- Oinak lurrean lelopean, Errigoraren kanpaina berria abian da jada, elikadura burujabetza, tokiko kontsumoa eta euskara uztartu eta sustatzen dituen ekimena. Martxoaren 30a bitarten Nafarroa Hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dira, atzo antolatzaileek ezagutzera eman bezala. “Euskaraz etiketatuak eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan”. Eskaerak Errigoraren webgunetik bertatik egin daitezke, eta bertan argitzen da ordainketa eta banaketa modua ere.

Xanti Kiroga Errigorako kideak argitu moduan, 2014an kanpaina lehenengo egin zenetik “gero eta gehiago dira kontsumitzeko erak aldatzeko hautua egin duten herritarrak eta, ondorioz, gero eta gehiago ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak, emeki baina pauso sendoz, tokiko elikadura-sistemen alde eginez”.

Iazko kanpainan, zehazki, 8.200 etxetara ailegatu eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu zituen errigorak. Ekimena, beraz, hazten doa urtez urte, betiere hasieratik sustraitutako filosofiatik aldendu gabe. “Hazi egin nahi dugu, bai, baina ez edonola”, azpimarratu du Kirogak. “Lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz hazi nahi dugu. Gorako eskaera horrek balio behar du gero eta handiagoa izan dadin bestelako ekoizpen-ereduen arabera lantzen den lur-eremuaren zatia, eta bestela bana dadin bere uzta. Balio behar du ekoizleen artean gero eta gehiago izan daitezen agroekologiaren printzipioen arabera aritzen direnak. Eta balio behar du euskarak nafar ekoizpenaren eremuan ere bide egin dezan”.

Kanpainaren arrakastak alderdi aunitzetan izan du isla: “Lur-eremu berriak jarri ditugu bestelako ereduen esku, merkatuaren logikan eta kanpora bidaltzen ziren produktuak Euskal Herrian eta bestelako ereduen kontsumitu daitezen lortu dugu, kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena gurean berreskuratzen lagundu dugu, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diogu eta euskarari olio-errota eta kontserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiogu”.

Kanpaina berriko eskain-tzaren parte den Bardea olioaren ekoizle Kiko Fernandezek, Errigorak ekoizle bezala pausu berriak emateko bultzada eskaintzen duela adierazi du. ekoizpen berriei ekiteko edo lur eremu berriak landa-tzeko apustua egitean ekoizleek izaten duten ziurgabetasuna arintzen laguntzen du, ekoitzitakoaren salmenta eta banaketa izaten baita sarritan apustu berriei muzin egiteko galga nagusia.

Bestalde, esan duenez, ekoizleei euskaraz kontsumitu nahi duen komunitate handi bat parez pare agertzean, euskararen posizionamendua aldatu egiten da eta balio praktikoa eransten zaio hizkuntzari. Horrela azaldu daiteke, bere aburuz, Errigorako ekoizle guztiek 2023rako enpresetan euskara-planak abiatzeko hartutako konpromisoa.

Mirian Otxotorena CPAEN-NNPEK-ren (Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua) lehendakariak, halaber, balioan jarri ditu Errigorak azken urteetan ekoizpen ekologikoa sustatzeko emandako pausuak. Esan duenez, CPAEN bidelagun izan du Errigorak hainbat produkturen kasuan ekoizle ekologikoak topatzeko eta elaboratzaileekin harremanetan jartzeko. Nekazari eta transforma-tzaileen artean eraikitako zubiak funtsezkoak direla azpimarratu du, izan ere, gehiegitan elkarri bizkarra emanda aritu dira eta elkar-ulertze hori ezinbestekoa da tokiko-elikadura sistemak garatzeko. Bertan ekoizten dena bertan kontsumitzeko bideak erraztea da, hain zuzen, Errigoraren balio nagusietakoa.

Azkenik, produktu ekologikoak kontsumitzeko deia egin die Otxotorenak herritarrei, agroekologiak elikadura-burujabetzara bidean eskaintzen dizkigun onurak azpimarratuz, bai ingurumenaren ikuspegitik, baina baita ikuspuntu sozialetik ere.

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina ezin liteke egin ehunka boluntarioren lanagatik ez balitz, Kirogak adierazi bezala. “Herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan nekaezinari esker, norbere herrian jaso baitaitzeke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko litzatekeen prezio berean”.