iruñea - Abiatzear da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, historiako 44.ena. Final-laurdenetako fasea otsailaren 9an hasiko da, eta martxoaren 23an bukatuko da txapelketa, finalarekin. Horren aurretik, ordea, bi aurrekanporaketa jokatuko dira, txapelketan ariko diren bertsolarien zerrenda zehazteko helburuz.30 bertsolarik eman dute izena aurtengo edizioan, baina 24 izango dira final-laurdenetako fasean. Hori hala, bi aurrekanporaketa jokatuko dituzte lehen aldiz parte hartzen duten sei bertsolariek eta azken txapelketako azken sei sailkatuek, eta horietatik sei pasako dira otsailean hasiko den fasera.

Gaur jokatuko da lehen aurrekanporaketa, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin, 19.30ean, eta bihar, bigarrena, Irunberriko Gizarte Etxean, 17.30ean. Guztira, hamabi bertsolari ariko dira kantuan, sei parte hartzaile berriak (Aitor Irastortza, Ander Baiano, Idoia Granizo, Endika Legarra, Mintxo Astiz eta Xabat Illarregi), eta 2017ko txapelketako azken sailkatuak (Saats Karasatorre, Egoitz Gorosterrazu, Oskar Sanz de Acedo, Sahats Aleman, Joana Ziganda eta Diego Riaño -azken horrek ez zuen parte hartu 2017koan, baina bai aurretik-). Arkaitz Goikoetxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena izango dira epaile bi aurrekanporaketetan, eta haiena izango da bertsolarien jarduna epaitzeko ardura. - M.M.P.