Síguenos en redes sociales:

Amets Arzallus: "Bertsolaria ez da beti bere bertsokeraren jabe"

Final handi eta biribil batean gailendu zen Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983), igandez. Emozioari arrazoia gehitzen zaionean horrelako atmosfera sortzen da, txapela bigarren mailako zerbait bihurtzen dela, hots, bertsogintzak aspaldian darabilen ibilera indartsuaren ikur txiki

Amets Arzallus: "Bertsolaria ez da beti bere bertsokeraren jabe"David de Haro

BILBO. Ametsak amets. Topikoa. Hitz-joko merkea agian. Baina ba-tzuetan errealitateak zapuzten du topikorik tipikoena, ametsa egi bihurtuz. Errealitateak amets traza hartzen duenean, astelehenak ere ez dira astelehen. Galde diezaiotela Arzallusi, txapelari hotz-hotzean begiratzeko astirik ere ez du izan eta.

Zorionak txapelagatik, baina akaso zortzi bertsolarien jarduna da zoriontzekoa, ezta?

Sekulako saioa izan zela entzuteak, jendea oilo-ipurdiarekin egon zela entzuteak... Hori baino sari hobeagorik ez dago, ez.

Izan duzu txapelari eta finalari begira jartzeko astirik?

Ez dut horretarako tarte handirik izan, baina horri buruz hitz egiteko bai. Goizeko aldarte ona arratsaldean ere luzatzen ahalegindu nintzen, hari guztiak ahalik eta finen josten. Nik banituen nire gailurtxo batzuk, irrikatzen nindutenak, eta haiei begira ibili nintzen egun osoan, bestelako gailurrei begiratu gabe, eta gero suertatu zen niregana etorri zela txapela, baina ni neure bideetan nenbilen eta nahikoa abstrakzio egin nuen txapelaren kontu horrekin. Gero bai, heltzen denean, eskuetan prenda gozoa da hartzeko, gauza polita da eta are gehiago zeinen eskutik eta zeinen burutik datorren ikusita.

Eta orain beste lau urte itxaron behar emozio olde hori bizi izateko...

Baina era berean horrek ematen dio bere handitasuna eta xarma. Horixe da onena, bukatu eta jendeak pentsatzea lastima dela hau lau urtetik behin izatea. Atzo lako egun bat bizitzeko berotasun eta prestutasun bat behar da, agian zain egote horrek ematen duena.

Maialenek esan zigun bertsolaritza autoborroka dela, besteen kontra egiten den lehiaketa bainoago. Ondo ikusi zen hori igandekoan.

Autoborroka horretan fase psikologiko ezberdinak izaten dira, konforme geratzen zoazen heinean zure barruak botatako pultsua menperatzen ari zarela iruditzen zaizu, eta gehiegi erlaxatzeko arriskua dago. Autoborroka etengabea da hori, ariketaz ariketa hartu behar dena eta bertsotan egiteko beharrezkoa dena, horixe da bertsotarako gorputzaldirik onena eta igande arratsaldean beharbada indar hori galdu nuen eta ari nintzen pixka bat gero eta ahots lodiago batetik kantatzen. Bukaera arrimatu ahala, berriz estutu nuen neure burua baina kostatu zitzaidan goizeko autoborrokaren intentsitatea mantentzea.

Egun osoko jardunean erraza ere ez da izango.

Ez, eta saioaren momentu batzuetan, batez ere buruz burukoa hurbiltzen ari zenean, gertatu zitzaidan bukaera urrun samar ikusi nuela eta hor izan nuen txakalaldi bat. Goiz eta arrats egiten den saio bat da, eta ariketa fisikoa ere bada. Eta nahiz eta arratsaldean sentitu galtzen ari nin-tzela intentsitate psikologiko hori, buruz burukoak berak ematen dizu tentsioa, hor zirrara berezi bat pilatzen baita, bi pertsonaren gainean enfokatzen da tentsio guztia eta horrek pixka bat altza zidan olatu hori.

