iruñea. Bardoak herriaren oroimena eta kultura gordetzen eta bultzatzen zuten kantariak ziren. Hala, filmak bardo horietako baten bizitzako pasarte bat kontatzen du: Orreagara abade berria iristen denean, Gartxot, bertako bardoa, herritik kanporatu eta Mikelot bere semea bahituko dute eliza kristauaren jarraitzaileek, latinez kantatuko duen fraidea bilakatzeko helburuarekin. Baina Gartxotek ez du bere semea bakarrik utziko. Mikelotek ihes egitea lortu eta aita-semea kantari ibiliko dira herriz herri, elizako soldaduak atzetik dituztela. Euren kantuak errepresioaren aurkako oihuan bilakatuko dira.

Zuzendariek, Campionek 1917an idatzitako narrazioa aberastu eta gaurkotu nahi izan dute, "ez genuelako film didaktiko bat izatea nahi". "Istorioak transmititzen zuen emozioa islatzea izan da gure helburua", aipatu zuten atzo Nafarroako Filmotekan egindako aurkezpenean.

Xehetasun historikoekiko zuhur mantendu dira egileak, hala ere. Ildo horretatik, garai hartako Zaraitzuko euskal hizkera ahal bezainbeste zehaztu nahi izan dute, euskalki zuberotarrera gehiago hurbilduz: "Helburua euskara natural bat lortzea zen, Salazarko euskarari ahalik eta gehien iruditzeaz gainera. Aldi berean, egungo euskaldunarentzat ulergarria izan behar zen", aipatu dute zuzendariek.

Musikari dagokionez, filmaren egileek Benito Lertxundiren laguntza jaso dute. Abesti nagusiak Olatz Zugastirekin batera konposatzeaz gain, Nafarroako erregearen pertsonaiari ahotsa ezarri dio. Ahotsak jarri dituzten aktore gehienek Zuberoko pastoraletan iaioak izan dira. Hala, Mixel Etxekopartena da Gartxoten ahotsa, eta Luxi Agergarai eta Maika Etxekopart (Amaren Alabak taldekoak biak), Mikelot eta Xune pertsonaien azalean sartu dira.

Somuga produkzio-etxeaz aparte, REC soinu-etxeak, ETBk eta Bartonfilms banatzaileak ere parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Nafarroako Gobernuak, Udalbide-udalbiltzak, Euskararen Kultur Erakundeak, Berria egunkariak eta Elkarrek bultzatutako proiektu honetan. Filma euskarazko bertsioan soilik aurkituko den arren, kopietako batzuk gaztelera, frantses, galego eta katalanezko azpitituluak dauzkate.

Juanjo Elordik lau animazio pelikula egin izan ditu aurretik eta Asisko Urmeneta komikiaren munduan mugitu izan da gehiago. 2003an Urmenetak Gartxot komikia argitaratu zuen, film honen abiapuntua izan dena.

Film laburretik liburura Lau urteko lana darama bizkarrean Gartxot, konkista aitzineko konkista filmak. Ibilbidea izenburu berdineko film laburrarekin hasi zen eta, zinema jaialdi desberdinetan bildutako kritika positiboaren ondoren, film luzerako saltoa ematea erabaki zuten egileek. Orain, filma egiteko beharrezkoa izan den dokumentazio lan guztia liburu batean bildu nahi izan ditu Elkar argitaletxeak, Durangoko azokan aurkezteko.