rudikatu zuen burua parrandatik bueltan, etxeko sarrerako ispilu horretan. Pentsatu ilea horiz tintatu duzuela eta haizeak gogor jotzen zuela etxerako bidean. Horratx, Boris Johnson izan dezakezue ispilu parean, batez ere parrandatik bueltan zatoztelako.

Aste honetan Erresuma Batuko parlamentuak bertako lehen ministroa eta honekin lotutako festen afera ikertzea erabaki dute. Itxuraz beste guztiak zintzo demonio eta euren etxeetan egon behar zutenean, Downing streeten festa itzelak antolatu zituzten. Bistan da hartutako babes neurri bakarra ahalik eta jende gutxienak jakitea izan zela, eta honek ere porrot. Partygate deitu diote aferari, politika giroan gai lohi-tsu gehienek -gate atzizkia hartzen baitute Watergate kasu famatutik aurrera.

Ez dut berriz zuzentasuna eta dimisioaren sermoia hasiko. Europan iparralderago dauden herrialdeetan duintasun politikoa beste maila batean dagoela argi dago. Hala ere kasu honetan Londreseko alkate izan zenak ez du dimisiorik aurkeztu, jakina baita zenbait eserlekuk lekeda iraunkorregia dakartela. Kasu honetan parlamentuak gaia argi-tzea eskatu du. Logikak edo zentzuak hala eskatzen du, baina errealitatea oso bestelakoa da normalean.

Erresuma batuko ganbera baxuak erabaki hau hartu ahal izateko, sinetsi edo ez, Lehen ministro britainiarraren alderdikideek berau ikertzearen alde bozkatu behar izan dute. Pentsa dezakezue horrelako zerbait Madrilen? Nik ez. Ezezko borobila. Ehuneko ehun ziur. Makina bat eskandalu larriagoak entzun izan ditugu urteetan zehar, eta ibaiak ura bezala, denborak eraman ditu piskanaka ahanzturaren kobazulo ilunera.

Pentsa, ageriko espioitza kasu baten aurrean ere, gaztelua defendatzea aukera-tzen dute. Lagunak elkar defendatzeko daudela diote esaldi politek, baina hori eremu pribatura mugatu behar da. Esparru publikoak gauzak garbi, garden behar dute. Eta lokatza agertzean, batek ez badu nahikoa ausardia adierazten alde batera egiteko, kideek lagundu behar. Herritarrei eman beharreko zerbitzuak behar luke gorena politika publikoan, eta ez kosta ala kosta bizirauteak.

Paella eta zezen plazen herrialdean aspaldi zikindu zituen haizagailuko kaka zaharrak bazter guztiak. Trantsizioan hainbeste lagundu zuen gizonkote xalo horretatik hasi eta edozein udaleko zinegotzi anonimoraino. Ahal zuenak tranpa egin du. Baina han ez du inork ardurarik hartzen bere gain, eta alderdikideek ez diote eskatuko hartzeko ere. Denak dira sortzez garbiak, lohiak sudurzuloak estali bitartean behintzat. Errugabetasun-presuntzioaren makuluan jarri ohi dute pisua, baita errudun direla frogatu ostean ere. Eta horrela, errotak bere erritmoa darrai, urarekin batera lokatza mugituz errekan behera. Ur zikinetan igerilari trebe denak burua aterako du, eta ez pentsa lotsarik edo kontzientzia arazorik izango duenik. Eta aldiz, igerian juxtuxeago zekienak, edo aurreko taldekoek beherantz bultzata, urpera joko du, urak lasaitu arte behintzat.