Sarriegi hunkituta, Iturriaga badoala esaten, Maialen eta Elortzaren saio bikainak, Sustrai laguna ere oholtza gainean, zure txapelaz gozatzen... Batzuetan ematen duzue izotzezko, baina zuek emozionatuta ikusteak jendea ere emozionatu egin zuen.

Bi aldeak izaten dituzu. Batetik, zeure alde izotzezkoa, bertsotan egiteko eta bertso bakoitzari dagoz-kion hitzak ahalik eta zehatzen kokatzeko behar duzuna; eta, bestetik, hango egoerari ezin diozu begiak itxi; gainera, merezi du disfrutatzea. Han, bukaeran bereziki, uste dut jendea askatzen dela, entzuleek ere zirrara bereziak bi-daltzen dizkigute txalo artean eta hor bakoitzak bere ertzetik transmititzen dio bere emozioa jendeari. Holakoan guztiz inpermeablea izatea ezinezkoa da.

Badakizu atzerriko ikerlari ugari izan dela BECen. Horietako batzuk kubatarrak, negar ere egin zutenak bertsoak entzutean. Ikaragarria, kontutan izanda itzulpena jasotzen zutela, ez jatorrizkoa...

BECen jazo zenaren dimentsioa ulertu bazuten, itzultzaileek lan ederra egin zuten seinale. Madarikatuko gintuzten behin baino gehiagotan, ziur. Baina esango nuke gaur egungo munduan gauzak makro eta handiki egiteko joera bat badagoela, eta gurea justu kontrako bidetik doala, ahots hutsez eta hitz hutsez eta ia-ia autosufizientziarik soilenean gertatzen den jolas bat delako, joko gisa antzeztua, eta agian kontrabide izate horrek berak harritzen ditu. Eta nik uste benetakotasun bat badagoela azpian, eta agian horrek hunkitzen duela jendea. Gauza ederra da munduko ertzetatik belarriak eta begiak luzatzea hona, eta haiei transmititzea igandean gertatu zena... Beraientzat aberasgarria izango da, baina baita guretzat ere.

2009tik gauza asko aldatu dira euskal gizartean, eta finalak erakutsi digu bertsogintza ere aldatu dela: gaiak, diskurtsoa, enfokeak...

Bertsolaria pertsona da eta bere inguruko giroa arnasten dabil uneoro, eta inguru hori aldatzen den neurrian pertsona ere horretara egoki-tzen saiatzen da, eta ahal baldin badu aurreratzen saiatzen da, bere kezkabideetatik, gustuko ez duen egoera batetik etorkizun batzuk erein nahian. Normala da gaiek eboluzio bat izatea; lehengo gaiei beste modu batera begiratzen zaie, beste diskurtso batzuk ere azaltzen dira eta gu saiatzen gara gure aletxoa aportatzen, bakoitzak sentitzen eta pentsatzen duenetik. Bizi-bizi egon behar du bertsolariak, errealitate biziari kantatu behar baitio.

Eta zein polita Sustrai zortzigarren izana, eta ez 'azkena', beste norgehiagoka askotan gertatzen den moduan.

Niri dagokit kasu honetan hau esatea. Aurretik ere pentsatua nuen baina nagoen posiziotik garbi ikusten dut atzo bezalako egun bat, horrelako final handi bat galtzailerik gabekoa dela, hots, irabazle bakarra ez duen festa. Denok gara irabazle.

Lehiaketa ezohikoa...

Bertsoa bera ere ezin daiteke ulertu klabe deportiboan, nahiz eta Txapelketak mugatzen gaituen pixka bat eremu horretara. Finean, lehia bat ere badago, baina Maialenek esan zuen bezala, lehia horrek gero gure barruan oso interpretazio bereziak ditu eta bertsoa kooperazioan egiten den ariketa eta jolas bat da. Polita da gaur egungo gizartean konpetitibitatea hain nabarmenki eta hain agresiboki zabaltzen ari denean, guk bestelako kontu bat proposatzea, bestelako su bati begira gaudelako eta gure arteko harremana ere horrelakoa delako: lehiaren parodia bat eskain-tzen dugu, barnean benetako joko bat duena, baina azkenean nagusi-tzen dena gure arteko jolasa da.

