Ikasleak maisua gainditu zuenekoa
Hiru urtez Arkaitz Goikoetxearen ahokuak jarraitu ostean, Soto gazteak bere maisua gainditu zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Haiekin egon gara Lekunberrin.
j ulio Sotoren auto horian heltzen dira hitzorduaren tokira, Lekunberriko Herriko Enparantza. Badira hiru urte irakasle eta ikasle direla Lekunberriko bertso-eskolan eta harreman estua dute harrezkero. Konplizitatea dago elkarren artean. Aurtengo martxoaren 20a bada data berezia beren maisu-ikasle harreman honetan. Orduan, Sotok berealdiko saioa eskaini zuen eta Nafarroako txapela bildu zuen. Bere maisuak, bigarrena egun horretan, harro-harro begiratu zion. Garaipen hori gorabehera, gorritiarrak errespetu handia dio bere maisuari eta adi-adi entzuten du honetaz eta horretaz hitz egiten duenean.
Askotan egoten zarete elkarrekin?
Arkaitz Goikoetxea: Dezente egoten gara, edo zer (Juliori begiratzen dio)?
Julio Soto: Bai, askotan batzen gara.
A.G.: Batez ere, hona bizitzera etorri nintzenetik batzen gara. Julio ere ba-tzuetan ardi-esnearekin etortzen da bisitan eta eskertu egiten da (dio irribarrez).
J.S.: Orain dela lau urte ezagutu genuen elkar eta denbora dezente pasa dugu elkarrekin.
Nola "nafartu" zinen, Arkaitz?
A.G.: Bizimoduak ekarri nau honera. Neska-lagunak Iruñean egiten zuen lan eta ni, berriz, Andoainen. Erdibidean zegoen Lekunberri eta, gainera, Nafarroan bertso irakasle izateko aukera egokitu zitzaidan. Leku polita eta lasaia da, neguan nahiko gogorra den arren. Hemengoak ez dira konturatzen, baina giro gozoagotik gatozenok sufritu egiten dugu
Leku euskalduna ere bada...
J.S.: Larraungo herri gehienak euskaldunak %100era izatetik gertu egonen dira. Lekunberri erdaldunagoa izan da beti, kanpoko jende asko etorri da-eta. Alabaina, poliki-poliki euskalduntzen ari da berriro ere.
A.G.: Larraunen gaztelaniaz ere ez dakienik egonen da, baina Lekunberri zertxobait erdaldunagoa da. Berriz ere jendea etorri da, baina orain ez horrenbeste kanpotik baizik eta inguruko herrietatik eta Gipuzkoatik. Hona etorri ginenean baloratu genuen herria euskalduna izatea.
Nola hasi zineten bertsotan?
J.S.: 16 urterekin hasi nintzen. Ikastaro bat ematera etorri zen Estitxu Arozena San Fermin Ikastolara eta erraztasuna ikusten zidala esan zion irakasle bati.
A.G.: Lotsa gutxi ikusiko lizuke (barreak).
J.S.: Irakasleak nire amari deitu zion eta hortik aitzinera bertsotan ibili naiz. Etxean ez ziren oso bertsozaleak, aita erdalduna dut eta ama ez zen bertsozalea, nahiz eta osaba bat bertsolaria izan.
A.G.: Nire gurasoak, berriz, oso bertsozaleak ziren. Aitaren familian bertsolariak bazeuden eta Oiartzun ere oso inguru bertsozalean da. Ikastolan, 11 urte nituela, tailerrekin hasi ginen eta nik bertsolaritzakoa hautatu nuen, ziurrenik etxean zegoen zaletasunagatik. Bi edo hiru urtez utzi nuen eta 20 urte nituela, Karlos Aizpurua oiartzuarrari esker, berriz ere sartu nintzen mundu honetan.
Juliok aipatu du Estitxu Arozenak dohainen bat ikusi zuela berarengan, kasu honetan erraztasuna. Arkaitz, zu irakaslea zara, berehala ikusten zaie ikasleei balio dutenentz?
