Gezur hezurretik

Hurrengo geltokia

18.04.2021 | 00:55
Hurrengo geltokia

Gehienei gehiegi inportako ez zaizkizuen hainbat arrazoi medio, aurreko batean trenez Hendaiara iritsi nintzen. Hegoaldetik. Lege aldetik dena zuzen. Bidaia horretan nire kezka nagusiak bi izan ziren, batetik bizikleta nola eraman inorri enbarazurik egin gabe, eta bestetik helmugan aurki nitzakeen jendarmeak. Ongi justifikatua nuen bidaia esan bezala eta paperak prest, baina poliziak oraindik nerbioso jartzen nauen horietakoa naiz, zer egingo diogu.

Iritsi bezala, tren horretan nik baina kezka handiagoa zuenik bazela konturatu nintzen. Bi mutil zeuden lehenengo bagoiean, atea zeharkatzera ausartu gabe. Afrikarrak ziren mutil horiek, beltzak, eta ezkutaketetan jolasten garenean bezala begiratzen zuten atetik kanpora, burua azkar sartu eta ateraz. Handik hamar bat metrora, trena iristearekin batera ere pauso makalez gerturatzen hasiak ziren jendarme parea, eskua gerrikoan, Clint Eastwoodek ekarriko lukeen an-tzeko ibilerarekin, baina lasto-bola eta erromantizismorik gabe. Nire buruari eragozten nion susmagarritasuna beste bidaiariekin batera joan zen, bizikleta eta tonto aurpegia atetik atera ziren bezala. Begiratu ere ez ninduten egin, eta nik ordu erdia galdua nuen bezperan paper eta frogagiriak biltzen. Gaitzerdi.

Treneko bi mutiko haien zain zeuden, edo hobeki esanda, haien antza duen edonoren zain. Ez zituzten begiradak gurutzatu, baina bai batzuk eta bai besteak ez zuten bestea hor egoterik nahi. Iparralde eta hegoalde arteko mugetan hilabeteak daramatzaten kontrolek ere helburu bera dute, jatorri afrikarreko gazteak gelditzea. Terrorismo arriskua jarri zuten aitzakiatzat duela hilabete gutxi, eta koronabirusaren mehatxua ere erabiltzen dute beharraren arabera, baina funtsean migrazioari ataka jartzea dute helburu. Birusak, migrazioaren antzera, iparrerako bidea soilik egiten duela dirudi.

Oso gogorra da Afrikatik etorkizun bila etorritako jendea atzeman orduko furgoneta batean sartu eta mugaren hegoaldeko aldean uzte hori. Ez zarete nahikoa onak gure lurraldean sartzeko, alde hemendik, eta konpon daitezela beste aldekoak zuekin. Horixe da mezua. Hemen ez zaituztegu nahi. Gogorragoa dirudi Frantzia bezalako herrialde batean horrelakoak ikusi eta onarpenez irenstea, duen kolonialismo edo jomuga herrialde historiarekin, edo bere banlieu edo futbol hamaikakoekin. Elite politikoa zuria da ordea. Ikusiko dituzue abizen espainiar, italiar edo kataluniarrak elite horietan, baita poloniar edo hungariarrak ere, baina ez hainbeste afrikar jatorrikoak. Inguruko herrietatik jasotako jendeak aurrera egin izan ahal duela erakusten digu horrek, baina noski, migranteetan ere kategoriak daude, eta guri, zurioi, azalak ez digu aterik itxi oraino. Txokolatearen kontrako efektua sortzen du migrazioak, txuria hobesten baita.

Más información

noticias de noticiasdenavarra