Tradizioa birmoldatu tradizioarekin aurrera egiteko. Lehen aldiz irakurrita, esaldiak hitz joko bat dirudi. Baina, behar bada, bost hitz hauek dira bihar, larunbatarekin, Nafarroako euskal kulturaren egutegiak aspaldidanik izan duen hi-tzordurik garrantzitsuena hobekien azaltzen dutenak. Izan ere, Iruñeko Ortzadar dantza taldeak gonbidatuta, Zuberoako maskarada osatzen duten pertsonaia guztiek, Iparraldea atzean utzi, eta Nafarroa Garaira etorriko dira beren emanaldia zuzenean eskaintzera. Larraineko gazteek erraz gaindituko dituzte Alde Zaharrean barna aurkituko dituzten barrikadak.

maskarada Baina, zergatik izanen da hain garrantzitsua biharko hi-tzordua? Behar bada maskarada Euskal Herriko kultura ikuskizunik aberatsenetarikoa da. Zuberotarrek neguan herriz herri eskain-tzen duten emanaldiak, antzerkia, bertsoa, dantza, irriak, jolasak, eta abar uztartzen ditu, urte sasoi horretan karrikek janzten dituzten arropa grisak alde batean utziz. Kolorez eta kulturaz margotzen dituzte Zuberoako paisaiak.

Ikuskizunaren jatorriari dagokionez, hamaika teoriez eta hipotesiz jantzia dagoen emanaldia dela esan daiteke. Maskarada, berez, Euskal Herrian inauteriak ospa-tzen direnetik egiten omen da. Hala ere, Karlos Irujo antropologoak adierazten duenez, ikuskizunaren inguruko albisteak ez dira oso zaharrak: "Lehenengo berriak XIX. mendearen erdialdetik etortzen zaizkigu Euskal Herrira".

Gauza bera gertatzen da maskarada osatzen duten pertsonaiekin. Ikuskizuneko protagonistak bi taldetan banatzen dira, Gorriak eta Beltzak, eta bereizketa honen inguruan hamaika iritzi daude. Ba-tzuentzat lehenenek ongia islatzen dute eta bigarrenek, berriz, kontrakoa.

Kultura adierazpen honek duen helburua ere ez dago oso argi. Teorien arabera, maskaradak esanahi ezberdinak hartzen ditu: "Batzuk diote Zuberoako gizartea islatzen dela. Pertsonaia gorriak zuberotarrak dira eta kanpotarrak, ordea, beltzez jantziak daudenak dira". Bestetik, "emanaldia bera udaberriko errito bezala hartzen duen teoria ere badago". Baina batez ere guztien artean batek sortzen du harridura gehien: "Ijitoek ekarria omen da maskarada"... "Oso zabala da mundu hau, eta bertatik atera daitezken ondorioak ere oso zabalak dira", azaltzen du Irujok.

emanaldia Urtero Zuberoako herri batek du maskarada antolatzeko ardura. Joan berri zaigun neguan Larraineko gazteak aritu dira dan-tzan, eta Iruñean amaituko dute beren txanda.

Tradizioak agintzen duenez, emanaldia antolatzen duen herriak ikuskizuna eskaintzera joan behar duen herriari gutun bat idatzi behar dio, nolabait, maskarada eskaintzeko baimena eskatzen. Iruñean Ortzadar dantza taldea izan da zuzenean gonbita luzatu diena.

Herriaren baimena eskuratzean segezio osoa dantzara joaten da, baina beren lana behar bezala bete-tzen dutela frogatu behar dute. Horretarako bisitatzen duten herriko bizilagunek jartzen dituzten barrikada sinbolikoetan beren gaitasuna adierazi behar dute: "Sar-tzeko eskubidea irabazi behar dute, benetan ongi dantzatzen dutela frogatu behar dute". Biharkoan ere Larraineko gazteek Iruñean izanen dituzten barrikadetan egin beharko dute dantza, hala nola San Lorenzo Plazan (11.00etan), Iruña Taldean (11.30ean), Katu tabernan (12.00), Muthiko Alaiak peñan (13.00etan) eta Mercaderes kalean (13.00etan).

Goizean barrikadetan aritu ostean, arratsaldean eskaintzen dute maskaradaren bigarren zatia; pertsonaiek ofizioka dantza egiten dute. Iruñeko saioan Burguen plazan ariko dira, arratsaldeko 17.00etatik aurrera.