iruñea. Euskal Liburuaren XII. Irakurketa Publikoa ospatu zen atzo Iruñeko Biurdana institutuan. Goizeko 9.15etan hasi zen ekitaldia, eta eguerdiko 13.45ak arte iraun zuen. Ordu erdiko iraupeneko sei saioetan, aurtengo idazletzat aukeratu izan den Joseba Sarrionandiaren testuak ahots desberdinen bidez aditu ahal izan ziren institutuko Epaltza aretoan.

Hartara, Biurdanako Euskal Hizkuntza eta Literatura departamentuko irakasleek Sarrionandiaren hainbat testu zati aukeratu zituzten, hurrengo hauen artean: Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako, Ainhoari gutunak, Narrazioak, Ni ez Naiz hemengoa, Han izanik hona naiz, eta Marinel zaharrak.

Ikastetxeko ikasle eta irakasleak ez ziren irakurle bakarrak izan atzoko saioan, izan ere, ahots ezagun asko aditu izan baitziren atzoko saioan: Belen Urteaga (guraso elkarteko ordezkaria), Josu Jimenez (idazlea), Rebeka Arraras (enpresaburua), Mikel Soto (Txalaparta argitaletxeko editorea), Pello Elzaburu (Pamiela argitaletxeko editorea), Josetxo Azkona (idazlea), Jon Alonso (idazlea), Inma Errea (Idazlea), Mikel Bujanda (Euskalerria Irratiko zuzendaria), Urko Aristi (ETBko aurkezlea), Angel Erro (idazlea), Iñaki Azkona (Iruñeko Udaleko euskara teknikaria), Gorka Urbizu (Berri Txarrak taldeko kantaria), Fernando Anbustegi (Xorroxin Irratiko esataria), Joxe Biela (Osasunako prestatzaile fisikoa), Oier Sanjurjo (Osasunako jokalaria), Asier Riesgo (Osasunako jokalaria) eta Patxi Salaberri (euskaltzaina).

Ekitaldiaren helburua, antolatzaileek adierazi bezala, ikastetxeko partaide eta ikasleei, baita haraino hurbildu ziren guztiei ere, euskal literaturako testuak irakurketaren bidez ezaguaraztea da. Atzokoan, Joseba Sarrionandiaren testuak izan ziren protagonista, baina aurreko urteetan bestelako euskal idazleen lanak aditu izan dira, esaterako, Kirmen Uribe, Aingeru Epaltza, Gabriel Aresti edo Mariasun Landa. "Gizarteari begira, gure ikastetxea euskal literaturaren bozemaile izatea" lortu nahi dute institutukoek.

Aurreko urteetan egin ohi izan den moduan, aurten ere aukeratutako idazlearen izena ikastetxeko gela bati eman diote. Hala, Biurdanako liburuegiak Joseba Sarrionandia izena hartu zuen atzo.

Sarrionandiaren testuak aukeratzea ez da edonolako aukera izan antolatzaileentzat. Izan ere, eskarmentu handiko idazlea da. Genero desberdinak landu izan ditu, saiakera, eleberria eta ipuin laburra bitarteko; eta hainbat sari irabazitakoa da, besteak beste, 1980an Ignacio Aldekoa Saria, Bilboko Hiriaren Saria edo Espainiako Kritika Saria, 1986an.