donostia - Hiru hamarkada beteko dira aurten Dragoi Bola euskaraz entzun zen lehen alditik. 1989ko urriaren 4an eman zuten gurari guztiak betetzen zituzten zazpi dragoi bolen bila zihoan Goku txikiaren abenturen lehen atala. Arrakasta handia sortu zuen euskal gazteriaren artean; polemika, aldiz, helduen artean, irudien biolentzia esplizituarengatik. 30 urteren ondoren, bihar, Euskal Herriko zenbait zine aretotan Akira Toriyama autoreak sortutako pertsonaiei buruzko film berria estreinatuko dute, Zineuskadiri esker, euskaraz eta betiko ahotsekin.

NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak telesailaren lehen eta azken bikoizketa zuzendariekin hitz egin du, Dragoi Bolak garaiko gazteen artean euskararen hedapenean lagundu ote zuen galdetzeko. Xabier Amuriza bertsolaria izan zen lehen “atal mordoskaren” bikoizketaz arduratu zena eta maila altuko itzulpena landu zuena. Xabier Arkarazo aktore eta bikoiztailea izan da Dragoi Bola Super: Broly film berriaren itzulpenaz arduratu dena. Ez hori bakarrik: hasiera-hasieratik lan egin du telesaila bikoizten. Hasierako ataletan Pilaf moduko antagonisten ahotsa izan zen baina ETBn Dragoi Bola Z ematen hasi zirenean Vegetaren ahots bereizgarria bihurtu zen.

80. hamarkadaren azken urte horietan, Amurizak Edertrack estudioan lan egiten zuen itzultzaile gisa eta bere eskuetara iritsi zen Japoniako telesaila -audio originala japonieraz zegoen baina gaztelaniara itzulitako testu batetik abiatzen zen bikoizketa egiteko -. “Kapitulu asko egin nituela gogoan daukat, ez nago seguru baina zientoka izango ziren”, dio bertsolari eta idazle bizkaitarrak. Marrazki bizidunak izanda, beste lan batzuk baino “errazagoa” izan zela dio, egokitzapena modu sinpleagoan egin zitekeelako. “Haurrentzako eta, bereziki, gazteentzako telesaila izanez, testuetan ahalegina egin genuen horrelako hizkera bizi bat izateko, euskara on bat izateko. Hori zen nire buruan zegoena”, azaldu du.

Bertsolariaren lanak “laudorioak” jaso zituen. “Dotore eginda dago”, “ikusten da hor eskua badagoela” eta horien modukoak esaten zizkioten Amurizari. “Telesailerako erabiltzen nituen hitzak, itzela esaterako, zabaltzen ere hasi ziren”, dio idazleak eta gaineratu du, bere ustez, “kalitatezko” lan bat egin zuela.

Felix Arkarazorentzat, “ez dago ukatzerik Dragoi Bolak, orain dela 30 urte, belaunaldi gazteen artean euskara sustatu zuela”. Horri tiraka, Amurizak egindako lana goraipatzeaz gain, bikoiztaileak dio sailari esker gazteak ohitu egin zirela modu normalizatuan euskarazko ikus-entzunezkoak kon-tsumitzera.

arrakasta “Bagenekien arrakasta asko zuela. Horregatik etxera etor-tzen ziren umeak ganbarara eramaten nituen, lan egiten nuen lekura, hementxe sortzen da Dragoi Bola esaten nien eta liluratuta gelditzen ziren”, gogoan du Amurizak.

Arrakasta handiko telesaila izan zen bai hemen eta baita mundu osoan ere. Pelikularik gabeko 16 urteren ostean, 2013an berri bat estreinatu zuten eta 2015ean beste bat. Hurrenez hurren, Dragoi Bola Z: Jainkoen Bataila eta Dragoi Bola Z: F Berpiztua izenburuekin eskaini ziren Euskal Herriko aretoetan. Bihar estreinatuko den Dragoi Bola Super: Broly luzemetraiarekin gertatu bezala, aurrekoetan ere Felix Arakarazo izan zen bikoizketa zuzendaria. Halere, telesailarekin aktoreak duen lotura luzea da, jatorrizkoan eta ondoren etorriko zen Dragoi Bola Zn bikoiztaile aritu baitzen.

