iruñea - Zeru grisa, paisaia elurtua, mutiko bat eta neska bat. Osagai horiekin sortu dute Isaak Martinezek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1975) eta Liebana Goñik (Iruñea, 1986) aurtengo Etxepare Sariaren irabazle izan den istorioa, Zerua gris dago, zeinetan adiskidetasunaz, generoaz eta aurreiritzien pisuaz aritzen diren. Nafarroako 19 toki entitatek, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin antolatzen duten sariketan, era sotilean aldarri zorrotzak egiten dituen haurrentzako bilduma hau aukeratu dute edizio honetan bildutako 23 lanen artean.
Aipatu bezala, bi haur dira Goñiren ilustrazioak eta Martinezen testuak osatutako lan honen protagonistak, “elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere”, egileek atzo Antsoaingo Udalean ospatutako sari banaketan azaldu bezala. “Elur artean denbora aurrera doa, baita haien arteko erlazioa ere”.
Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute. Epaimahaiaren iritziz, “albumean adiskidetasun baten sorrera konta-tzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila.” Halaber, testuaren eta irudiaren oreka nabarmendu nahi izan zuen Zubizarretak, “apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.”
Aurreko edizioetan bezala, Pamielak udazkenean argitaratuko du lana.
Etxepare, hutsune bat betetzeko Antolatzaileek aditzera eman bezala, literatura sari esanguratsu baten hutsunea betetzeko helburuarekin sortutako sariketak 2004ean hasi zuen bere ibilbidea, Nafarroako hainbat toki entitateetako Euskara Zerbitzuen eskutik. 2006tik aurrera Etxepare haurrentzako bildumak sortzeko beka bihurtu zen, izan ere, alor honetan itzulpen lanak nagusi-tzen zirela nabarmena zen, jatorrizko ekoizpenen gainetik.
2009tik aitzinera, beka izateari utzi eta sariketaren formatua berreskuratu zen. Ordutik, Pamiela argitaletxeak hurrengo lanak argitaratu ditu: Gerlari handia (Pello Añorga eta Jokin Mitxelena), Zirkua amets (Joxan Ormazabal eta Iraia Okina), Katalina kontalari (Iñaki Zubeldia eta Estibalitz Jalon), Alex, nire laguna (Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga), Euria ari duenean (Leire Salaberria), Hara! (Miren Asiain) eta Gerrak ez du izenik (Leire Bilbao eta Maite Mutuberria), Hiltzaileak (Leire Salaberria) eta Munstroek ere pixa egiten dute ohean (Pello Añorga eta Jokin Mitxelena)
Agoizko Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako Udala, Esteribarko Udala, Garesko Udala, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Uharteko Udala, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatuak antolatzen duten lehiaketa.
Isaak Martinez, testuaren egilea. Hondarribian jaio zen 1975ean. Bertan institutua amaitu ondoren, Iruñera etorri zen Irakasletza egitera. Haur Hezkuntzako maisua da eta Uharten bizi da. .
Liébana Goñi., ilustratzailea Arte Ederretan lizentziatua, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Artistikoko Zuzendaritzan espezializatua. Ilustrazioarekin zerikusia duten jardueretan parte hartu du, bai bakarka edota Y Peluda kolektiboaren partaide bezala.