iruñea - La Cuerda antzerki konpainiak, Izotza apurtzen den er-tza antzezlana estreinatuko du bihar, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), arratsaldeko 20.00etan. Iruñeko Udalaren eta NAE-ren artean antolatutako Antzerki Aroa euskarazko antzerki zikloa itxiko du ikusleak Siberiar lurretara eramango dituen obra honek.

Maitane Perez, Maider Lekunberri eta Olatz Beobide antzezleek hezurmamitzen dituzte Eva Redondok idatzi eta zuzendutako obra honen hiru protagonistak. Erika, National Geographic aldizkarian lan egitea amesten duen argazkilari gaztea da, eta Artikora joan da urtze-aldiaren bilakaerari buruzko erreportajea egiteara. Bien bitartean, bertako amona-iloba bikote bat, desegiten ari den bizitoki batean bizirauteko borrokan ari dira. Egoera horietatik abiatuta, kontzeptu baten pean bilduko diren gai desberdinak oholtzaratuko ditu antzezlanak: esplotazioa.

Atzo Perezek berak Beobiderekin batera NAE-n eskainitako aurkezpenean azaldu moduan, “esplotazioaz hitz egiten duen obra bat da, baina modu irekian ulertuta”. Izan ere, bi ardatz nagusi uztartuko dira horren harira: gizakiaren esplotazioa, batez ere esplotazio sexuala eta, bigarren maila batean, baita lan-esplotazioa ere; eta munduaren edo naturaren esplotazioa, ingurumenari dagokionez. “Betiere”, zehaztu zuen Perezek, “galdera bat proposatzen da: non dago esplotazioaren eta bizirapuenaren arteko muga? Erantzunik ez ematen saiatu gara. Pertsonaia desberdinen ikuspuntua agertzen dugu, ikuslearen esku utziz galdera horri eran-tzuna bilatzen, horren inguruan hausnartzen”. Hiru pertsonaien arteko topaketan, “hirugarrren gai garrantzitsua” agertuko da, hau da, kultura desberdinen arteko talka.

Aktoreak argitu bezala, gaiak gogorrak izan arren “ez dira modu krudel batean tratatzen” antzezlanean. “Oso obra dinamikoa eta entretenigarria da, fragmentazioaren dramaturgian oinarrituta dagoena, hau da, ez dago modu lineal batean kontatua, errealitatearen fragmentu desberdinak erakusten ditu, ikuslea aktibo mantenduz”.

Atmosfera Siberiarra, oholtzara Eva Redondoren testu “bikain” batean oinarrituta dago obra. “Bera izan da gure oinarria eta gure izarra”, azpimarratu zuen Beobidek atzo. “Antzezlanaren sorkuntza puzzle lan bat izan da, baina berak eman zigun testu borobila, oso garrantzitsua izan da”.

Proposamenaren alderdi estetikoa ere oso zainduta dago. “Siberian gertatzen den istorioa da eta atmosfera hori sortzeko antzerkiko elementu guztiek bat egin dute”, azaldu zuen Pérezek: bai musikak, Pascal Gaignek obrarako espreski sortu duena; bai eszenografiak, bai jantziek, bai argiztapen eta ikus-entzunezkoek ere, Acrónica Producciones-en eskutik joan direnak. “Elementu guztiak modu polit batean elkartu dira, guztien artean sekulako komunikazioa egon da eta atmosfera hori oso osatua gelditu da”.

La Cuerda antzerki konpainiak eta Olatz Beobidek ekoiztutan antzezlanak Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du, eta aurretik ere oholtzaratua izan da gaztelerazko bertsioan.

Talde artistikoa. Eva Redondo (zuzendaritza eta gidoia); Olatz Beobide, Maider Lekunberri eta Maitane Perez (aktoreak), .Acrónica Producciones (argiztapena eta ikus-entzunezkoak), Pascal Gagine (musika), Edi Naudó (eszenogragia). .

Noiz, non. Bihar, asteazkena, 20.00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak, 8 euro.