Gertatutakoa “sorpresaz” hartu zutela gogoratu du. Garai horretan Japoniako komiki eta ekoizpenei buruz ezer gutxi ezagutzen zen Euskal Herrian. Arkarazorentzat Gokuren istorioek, bereziki hasierakoek, badute “kutsu” mitologiko bat, aldi berean, “unibertsala” dena. “Dragoiaren bolak bilatu behar hori oso kontu unibertsala da. Zinemagintzan, literaturgintzan eta grekoen sasoitik ere hori izan da ardatz nagusia”, azaldu du.

Telesailaren arrakastak ez du “arrazoi bakar bat”, asko baizik, eta horien artean kokatu ditu Arkarazok irudien dinamismoa, “orain hain modan dagoen Japoniaren kultura eta mitologia pixka bat erakutsi izana” eta istorioak “berez unibertsalak diren gaiak” landu zituela.

Unibertsaltasun hori hizpide, “bidaia” eta “bilaketaren” ideiei heldu die Arkarazok, eta Jason eta Argonautak, Odisea eta El corazón de las tinieblas moduko istorioak eredu gisa jarri ditu, besteak beste: “Esan izan da literatura, orotara, joan-etorri horretara laburbil daitekela”, esan du.

Hain zuzen ere, Toriyamak bere obra handia sortzeko garaian -Dragoi Bola jatorriz 1984 eta 1995 bitartean argitaratu zen 512 atal dituen komiki bat izan zen- literatura txinatar klasikotik edan zuen: Gokuren lehen abenturak Txinan XVI. mendean argitaratutako Hegoaldera bidaia liburuan bildutako ipuinetan oinarriturik daude.

Gerora, telesailak aurrera egin ahala, Dragoi Bolak bidaiaren ideia baztertu egin zuen eta borroketara “jo zuen nabarmenegi”. Bihar estreinatuko den pelikulan, ordea, filmearen erdiraino “bilaketaren” ideia berreskuratu egiten dela dio bikoizketa zuzendariak. “Oso unibertsala ere den aitaren presentzia eta norberaren bilakaera bultzatzeko aita gainditu behar hori ere badago”, azaldu du.

polemika apur bat Dragoi Bolaren emisioa Estatura 1989an iritsi zen. Gaztelaniara itzulita eta Bola del dragón izenburupean bota zuen lehen katea Canal Sur izan zen eta hortik aurrera telebista autonomikoetan bere ibilbideak aurrera egin zuen, bakoitzean bikoizketa konkretu batekin: As Bolas Máxicas galiziarrez; Bola del drac katalanez eta, noski, Dragoi Bola, euskaraz. 1997. urtera arte ez zen Estatu mailako kateetan emititu, Antena 3k lizentzia eskuratu arte.

Hasierako urte horietan, ordea, telesailak trasmititzen zuen biolen-tzia oso kritikatua izan zen. Amurizak ondo gogoratzen ditu garai horiek, Euskal Herriko egunkari batek Goku, Bulma, Yamcha eta beste pertsonaien abenturen bikoizketa zuzendari aritzeagatik, bere aurkako gutun bat argitaratu bai-tzuen: “Gogoratzen dut norbaitek ere idatzi, idatzi zuela nahiko zabal, galdetuz ea Amurizak nola egiten zituen horrelako gaiak, zeren nahiko biolentoa zen Dragoi Bola hori”, barre egin du bertsolariak.

Ez hori bakarrik, hasiera batean berari ere ikusten zuena biolentoa iruditzen zitzaion, eta horrelako edukiak haurrentzat prestatzea “gogor” egiten zitzaion, baina gero “ohitu” egin zen. Gauza berria zen guztientzat, bai eduki aldetik eta baita sortu zuen fenomenoarengatik ere.