- Guztiok dakigu haurrak etorkizuna direla, eta horregatik, hezkuntza orokor ona ematea garrantzitsua den bezala, ohitura osasungarriak oso garrantzitsuak dira. Jaso Ikastolan arduratzen gaitu gure ikasleek bizitza osasuntsua, aktiboa, elikadura ona eta ariketa fisikoa izateak. Haur Hezkuntzatik hasita, txikitatik ari gara tresnak ematen ohitura osasungarriak har ditzaten. Zorionez, elikadurari dagokionez, abantaila dugu. Gure jantokian, gure otorduak prestatzen ditugu eta bertan egindako janaria hiru irizpide hauekin osatzen dugu: osasuntsua, jasangarria eta bertakoa izatea.

Ikasturte honetan menu berriak eta irizpide berriak ezartzen ari gara, nahiz eta aspalditik ikastolan bertan egindako janaria izan dugu. Menu berri horiek ezar-tzeko, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Ekoaldek lagundu dute, kolektibitateetarako elikagai ekologikoak banatzeko zentro logistiko gisa.

Ikastolako menuek, osasun-agintariek nutrizio-irizpideei buruz emandako gomendioei jarraitzen diete, eta garaian garaiko elikagaiak, freskoak, tokikoak eta ekologikoak, sartzen dituzte.

Ikastolan beraz, elikadura osasuntsua umearen ongizaterako ardatz gisa ulertzeko apustua egin dugu, elikadura osasungarri, iraunkor eta ekologikoan murgilduta.

Jaso Ikastolako jantokiak bi funtzio betetzen ditu: gure ikasleentzako nutrizio egokia bermatzea eta ohitura osasun-tsuetan heztea. Nutrizioa, umeen garapenerako ezinbestekoa baita eta heziketa, bertan jasotzen baitituzte elikadura osasuntsuaren inguruko jarraibide egokiak. Ikasleen harremanetarako eta bizikidetzarako espazioa ere bada gure jantokia.

Ikastolan bertan gure sukaldea eta lan taldea izateak hori guztia lortzea errazten digu. Menuak gure ikasleen beharretara egokitzen ditugu eta gainera, gure sukalde eta jantokiko taldea izateak familiekin harreman zuzena izatea bermatzen digu. Izan ere, bai egunean bertan sortutako edozein beharrei (eguneko dieta bereziak) baita osasun aldetik beharrezkoak diren dieta berezi eta intolerantziarekin lotutakoei erantzuten diogu .

Gure menuak Cristina Zudaire dietista-nutrizionistak egiten dizkigu. Menuetan kontuan hartzen dira adin bakoitzeko beharrak baita, esan bezala, ume bakoitzak behar dituen dieta eta menu bereziak. Argi dago sukaldean ere aniztasunaren trataera dela gure baloreetako bat. Menuaren aldaketa praktikoak osasun-agintariek ezarritako jarraibideetan oinarritzen dira, eta, laburbilduz, hauek dira: frijituak kentzea, animalia-proteinak murriztea eta barazkien eta fruten kontsumoa sustatzea.

Gainera, ikastolaren kontsumo politika kontuan harturik, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzen ditugu lehentasunez eta ahal den neurrian, noski. Amai-tzeko, gure sukaldean sortzen ditugun soberakin guztiak birziklatzen ditugu eta organikoa, guk konpostatzen dugu.