Behin eta berriz eman ohi dugu memoria historikoari lotutako albisteren bat orrialde hauetan. Izan ere, egia, justizia eta erreparazioaren aldarriak bere horretan dirau horrenbeste denbora igarota, familia askok oraindik ez baitakite Gerra Zibilean eta diktaduran desagerarazitako pertsonak non dauden, pairatutako bidegabekeria areagotuz.

Kazetaritzak, zentzu horretan, funtsezko zeregina izan dezake memoria historikoaren sustapenean eta defentsan. Oraindik ezkutuan dirauten iraganeko gertakarien berri eman dezake, biktimei eta haien familiei ahotsa emanez eta frankistek egindako bidegabekeriak azalduz, eta, era berean, lagungarri izan daiteke egia historikoa berreraikitzeko eta hamarkadetan nagusi izan diren narratiba ofizial edo partzialei aurre egiteko.

Kazetaritza funtzeskoa zaigu hamarkada luzez ilunpean egon diren istorioei argia emateko

Ofizio honetan hasi berria nintzenean egokitu zitzaidan lehen aldiz istorio horietako bati argia ematea. 2020ko abuzutua amaitzeko parte bat egun besterik ez ziren falta Paula de la Fuente ezagutzeko parada izan nuenean, pandemia bete-betean.

Gurpildun aulkian eserita zegoen eta urduritasuna nabari zitzaion FFP-2 maskararen atzean. Ez zen gutxirako: 82 urtez sufritzen egon ostean, aitari buruzko inolako informaziorik jaso gabe, behingoz, haren gorpuzkinak berreskuratuko zituen, jaioterrira itzuli eta amaren ondoan ehortzi ahal izateko.

Zortzi hamarkadaren langa gainditu zuen Paularen itxaronaldiak, 1938an, faxistek Leoncio de la Fuenteri bizitza ostu zioetenetik. Ezkabako gotorlekutik ihes egin zuen 795 preso politikoetako bat zen, iparralderako bidea hartu zuen, baina, tamalez, Larrasoañan atzeman eta bertan erail zuten.

2020ko abuztuaren 29ko DIARIO DE NOTICIAS-ren azala.

Egia esan, Paulak ez zuen gurpildun aulkirik behar mugitu ahal izateko, baina hain handia zen urduritasuna hankek dar-dar egiten ziotela. Fresno el Viejo (Valladolid) jaioterritik heldu berria zen Nafarroara, eta gurean bizi izan zuen bere bizitza luzeko “unerik zoriontsuena”, kazetari honi onartu zion bezala. “Dagoeneko lasai hil naiteke”, adierazi zuen, pozaren pozez.

Makina bat lagun dira Paula bezala, senideren baten berrik ez dutenak, eta makina bat dira ere etorkizun hobe baten alde borroka egin zutenak, jazarpena, espetxeratzea eta, sarritan, exekuzioa jasota. Erresistentzia- eta ausardia eredu dira orain, baina, horretarako, lau haizeetara zabaldu behar dira haien istorioak, nazioartean autoritarismoaren gorakada bete-betean, iraganetik ikasi ahal izateko.

Kazetaritza zintzoak, hortaz, berebiziko garrantzia dauka iraganeko akatsetatik ikasi eta etorkizunean ez errepikatzeko, gertaera historikoen eta gaur egungoen gaineko begirada kritikoa sustatuz.

Egungo ikerketek agerian uzten dute iraganeko hautsok dakartela egungo lohia

Lerro hauek idaztera animatu nauen kontakizunak ezusteko bigarren protagonista bat badu: Paulina Lizoain. 9 urte besterik ez zituen Leoncio de la Fuenteren ehorzketa ikusi zuenean, beste hiru iheslariren gorpuekin batera, eta hain zuzen ere, bere testigantzari esker topatu ahal izan zituten Aranzadiko kideek. “Bi buruz gora eta bi buruz behera”, xehetasun osoz gogoan zuen Paulinak nola eta non lurperatu zituzten, eta halaxe topatu zituzten lau errepresaliatuak, Larrasoañako bizilagunak zehaztutako lekuan bertan. “Gauza horiek ez dira sekula ahazten”, azaldu zuen lekuan bertan.

Istorio horietako bakoitzaren atzean ziurgabetasun eta borroka hamarkadak daude. Gainera, Paulak egia aurkitzeko erakutsi zuen erabakitasunak eta Paulinaren testigantza ausartak oroimenaren boterea eta biktimei ahotsa ematearen garrantzia erakusten dute. 

Kontakizun horiek, halaber, kazetaritzak ahots horiek anplifikatzeko, iraganeko bidegabekeriak azaltzeko eta narrazio ofizialei aurre egiteko duen garrantzia azpimarratzen dute, oroimena bizirik mantentzeko, iraganeko ikasgaiak ahanzturan eror ez daitezen.