BILBO - “Historia kapsula txikiak dira”. Hala definitu zuen Hektor Ortega historialarik Gomutan Bilboko historiako atal ezezagunak liburua, atzo Bilboko udaletxean Juan Mari Aburto alkatearekin batera aurkeztutakoa.

Bertan, Ortegak hiriko pasadizo ezezagunak kontatzen ditu. Bilbo Hiria Irratirako sortutako 40 istorio txiki dira liburuan bildutakoak, oraingo honetan liburu formatuan argitaratutakoak. “Nahiz eta jatorrizko testuak mantendu, irratiko testuak pixka bat zuzendu dira liburura moldatzeko”, azaldu zuen historialariak.

“Uriko pasadizo guztiak idatzita zeudela ematen zuen, sekreturik ez zegoela”, adierazi zuen Juan Mari Aburto alkateak. Modu horretan, liburuak kontrakoa frogatzen zuela gaineratu zuen, izan ere bertan Bilbon leku izandako gertaera anitz kontatzen dira, orain arte ezezagunak zirenak edota garrantzitsutzat jo ez direnak. “Liburu honetan ahaztutako pasadizo ugari errelato labur eta independente gisa bildu dira, antzinako Bilbo batera eramaten gaituena, borrokatu zuen Bilbo batera eramaten gaituena”, adierazi zuen Aburtok.

Liburuaren kronologia prehistoriatik XX.mendeko erdialderaino doa. “Kasu batzutan igartzen da gaurkotasunetik abiatu direla eta beste kasu batzuetan mendeurrenetik”, adierazi zuen Ortegak, izan ere 2017-2018an egindako liburuan, gerra zibilaren 80.urteurrena, edota mundu gerraren mendeurrena agertzen dira, beste data garran- tzitsu batzuen artean.

Historialariak adierazi zuenez, “historiako liburuetan agertzeko zailtasun handienak dituzten petsonaiak islatu ditut liburuan; batez ere langileak eta emakumeak”. Horrez gain, ahaztu edo galdu diren pertsonaiak, berbak eta lekuak agertzen dira, hala nola, antzinako ermitak, irainak, errotak, uharteak baina batez ere pertsonaiek garrantzi handia bereganatu dutela gaineratu nahi izan zuen historialariak. Horien artean, Jose Larrinagaren exekuzioaren istorioa gailendu zuen, berarentzat politena zela azpimarratuz. Larrinagak egindako krimen gogorra kontatzen da liburuan, horretarako bertso sorta batez baliatuz, izan ere ahozko tradizioz transmititutako istorioa da.

Pasadizo guztiak bildu ahal izateko, ikertze lana aurrera eramatez gain, jadanik argitaratutako liburuetan oinarritu dela aitortu zuen idazleak. Bilboaldeko Deustuko Prest eta Begoñako Berton aldizkarietan idatzitako testuak ere erabili ditu. “Gainera, Bilboaldeko testuak erabili dira”, azkenean liburuan bilakatu direnak. Modu horretan, “dibulgazio helburua” ardatz izanik. Izan ere, hiriko historian interesa duen jendearentzat dela adierazi zuten prentsaurrekoan, “publiko zabalerako idatzita” dagoela. Erraz irakurtzekoa izateaz gain, gaur egungo gai ba- tzuekiko alderaketak agertzen dira, testuak irakurleentzat erakargarriagoak izateko helburuarekin.

Euskaratik sortua Hektor Ortega historialariak adierazi zuenez, euskaratik sortutako liburua da Gomutan Bilboko historiako atal ezezagunak, izan ere hizkuntza honetan idatzitako testu anitz izan ditu ardatz. Gainera, Maialen Lujanbioren bertso bat gogorarazi nahi izan zuen liburuaren helburu nagusia deskribatzeko: “Euskararen herri hau sortzen jarraitu behar dugu”. “Gaiak euskaratik begiratzea da garrantzitsua, ez bakarrik euskaraz egitea”, gaineratu zuen Hektor Ortega historialari eta idazleak.