960-70eko hamarkadetan euskara subjektu politiko bezala defendatu zuen orduko belaunaldiak. Frankismoa aro ilun bat izan zen hizkuntzaren biziraupenerako eta bere defentsak militan-tzia, erresistentzia eta joera aktiboak eskatzen zituen, eta horren aldeko apustu argia egin zuten askok eta askok. Euskara, orduan, hautu bat zen. Garai hartan sortu zen, hain zuzen ere, Elhuyar: 1972 urtea zen, eta gazte talde batek euskara eta zientzia uztartzeko beharra ikusi zuen. Hala sortu zen gaur egun fundazio batean bilakatu den zientzia dibulgaziorako taldea.

Orain, urte hartatik 50 urte igaro direla, erakundea orainaldira begira jarri da: Nola aldatu da euskararen aldeko borroka? Nola bizi dute egungo gazteek euskararekin daukaten harremana? Zeintzuk dira euskararen biziraupenak hainbeste aldatu den jendarte-testuinguru batean dituen erronka nagusiak? Galdera horiei erantzun nahian edo, behin-tzat, haien inguruan hausnartze aldera, mahaiaren bueltan lau gazte bildu zituen ostegunean Elhuyarrek Iruñeko Katakrak aretoan: Amets Aranguren (Iruñea, 1998) musikaria, Begoña Garaikoetxea (Iruñea, 2001) ikaslea eta Gaztealdiko partaidea, Maitane Junguitu (Gasteiz, 1989) Game Erauntsiako kidea eta Unai Dufur (Iruñea, 1999) Osasunako futbol jokalaria. Lauak edo lauak euskaldunak eta euren egunerokoan euskaraz bizitzen diren pertsonak, atzoko saioan argi gelditu zen, halaber, hizkuntzarekin bizitzeko eta elkarbizitzeko modu anitzak badaudela, zilegiak oro, baina badutela puntu komun bat: euskaraz eroso aritzeko espazioak egotea erabakigarria dela hizkuntza normaltasunez erabiltzeko.

Euskara hizkuntza tresna nagusitzat duten hezkuntza ereduetan ikasteak, azken urteetan egin diren hainbat ikerketek aditzera ematen duten bezala, ez du hizkuntza gaitasuna bermatzen, ezta euskara eguneroko bizitzako beste arloetara eramatea errazten ere. Horixe da Dufurren kasua, erraterako. Futbol jokalariak argitu zuenez, ikasketak euskaraz egin arren lagun taldean gazteleraz aritzea zuen ohitura: eskolatik kanpo ez zuen euskaraz hitz egiten, beraz. "Unibertsitateko ikasketak aukeratu behar nituenean ere, hasieran, gazteleraz egitea pentsatu nuen, euskaraz ikasteak gerora mugatuko zidala uste nuelako". Hala ere, azkenean ingeniaritza ikasketak euskaraz egiteko hautua egin zuen, Eibarren. "Bertan, herri euskaldun bat izanda, hasi nintzen euskaraz bizitzen, bertan egin nituen harreman guztiak euskaraz egin nituelako".

Bestelakoa da Arangurenen edo Garaikoetxearen kasua. Biak ala biak Iruñerrikoak, etxetik jaso zuten euskara eta hala egin zituzten euren ikasketak ere. Euskaraz bizitzearena, aldiz, ez zuten hautu bat bezala bizi, testuinguru natural bat bezala baizik. Hala ere, "inguru hurbilaren burbuila horretatik ateratzerakoan", adierazi zuen Garaoikoetxeak, "konturatzen zara zeinen zaila den euskaraz aritzea Iruñea bezalako testuinguru batean". Izan ere, berak hizkuntza ohiturak aldatzera bideratutako Gaztealdia ekimenean parte hartu zuen, eta orduan atzeman zuen egunerokoan, eta testuinguru zabalago batean, euskaraz bizitzearen zailtasuna. Hala azpimarratu zuen Ibil Bediko musikariak ere: "Espazioak eragiten du, maiz, euskaraz eroso aritu ahal izatea. Baditut harremanak non, biak euskaldunak izan arren, musika kontserbatorioa bezalako testuinguru erdaldun batean erdaraz ari-tzen garen, baina hortik atera eta, adibidez, Laba bezalako toki batean gaudenean euskaraz aritzen garenak".

