Síguenos en redes sociales:

Troiako zaldi barruan

Troiako zaldi barruan

Badira egun batzuk Paco Ibañez kantariak kolonialismo kulturala salatu zuela, batere mingain-trabarik gabe, egunkari honetan: "Duintasuna lapurtu nahi digute, eta kultura, eta sentimenduak eta elkartasuna". Gure ekimen guztiak ingelesez bataiatzeko modaren adibidea jarri zuen, erantsiz sukaldaritzaren euskal eskolari Basque Culinary Center deitu izana pellokeria hutsa dela.

Asko luzatzen ari da, ikaragarri, pellokerien zerrenda. Batzuetan Basque jartzen dute, markaren nongotasuna azpimarratzeko: Basque Culinary Center, Basque Center for Applied Mathematics, Basque Center of Cognition, Basque Teamn. Beste batzuetan Bilbao, kontu jakina baita Bilbok, tradizioz, zein gustukoa duen ingelesa: Bilbao World Trade Center, Bilbao Exhibiton Centre, Business Center Bilbao, Body Center Bilbao. Donostiak ez baitu Bilbok baino gutxiago izan nahi, hor dauzkagu Donostia International Physics Center edo Donostia Estrés y Coaching Center (sic). Gasteizek baditu bereak, Education Center Gasteiz lekuko. Iruña ere ez dago hatza zupatzeko, Iruña Sub Diving Center bezalakoek erakusten dutenez. Iniziatiba partikularrek, enpresek, bulegoek eta dendek ere ingelesa txit dute kuttuna: Automotive Intelligence Center, Max Center, Light & Systems Technical Center. Alderdi Jeltzaleak Gaur Thing eslogana baliatu zuen kanpaina batean. Badira ingelesaren bidez paisaia edo fauna bezalako ezaugarriak saldu nahi dituzten ekimenak ere: Urdaibai Bird Center esate baterako…

Joan zen asteburuan Guggenheim museoaren ekimen polit baten berri izan genuen: hiru hilabetetik urtebetera bitarteko haurrek aukera izango dute artearekin ohitzeko, koloreak gozatzeko, material desberdinen soinua en-tzuteko, hainbat ehundura ukitzeko, espazioaren pertzepzioaz jabetzeko… Haurrek senti, uki, entzun, bizi dezatela artea. Ezetz asmatu nola deitu dioten ekimenari? Baby Art. Ingelesaren pedegree moderno usteak bertan goxo egin nahi du baita gure umeen sehasketan ere.

Ingelesarenganako lilura konplexuz betearen emaitza da ala maniobra bat da saihesteko gaztelaniaren eta euskararen artean erabaki beharra? Ez dakit. Beharbada Basque Center of Cognition, Brain and Language inauguratu zutenean Zaldi Ero marrazkilariak bere tiretako batean esan zuena gertatzen da: listoak ingelesez listoagoak dira. Baina gerta liteke Koldo Mitxelenak esandakoa ere zazpi hizkun-tza omen zekizkien batengatik: "Bai, jakingo ditu, baina zazpietan da tontoa!".

Hitz batzuek beren osasunari eusten zioten garai ez hain urruti batean, inperialismoa dei-tzen genion estatu batek zenbait herriri bere nagusigoa inposatzeari, eta, hizkuntzen arteko auziari dagokionez, garbi ikusten genuen gaur-gaurko mapa linguistikoa ezin dela sarraski inperialistarik gabe ulertu. Globalizazioaren garaiotan, ordea, ingelesarena ez omen da inperialismoa, etorkizuna baizik. Prest nago hori ere onartzera, nahiz gogoan dudan Irakeko gerran gertatutakoa: Iraken zeuden soldadu amerikarrak kexu ziren israeldarrei erosi zizkieten zakurrek ez zutelako ingelesa ulertzen. Ederki. Baina ari naizen auzian errudunak ez daude gugandik aparte: geu gara Troiako zaldi-barruan gordeta gauden geure buruen etsaiak.