Síguenos en redes sociales:

Abian da Bertsozale Elkartearen lehenengo bertso-eskola digitala

bertsoak egiteko programa garatu du ehu-ko ixa taldeak 'www.bertso-eskolak.com' guneak Xenpelar dokumentazio zentroaren datu basea eskaintzen du

Abian da Bertsozale Elkartearen lehenengo bertso-eskola digitala

IRUÑEA. Bertso bat egiten ikasi, doinutegia kontsultatu, Euskal Herriko edozein bertso-eskolaren informazioa bilatu, biografiak irakurri edo dokumentuak deskargatu... Bertsozale Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA ikerkuntza taldearekin batera, martxan jarri berri duen bertso-eskola digitalak bertsolaritzarekin lotutako ia edozein jarduera garatzeko aukera eskaintzen du, www.bertso-eskolak.com web gunean. Helburua, bertsolaritza sustatzearekin batera, arlo honetan interesa duen guztiei inguruko informazio bateratua eta lan tresna baliagarria eskaintzea izan da.

Horretarako, proiektuaren egileek hiru atal nagusi garatu dituzte web gunean: Bertsotarako Arbela Digitala, Bertso-eskolen Mapa eta Bertsolaritzaren Mapa. Arbel digitala edo bertsoak idazten laguntzen duen programari dagokionez, Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldearen laguntza jaso du. Manex Agirrezabala ikerlariaren eskutik garatutako programa honetan bertsoak idatzi, landu edo bertsotan egiten ikasi nahi duen orok errima bilatzailea, zuzentzailea, doinutegia, neurri zuzentzailea eta sinonimo bilatzailearen tresnak edukiko ditu eskutara. Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko Transmisio saileko eragilearen erranetan, "edozeinek erabiltzen ahal duen tresna bat da Arbela Digitala: jolastu eta ikasi dezakezu bertso-eskola batera joan behar izan gabe eta trebatua den jendearentzat ere errimak hobe-tzeko baliagarria izan daiteke".

Ikasketa tresna izatetik haratago, Euskal Herri osoan zehar dauden bertso-eskolen berri eman eta bertsolaritzaren egoeraren argazkia erakusten duten mapak sortu dira, halaber.

Proiektu honen garapenerako, Eizagirrek azaldu moduan, Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jarduna eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuak emandako diru-laguntza jaso ditu.

"www.bertso-eskolak.com gunean eskaintzen diren mapa hauek bertsolaritzaren transmisioan, gerora-tzean, lagundu nahi dute, Euskal Herri osoan zehar dauden eragileen esku baliagarri izango dituzten datu interesgarriak jarriz", argitu zuten Bertsozale Elkartekoek hilaren 11n egindako aurkezpenean. Hala, bai Bertso-eskolen Mapa bai Bertsolaritzaren Mapa garatzeko, Bertsolaritzaren Datu-Basea, bdb.bertsozale.com, hartu dute oinarritzat. "Urte luzez garatutako lana da hau", azaltzen du Eizagirrek, "orain forma eman dioguna, kulturgintza mailan interesa inzan dezaketen eragile guztiei eskaintzeko".