DAB dantza konpainiak ikuskizun berria estreinatu zuen pasa den urriaren 5ean, Gazteszenan: Azala. Honetan, Miren Lizeaga, Maialen Alberro, Oier Abrego, Iker Sanz eta Marina Eskisabel dira dantzariak, eta Lucía Arbonés biolontxelo-jo-tzailearekin batera igo dira oholtzara. Iker Sanz eta Marina Eskisabel dantzariak ez ezik, DAB konpainiako zuzendariak ere badira. Siglek adierazi bezala, dantza, artea eta bitarketaritza uztartzen ditu DAB konpainiak. Azala ikuskizunaren bitartez, oholtzara eraman dute aspaldi buruan bueltaka izan duten galdera bat: “Etorkizun hobe baterantz goaz ala erabaki txarren ziklo batean gaude harrapatuta?”. Helburua ez zela erantzunak aurkitzea diote bi zuzendariek, eta hausnarketarako dantza-ikuskizuna sortu dute, kide bakoitzari galdera horren inguruan gogoetatzeko aukera emanez.
Badago aukerarik dantzaren bidez galderei erantzun bat emateko?
Iker Sanz: Guk esaten dugu ikuskizunean galderari erantzun bat ematea bainoago, hausnarketa bat egiten dugula; eta publikoari eskaintzen diogu dantzaren bidez. Oso iritzi ezberdinak dauzkagu sortzeko garaian eta ez dago eran-tzun zehatz bat. Ikuspuntu ezberdinak daude.
Eta ‘Azala’ konpainian, zein hausnarketa esploratzen dira?
Marina Eskisabel: Emanaldiaren oinarria galdera bat da, ea garapen bat bizi ari garen edo akats berdinen ziklo errepikakor batean gauden harrapatuta. Galdera pertsonala da, bakoitzak ze garapen bizi izan duen orain arte, beraz, ikuspegi ezberdinak daude, bakoitza munduko puntu ezberdinetatik egiten duelako, adibidez. Nahiz eta garai berdinean bizi garen, bakoitza garapen ezberdin bat bizi ari da. Suposatzen da denok aurrera egiten gaudela, baina ezberdintasunak nabarmenak dira. Galdera zabala denez, pieza ere oso irekia da, bakoitzak ikusi ahal izateko eta horretatik nahi duena hartzeko.
Urriaren 5eko estreinaldia baino lehen, entsegu irekia egin zenuten. Nolakoa izan da emanaldiaren sor-tze-prozesua?
M.E.: Gure buruan duela urte bat jaio zen proiektu hau. Urtarrila aldera talde guztia lotuta genuela hasi ginen lanean. Hasieran, Hodei Arrastoa dramaturgoarekin hitz egiten, eta buruan genuen ideia zabal hori pixka bat zehazten. Ondoren, bi hilabetez egon gara dantzariekin estudioan, koreografia sortzen. Sorte prozesu sakona izan dugu, bi erresidentzia tekniko egin ahal izan ditugulako. Bi astez egon gara antzoki batean; eta, azken batean, antzokiko obra bat sortzeko hori oso lagungarria da: antzokian bertan ikustea, frogatzea… garrantzitsua da. Estudioan zuk imajinatu behar dituzu elementuak, baina antzokian egonda, ikusi ahal dituzu.
Bost zarete taldean. Bakoitzaren bidea norberaren mugimenduan ikusten da?
I.S.: Bai. Gizartearen eta azalaren arteko konparazioa egin nahi genuen, guk azalean ikusi ahal dugulako ze bizitza izan dugun, adibidez, gure orbainetan. Gizartean berdina gertatzen da, ikus dezakegu nola sufritu duen gizarteak, ze bizipen izan dituen gizarte batek edo ze gizarte mota den. Gure ikuskizunean dantzariekin berdina gertatzen da. Bakoitzak ibilbide bat izan du eta horrek pieza oso aberasgarria egin du.
Izenak iradokitzen duen bezala, azalak garrantzia hartzen du oholtza gainean. Zelan ikustarazi duzue dantzaren hizkuntza propioan?
I.S.: Emanaldiaren hasieran, jaio-tza bat irudikatzen dugu, eta jan-tzitegiari dagokionez azala irudikatzeko abiapuntua izan da. Bakoitzak ezaugarri bat du: Mirenen ezaugarria zimurrak dira, Maialenena zainak, Oierrena bitiligoa… horrek bakoitzari norbanako izatearen forma ematen digu, kolektiboa izateari utzi gabe.
M.E.: Denok tonalitate berdineko jantziak daramatzagu, eta horrek, nahiz eta jantzi bakoitza ezberdina izan, familia bereko kideak garela iradokitzen du. Sortzerakoan ere, azala izan genuen abiapuntu, umetokitik hasi ginelako, hortik hasten delako bizitza, eta lehenengo garapena hortik hasten delako, hor hazten garenetik jaio arte. Lehenengo zatia sortzeko, horretan pentsatu genuen
Bost dantzari eta biolontxelo jotzaile bat igo zarete oholtzara. Ba al dago beste elementurik?
I.S.: Hor dago sorpresatxo bat. Emanaldiaren momentu hunkigarrienetariko bat da. Amona erraldoi bat agertzen da ikuskizunean, bi metro eta erdikoa. Joanesek kareta egin, eta gorputza tonu metalikoetan da. Amona futurista da, eta hasierako galdera hori planteatzen digu. Hasieran ere kutxa modura gelditzen den tul bat erortzen da aurreraka eta atzeraka, ikusleari dantzarietan zentratzeko efektua eskaintzen diona. Oholtzan ere oihal zuri bat dago, argiei esker presentzia hartzen duena.
Hemendik aurrera, zein bide izango du emanaldiak?
I.S.: Apirilean, Hendaian egongo gara, baina ezin dugu oraindik eguna zehaztu. Hala ere, seguru gehiago egongo direla, bai Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere. Konfiantza daukagu ikuskizun honekin, aurrekoekin bezala, emanaldi dezente egin ahalko ditugula uste dugu.