Barearen ostean dator ekaitza
Joan den astean Itsasorekin egin nuen topo berriz. Haserre zegoen, amorratuta. Eta azkenaldian, sarri sumatu dut hala. Badirudi dena suntsitu nahi duela, ez duela bere baitan aguantatzen. Baditu egun lasaiak (edo lasaiagoak), baina egun dexente da aztoratua dagoela. Barrenak nahasita dauzka eta hasi da azalera-tzen.
-Kaixo Itsaso!
-Iepa, arratsalde on.
-Zer gisa? Ongi al zaude? Goibel samar ikusten zaitut.
-Bai... egia esan? Egunak ditugu, badakizu, batzuetan gora beste batzuetan behera? baina ez nago ongi, ez.
-Bai, zerbait ote zenuen?
-Itota nago. Tokiz kanpo sentitzen naiz azken boladan. Baina aldi berean mugak jarri dizkidate. Ez didate uzten nire bidea behar bezala egiten.
-Bai zera! Nolatan ba?
-Ez dakit, ez nago eroso. Ez nago lasai. Sentsazioa daukat egunen batean hau dena lehertuko dela. Eta beldur naiz nire erreakzioa ez ote den gehiegizkoa izanen. Baten bat kaltetuta aterako ote den? Denbora asko daramat honekin?
-Lasai, ba, neska. Baretuko da dena.
-Jendea oso gainean nabaritu dut, nire tokia hartuz, eta berez dagokidanaren er-tzak gainditu dituzte. Eta orain hondarreratu naizela, batzuek gaizki hartu dute. Besteak harriduraz daude? Norberea dena errespeturik gabe kentzen dizutela senti-tzea gaitza da aizu?
-Bai, oso?
Honen ondotik Haizearekin egon nintzen kasualitatez. Bazuen Itsasoren egoeraren berri, zerbait antzemana omen zen, zerbait ikusia ere bai, inoiz. Harekin bi hitz egin nituen, kale bazter eta hotz batean, eta antza denez, koadrilako Ekaitz, Ilargi eta Ur ere arduratuta zeuden Itsasoren damuarekin. Eta ulertzen zuten haren nahigabea. Baina ez zekiten nola lagundu hura.
-Tira? Nonbait, lehenago edo geroago, itsasoak beti hartzen du bere tokia.
Zioten lagunek triste, baina logikari dei eginez. Itsasori berea zor baitzitzaion.
"Itsasoa laino dago"enean, maiz, "Barearen ostean dator ekaitza". "Itsasoa hain urruti, sentimenak horren hurbil" ditugula gaude gehientsuenak ur-zaku handiarekiko amodio-gorroto zirraran. "Eta ez galdetu inoiz zer galdu genuen negar egin genuenean, malko haiei esker orain itsasoa gara" eta.
"Zu zara itsasoa, hor zaude zu niri oihuka, niri deika eta begiratzen zaitut zure iluntasunean, zure urdintasunean, niretzat gaur zaitut gorriz jantzia". "Eta (lagunok) itsasoa? Itsasoa ere haserre dago".