A.G.: Bai, ikusten da. Ikasleak ariketa batzuk egiten ipintzen dituzu eta jarraian ikusten da zeinek duen erraztasuna eta zeinek ez. 10 urte ingururekin ezin dute gauza handirik kontatu, baina esaldiak josteko orduan batzuek segidan asmatzen dute eta beste batzuek ez. Hala ere, nahiz eta oso onak ez izan, jarrai-tzeko eskubide osoa dute denek, lehiakortasuna ez da dena.
Adimena al da aipatzen duzun hori?
A.G.: Ez dakit, baina ziurrenik pertsona horiek nahiko bizkorrak izango dira beste arloetan ere.
J.S.: Bai, zurekin bat nator.
Nota onak ateratzen zenituzten?
J.S.: Bai.
A.G.: Bai, tira, nahiko onak.
Bizkortasuna aipatu dugu, baina beste dohain batzuk ere beharrezkoak izanen dira. Euskara errotuta izatea garrantzitsua izanen da.
A.G. : Iruñean oso garbi ikusi dut nik hori. Guraso euskaldunak diztutenei errazagoa egiten zaie. Horrekin batera, jendeaurrekotasuna ere ikusten da. Berehala ikusten da zein den lotsatia eta zein ez, baina ez dut uste hori horren inportantea denik.
Horrez gain, gauzak begiratzeko modu berezia ere egonen da...
A.G.: Bai, begiratu berezi bat ba omen dago. Haur batzuei ere ikus dakieke margotzeko edo begiratzeko modu berezi bat. Bertsotan goi-mailara heltzen den jendeak zerbait berezia izanen du. Zer? Ba ez dakit, baina badago sentsibilitate berezi bat edo horrelako zerbait.
J.S.: Puntu berezi hori arte guztietan egonen dela uste dut.
A.G.: Bai, baina bertsoetan ere. Ziur nago oso teknikoa ez izan arren, ona den jendeari zera berezi hori aurki dakiokeela.
Definitzen ez dakigun begirada berezi hori dutenen artean, zeintzuk goraipatuko zenituzkete?
J.S.: Badaude batzuk.
A.G.: Zaila da esaten, baina Iturriagak, esate baterako, zerbait berezia dauka gauzei buelta emateko. Lujanbiok ere begirada berezia du, Sarasuak bazuen... Lakao Txiki ere teknikoki ez zen bikaina, baina trebea zen.
Arkaitz, zeu, Arozenarekin batera, Julioren aitabitxia izan zara. Zer sentitu zenuen Nafarroako Txapelketan irabazi zintuenean?
J.S. : Haserrea (barreak).
A.G. : Poza batez ere, banekielako zenbat lan egin zuen Juliok. Horrelako sariak, niregatik, lan egiten duenari eman behar zaizkio. Banekien noizbait iritsiko zela.
Lan egitearena aipatu duzu eta Juliok elkarrizketaren batean aipatu du obsesio garaia pasatu behar duela bertsolariak goi-mailara heltzeko.
J.S.: Arkaitz ezagutu nuenez geroztik nahiko tematuta ibili naiz bertsoekin. Arkaitzek erakutsi didan gauzarik inportanteentakoa da lan egin behar dela. Kirolan, ikasketetan eta beste zenbait arlotan ezinbestekoa da lan egitea eta bertsotan ere lan asko egin behar da arrakastak hel daitezen. Andoni Egañak esaten zuen obsesioa garai bat pasatu behar zela. Beharrezkoa da horrelako bolada bat. Ez dakit zenbat urteko kontua izanen den, baina oraindik obsesio fasean nago. Hiru urte daramatzat puntu honetan, Arkaitz ezagutu nuenetik.
A.G. : Nik ez nuke esango obsesioa, baina bai egon nintzela garai batez beti bertsoak buruan nituela. Egañak eman duen eredua badoa obsesioari lotuta baita kirolari ere. Oso lehiakorra da Egaña eta Juliok ere, kirolaria den neurrian, badauka puntu hori. Obsesio horrek eta kirolerako zera horrek, hala ere, beldurra ematen dit. Lehiaren puntu hori ez dakit zer neurriraino den ona.
