ordea, bere irakaslearen papera ezinbestekoa izan zen: "Matxalenek emandako maitasuna nire bihotzean daramat. Uste dut berak jarritako hazia oso baliogarria izan zela gure heziketa osasuntsua izateko". Hurtado eta Goñirentzat, "gelako giroa" da gordentzen duten oroitzapenik biziena: "Eskulanak geneuzkanean, arropa zikina, aurpegia eta eskuak margotua atera-tzen ginenean, nire amak jartzen zuen poz aurpegia...".

Zerbaitetan ados badaude, alta, ikastolaren hezkuntza eredua gomendatzean da. "Urko, nire semea ikastolan oso pozik dago. Ez pentsatu gehiago, ikastola aukeratu!", dio Lópezek. "Ikastola ez da beste eskolak bezalakoa, familiak parte bat dira eta denon artean aurrera ateratzen dugu", azpimarratu du Hurtadok. Goñik ere argi dauka: "Euskaraz jakin gabe ere, beldurrik ez izan, ikastolan beti laguntza eskaintzen da, eta seme-alabek gure hizkuntza eta kultura ikasiko dute".