adira urte batzuk Hegoalde ikastolan topa egin zutela batetik egonezina zuen irakasle taldeak eta prestu ziren familiek bestetik. Emaitza ezin hobea: Hegoalde Baratza. Berde gune eta zuhaitzez inguraturik, zortzi zapalda dauzka eta hauen bitartez ikasketa esanguratsuen bidea zabaltzen zaie ikasleei.

Hezkuntza komunitate osoaren baratzea izanik, guztiok hartzen dugu esku, natur elementuan ezagutza ezberdin ugari ahalbideratzea xede, baina oraingoan eta urteetan egin izan dugunari bira emanez, ikasleak bihurtu ditugu protagonista.

Presan, kontsumismoan eta janari lasterrean oinarritutako gizarte honetan, etenaldi bat egitearen alde egin dugu. Inflexio-puntu bat, gure ikasleek produktua, zero km-koa, ekologikoa, jasangarria, naturala... balioesteko; euren eskuz ereindakoa, euren ikaskideek zaindua eta euren eskutik dastatua.

Disziplinarteko proiektu inklusiboa dugu hau, ikastolako ikasle guztien parte hartzearen bitartez gauzaturikoa. Proiektuak kurtso bakoitzeko curriculum-aniztasuna jasota, ingurune natural honek, gure baratzak, eskain ditzakeen esperientzi orok egokitzen ditu garapen maila ezberdinei.

Baratzeko ohiko lanez gain, Hegoaldeko baratzea beste gradu batera eraman nahi dugu, ingurumen tailerretan garatuko diren hainbat jarduera sortuz. Honen adibide biziak honako hauek dira: txorimaloak sortu, txorientzako habiak egin eta zintzilikatu, sendabelarrekin egindako ukenduak, intsektu hotela gauzatu, klimogramaren kontrola eraman estazio meterologiko baten laguntzaz edota asteroko zabor organikoaren bilketa gure konpost propioa sortuz. Jarduera horietako bakoitzak gaitasun ezberdinak jorratzen ditu mailen arabera. Baina denek hartzen dute esku ikastola osoa bere baitan hartzen duen proiektu honetan.

Egoera honek ahalbidetzen duenean, beste aurrerapauso bat emateko izanen gara prest. "The kitchen ibiltaria" martxan abiatu nahi dugu: baratzean erein ta zaindu ondoren, bertatik jasotako produktu freskua ikasleek tokian bertan sukaldatzeko aukera emanen digun proiektua. Modu honetan "00km" produktu ekologikoaren dastapena egiteko aukera izanen lukete ikasleek. Batetik, eurek eginiko lan guztia balioesteko produktu freskuaren balorapena bultzatuz; bestetik, sukalde mundura hurbiltzeko eta honela jaki industrialetatik urruntzeko edota nutrizio osasungarri baten oinarrietaz kontzientzia hartzeko. Aitzakiak bide, hainbat kultur ezberdinetako familien eskutik beste errezeta ba-tzuk ezagutzeko aukera ere emanen digu, sukaldea gure gizartea bezain anitza delako.

Azkenik, gure ikasleek hainbat landare erein, eta horiek biltzeko zain egon diren moduan, heldu zaigu guri planetaren zaintza, nutrizioa eta ongizate pertsonalari atxikituriko belaunaldi berri honen garapena itxaroteko txanda ere.