J.S.: Obsesioa diot, lan egiteko gogoa bezala, dokumentazio zentrora egunero joatea, bertsoak buruan beti izatea...
Lana al da Lekunberriko bertso-eskolaren arrakastaren funtsa (bost bertsolari sartu zituen finalean)?
A.G. : Lana eta talde ona izatea dira sekretuak. Batzuek lau urte daramatzate eskolan eta konplizitatea oso handia da. Bakoitzak bere lana jokatzen du eta niri gidaria izaten uzten didate.
Nafarroa bezalako toki batean, zeinetan hainbat kontu kontra dauzkazun, bertsotan aritzeak motibatzen al du?
A.G. : Bertsolari batentzat inportantea da funtzio bat egiten duela senti-tzea, baloratua izatea... Bestalde, ikusten duzu gose bat dagoela, jende askok bertsoak entzun nahi dituela eta horrek bai motibatzen duela. Aurka daudenen kontra egitea eta zirrikituak bilatzea polita da.
J.S. : Egoerak motibazioa galarazten dit, motibatu baino gehiago. Bestalde, egia da bertsolaritzak gizarte funtzio bat izan duela beti eta hori ezin du inork ukatu. Bertso saio asko daude eta horietan bizitzaz edota politikaz hitz egin daiteke; bizitzari kanta egiten diozu. Alde horretatik, egoera, dena izanda, uste dut bide bat izan daitekeela jendea kontzientzia-tzeko. Bestalde, uste dut Nafarroan gero eta bertsozale gehiago dagoela, egundoko loraldia dago, bertso gosea dago. Aurten Iruñerrian sekula baino bertso-saio gehiago egon dira.
Bertsolaritzaren mundu hau arrotza da Nafarroako gizartearen zati handi batentzat, neurri handian Euskal Herri osoan gertatzen den bezala. Nafarroa eta "Navarra"-ren arteko jauzia gainditzerik ba al dago?
A.G.: Harrigarria da. Euskal Herria horrelakoa, baina Nafarroan jauzi hori oso handia da. Iparraldean ere gauza bera gertatzen da, Gipuzkoan erreka gehiago sartzen da eta Bizkaian lekuaren arabera... Iruñean bertan sekulako aldeak daude... harrigarria da. Horren atzean urte askotako euskararekiko gorrotoa dago, besteak beste. Urteak beharko dira gizartea osatuago ikusteko. Leku askotan euskara ghetto bat da, baina bere dinamikak baditu eta aurrera omen doa. Juliok esan du Iruñerrian sekula baino bertso-saio gehiago egon direla. Aingeru Epaltzak ere DIARIO DE NOTICIASen esan zuen "zer gertatzen da bertsolaritzarekin? Nahi nuke nik horrelako egoera literaturarentzat".
J.S.: Nire ez zait oso harrigarria egiten jauzi hori Iruñean luzaroan bizi izan naizelako. Txikitatik ezagutzen dut Iruñeko errealitatea astegunetan eta asteburuetan Gorritikoa. Nahiko ohitua nago, tamalez. Nire aita Lizarrerriko herri batekoa da, Irurrekoa, eta hango errealitatea ere ezagutzen dut. Hangoa, ordea, baikorra izatera narama: euskaraz jakin ez arren oso euskaltzaleak dira. Ohitu egin naiz errealitate aldakor honetara, baina egia da handia dela jauzia. Nire Iruñeko atarian aurten ezagutu naute egunkarian agertu nintzelako, baina Iruñean euskalduna ez denak ez daki nor garen ezta zer egiten dugun ere.
A.G.: Bi mundu dira, baina batean interesik ere ez dute. Zenbat jende dago euskaraz bi hitz ere ez dakizkiena? Ni harritu egiten nau. Poliki-poliki joan beharko dugu.