Non dago, beraz, euskaraz bizi ahal izateko gakoa? Lau gazteak ados agertu ziren osteguneko saioan: euskararentzako arnasguneak, euskaraz aritzeko espazioak; eta aisialdi guneak, izan fisikoak edo izan digitalak, sortzea. Eta guzti hori, Arangurenek aditzera eman bezala, "euskal etiketa" jarri behar izan gabe. "Musikaren arloan eta beste askotan ere gertatzen da hori, eta ez du zentzurik. Euskara tresna da, bidea, ez subjektua. Zer ikustekorik izango du Ibil Bediren musikak, adibidez, Su ta Garrekin?". Alde horretatik, Laba Sareko kidea ere badenak euskara modu naturalean eta ez helburu bezala, baizik eta modu integratuan erabiltzen duten ekimenen arrakasta aipatu zuen, tartean Laba bera edo Iruñeko inauteria berpiztera bideratutako Iruinkokoa.

Espazio digitalaren esperientzia hurbiletik ezagutzen du Junguituk, bideo-jokoen alorrean jarduten duen Game Erauntsia komunitateko kideak. 2016an eratu zen elkartea, euskara eta bideojokoen arloa uztartzeko. Erakunde publikoen laguntzari esker, argitu zuen Junguituk, "gaur da eguna baliabide propioak izatea lortu dugula". "Euskarak biziraun dezan beharrezkoa da aisialdian euskarari tokia egitea, eta horretarako erakunde publikoen inplikazioa beharrezkoa da, enpresa pribatuek ez dutelako horretan dirurik inbertituko". Halaber, euskararik gabe, euskaltasunak "folklore hutsean" gelditzeko arriskua ere baduela nabarmendu zuen. Ikuspegi zabal batetik, azkeneko urteotan euskararen presentzia Gasteizen nabarmenki igo dela atzeman zuen Junguituk, arnasguneen garrantzia azpimarratuz. "Ikus-entzunezkoen eta bideo-jokoen arloan uste ditugunak baino baliabide gehiago badaude, baina ezagutu behar dira".

Osasuna Promesas taldeko kirolariak, bere aldetik, futbolaren alorrean euskaraz aritzeko zailtasunaz mintzatu zen. "Oso zaila da 25-30 pertsonako talde batean denok euskaraz jakitea. Nire kasuan, 25etik 4-5ek soilik hitz egiten dugu, eta taldean ari garenean gaztelerara jotzen dugu".

Euskarabideak egindako azken azterketa soziolinguistikoaren arabera, gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak eta hobekien menpera-tzen dutenak. Baina, euskararen etorkizunaren pisua hauen gainean jarri daiteke? "Iruditzen zait gazteei motxila hori jartzea nekagarria dela", erantzun zuen Arangurenek. "Gero, Chill Mafia bezalako olatu bat iristen denean kritikatu egiten da, baina beraiek euskara aurretik iritsi ez zen tokietara eramateko gaitasuna izan dute". Euskarak normaltasunaren bidean aurrera egiteko, bestalde, hizkuntzak "beharrezkoa izan behar du", musikariaren aburuz.

"Ezin dugu zama hori gure gain hartu", gehitu zuen Goikoetxeak ere, erakunde eta administrazioen ardura nabarmenduz, zeinak politikak eta baliabideak ezarri beharko lituzketen. "Bizi garen mundu globalizatuan", aipatu zuen Junguituk, "multinazionalen papera ere gehituko nuke, beraiek sortzen baituzte edukiak. Euskaraz oso eduki eta eskaintza gutxi dago, ez diotelako balorerik ematen. Bestalde, guk ere edukiak sor-tzeko gaitasuna izan behar dugu, gure istorioak kontatu behar ditugu, horretarako edozein medio erabiliz". Eta eduki horiek, irakaslegaiak azpimarratu bezala "kalitate onekoak izan behar dute". Norbanakoen paperaz ere ez ziren atzendu. "Norberak, bere inguruan, gehiago hitz egin dezake euskaraz, ziur", borobildu zuen Dufurrek.

Hurrengo ekitaldia, apirilaren 7an. Elhuyar Fundazioak hainbat ekitaldi aurreikusi ditu, urte osoan zehar, bere 50. urteurrena ospatzeko. Iruñeko hurrengo hitzordua Nafarroako Filmotekan izango da, apirilaren 7an. 'Urak aske' dokumentalaren proiekzioa izango da, Bego Zubia zuzendariarena.

"Euskararen etorkizunaren ardura gazteen gain jartzea pisu handiegia da"

Musikaria

"Oso zaila da Iruñea bezalako testuinguru batean euskaraz normaltasunez aritzea"

Ikaslea

"Euskaraz ikasi nuen, baina unibertsitatera iritsi arte ez nintzen euskaraz bizitzen hasi"

Futbol jokalaria

"Ikus-entzunezko arloan eduki gehiago sortzeko gaitasuna eduki behar dugu"

Game Erauntsiako kidea