Iparraldeak eman duen lehen txapelduna zara. Badago horren atzean ezelako hausnarketarik?

Hernanitik Hendaiara mugitu da txapela eta ez du salto handiegia egin. Maialenen txapelak, Egañarenak edo nireak zazpi probintziak sinbolizatzen ditu. Baina egia da datua hor dagoela, lapurtar bati eman zaiola txapela. Baina hori hartzen dut guri interesatzen zaigun zentzuan: alde honetan bizi dugun hizkuntzaren eguneroko borroka bide nekezetan joaten da askotan (Hendaiako ikastolaren egoera ikustea baino ez dago), eta txapel honek balio badezake egunero ahalegin horretan bizi denari ilusioa eta hauspoa emateko, pozik nintzateke.

Iparraldean euskarak bizi duen egoerak kezkatzen zaitu, nabarmen.

Hemen nekezak dira euskaraz bizi nahi duenaren bideak eta etengabe gure hizkuntzaren aldeko jarrerak modu kontsekuentean eramaten ditugunean, badirudi geure burua justifikatzen ibili behar dugula. Hemen, euskaldunak eta euskarak beste edozein hizkuntzak baino zabalketa ariketa handiagoa egin du, eta bizitza guztian geure burua justifikatzen ibiltzearen karga hori gainetik kentzen dugunean, bide dexente egingo dugu aurrera. Bestetik, egia da hemen eguneroko beharra gorria dela eta ilusioz heldu behar zaiola, baina arduran dagoen jendeak errealitateaz kontzientze behar du izan eta erantzunak eman behar ditu. Eta gero, eguneroko hizkun-tzaren erabileraren ardura dugunok kontsekuenteak izan behar dugu gure aldarrikapenekin. Hor badugu nahikoa lan.

2005ean jokatu zenuen lehen finala. 2009koan txapelaren atarian gelditu zinen eta orain txapeldun zara. Bada, tarte horretan izango zen eboluzio bat zure bertsogintzan, ezta?

Hori gauza zaila da zehazten, askotan ez baitzara izaten zeure bertsokeraren jabe. Niri kosta egiten zait nire bertsokera adjektiboekin definitzen, eta beldurra ere ematen dit, hautatu dituzun adjektibo horietan preso gelditzeko arrisku puntu bat ere ikusten diodalako. Zerbait esatekotan, esango nuke gai sozialekiko interesa daukadala, kazetaria naizen aldetik; gero, Egaña edo Maialen bezalako bertsolarietatik hartzen ere saiatu izan naiz, sakontasun pixka bat bilatu guran. Umorearen bidean, esaterako, kosta egin izan zait bertsotan ibiltzea eta uste dut erregistro hori bilatzen badudala nahikoa lan. Gero, bertsokera etengabe eboluzioan dagoen zerbait da, ez da zerbait geldoa, eta uste dut baietz, beste bide batzuk sakontzeko zera hartu dudala.

Hain zuzen, adituek aitatu dute finalean umore gutxi sumatu zela.

Txapelketetan maiz gertatzen den gauza da hori. Badirudi umorea erabat bideratuta dagoela egoera konkretu batzuetara eta neurri konkretu batzuetara, zortziko txikira eta puntutakoetara. Gero, egia da Txapelketak ez zaituela plazetako liberazio puntu horretan harrapatzen eta beharbada normalagoa da bertsokera arrazoietara eramatea, tonu serioago bat bilatzea. Erosoago ez dakit baina iruditzen zaizu erortzeko arrisku gutxiago duzula. Baina bai, umorearen ideia hori ahalik eta gehien jorratu behar da eta hobe zortziko txikitik zabalduko balitz bestelako ariketa batzuetara. Edonola ere, bertsotan umorearen erregistroa lantzea ez da erraza, inork ez duelako umore merkea egin nahi.