Korrika 2022: Herri aldarria euskararen alde

11.04.2022 | 00:24
Milaka euskaldun eta euskaltzale atzo, Donostian, Korrikaren amaierako ekitaldian. Zazpi lurraldeetako eta adin ezberdinetako herritarrak gerturatu ziren Donostira.

22. Korrikak zazpi lurraldeetako milaka euskaldunen besarkada eta txalo zaparrada jaso zuen atzo Donostian, amaierako ekitaldian; Karmele Jaio idazleak, iaurken lekukoan izan den mezuaren egileak, irakurri zuen idazkia.

Korrikaren 22. edizioak amaiera beroa izan zuen atzo eguerdian Donostiako Bulebarrean. Udaberriko eguraldi epelak ez ezik, milaka herritarren txalo eta emozioz beteriko euskararen aldeko oihuek ere besarkatu zuten ekimena bere azkenengo metroetan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako haur, nerabe, gazte, heldu eta adinekoak bertan izan ziren, urtebete atzeratu behar izan zen Korrikari berezi honi laister arte esateko.

Eguzkia ia irten berri zegoela iritsi zen Korrika Donostiara, Errekaldera. Orduerdi inguruko atzerapenarekin sartu zen Gipuzkoako hiriburura, 07.36etarako aurreikusita bazegoen ere. Añorgatik pasa eta Antiguo ere gurutzatu zuen; auzo honetan eraman zuten lekukoa, 2.527. kilometroan, NOTICIAS DE GIPUZKOAko langileek. Ondoren, erdigunetik barrena, gainontzeko auzoetatik igaro zen, ahalik eta eguerdia iritsi berritan, Bulebarrean sartu zen arte. Milaka euskaldun eta euskaltzaleren parte-hartze eta konpainia izan zuen ibilbide donostiarrak.

12.40tan igaro zen Korrikaren lekukoa Bulebarreko Zumardiko amaiera puntutik, aurreikusi baino hamar minutu eskas beranduago. Karmele Jaio, idazle eta egunkari honetako kolaboratzailearen, eta Aize Otaño, Astigarragako euskaltegiko irakaslearen eskuetan egin zuen azkeneko kilometroa.

Izan ere, Jaio da Euskal Herriko 2.575 kilometro bisitatu dituen mezuaren egilea, baita Bulebarrean idazkiaren irakurketa egin zuena ere. Korrikak "hizkuntza zerbait fisikoa bihurtzeko ahalmena" duela azpimarratu zuen, "gure a e i o u partikularra" gorpuztekoa. Teorikoki babesteaz gain, bizirauteko, erabileraren garrantzia gogorarazi zuen metafora ere aipatu zuen; "behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea. Zikindu dezagun, beraz, euskara; lohitu dezagun bizi-tzaz".

Euskararen aldeko defentsan etiketak alde batera uzteko gonbidapena ere luzatu zien herritarrei. "Ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri", adierazi zuen Jaiok.

Azkenik, euskara euskaldunon nortasunaren parte bat dela sinesteko ordua dela goraipatu zuen, "ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik" dioen sinesmenarena, idazle gasteiztarraren esanetan.

Bestalde, Otañok "euskara gurea dela" aldarrikatu zuen bere min-tzaldian; "kantu bat gara, itsasoa gara" esan zien Bulebarrera bertaratu ziren herritarrei. Korrikaren 22 edizioetako leloak elkarren artean lotu zituen hizketaldian, euskara babesten duen hitz sarea bailiran.

Astigarragako AEKren euskaltegiko irakasleak ere euskarak eta euskal nortasuna elkartzen dituen sentimendua ere nabarmendu zuen, "izate bat ez daitekeelako hezur hutsez osa; herria delako gorputza, eta hizkuntza bihotza", Otañoren hitzetan.

Atzoko eguna euskararekiko lagunkoia izan bazen ere, Otañok egoera ez dela "nahi bezain koloretsua" ohartarazi zuen; "euskararen hazia ez da ernatu leku guztietan, alarma gorriak pizten hasiak dira".

Hortaz, azkeneko hamarkadetan euskararen alde eginiko lanaren emaitzak areagotzeko, Otañok ere norberak euskaldunon hizkuntzan mintzatzeko deialdia egin zuen, baita ingurukoei euskaraz hitz egitera animatzearena. "Erein genuen haziak hamaika lore izan ditu, baina, lore horiek fruitua eman dezaten, ekin, eragin eta eginarazi behar dugu".

Ekitaldia Kukai dantza taldeak eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eginiko koreografia batekin bukatu zen, Korrikaren aurtengo ereserki bihurtu den Hitzekin abestiaren erritmoa jarraitu zutelarik.

Handik aurrera, euskaltzaleek festa giroa luzatzeko aukera zabala izan zuten, antolatzaileek Donostiako leku ezberdinetan prestaturiko zortzi espazioetan zehar. Kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, azokak, jaki dastaketak eta beste hainbat ekintzez gozatu ahal izan zen, 22. Korrikari amaiera borobila emateko.

Jaiok etiketak alde batera utzi eta euskaldun berri eta zaharren arteko ezberdintzea ahaztea aldarrikatu zuen

noticias de noticiasdenavarra