iruñea - Urtarrilean zehar jokatutako aurre-kanporaketen ondoren, bihar abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 44. edizioa. Lehenengo final-laurdena Tuterako Musika Eskolan jokatuko da, Aimar Karrika, Alazne Untxalo, Eneko Fernandez, Joana Ziganda, Mikel Lasarte eta Saats Karasatorre bertsolariekin, Maialen Belarrak gidatuko duen saio batean. Igandean, Urdazubiko Kultur Etxean jokatuko da bigarren final-laurdena, eta bertan Iban Garro, Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo, Julio Soto, Sahats Aleman eta Saioa Alkaiza arituko dira, Ainhoa Larretxeak gai-jartzaile lanak egingo dituelari. Bi saioak arratsaldeko 17.30ean izango dira.

Lehenengo bi saio hauen ondoren, datorren asteburuan Irurita eta Lizarrara iritsiko da txapelketa. Otsailaren 16an, Iruritako Gazte Bilgunean, Endika Legarra, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi, Xabier Maia eta Xabier Terreros ariko dira bertso-lehian; eta igandean, Lizarrako Gazteriaren Etxean, Amaia Elizagoien, Diego Riaño, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta eta Sarai Roblesen txanda izango da.

Lehenengo fase honen ondoren jakingo da zeintzuk diren finalerdietara igaroko diren bertsolariak. Finala, martxoaren 23an izanen da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. - M.M.P.