iruñea - Zazpi proposamenek osatuko dute otsailaren 13an hasi eta martxoaren 12ra arte luzatuko den Irriziklo euskarazko umore zikloaren hamaikagarren edizioa. Iruñeko Udalak antolatzen duen zikloaren programa berrian, atzo eskainitako aurkezpenean zehaztu zen bezala, denetatik aurkituko da: bakarrizketak, mikro-antzerki saioak eta ohiko formatuko antzerki emanaldiak, betiere umorearen aterkipean bilduko diren ikuskizunak. Sarrerak 3 eurotan egonen dira salgai, eta ziklo osorako abonoak 10 euro balio du.

Pez Limbo konpainia gasteiztarra izanen da zikloari hasiera ematearen arduraduna, datorren asteazkenean, Oxido umore garratza emanaldiarekin. “Proposamen berritzailea” izango da, Jokin Campion Euskarazko Kultur Programazioko teknikariak atzo azaldu bezala. Izan ere, “giza harreman herdoilduak” mintzagai izango dituen obra, oholtzatik jaitsi eta hiru mikro-antzerki piezetan aurkeztuko zaio publikoari, Josune Velez konpainiako kideak argitu zuen bezala, publikoarekiko “gertutasuna eta konplizitatea” lortzea ahalbidetuko duena. Hala, pieza horietako bakoi-tzean, egoera ezohiko batzuei aurre egin beharko dieten pertsona bereziak agertuko dira.

Otsailaren 20an, eguneroko bizitza izanen dute ahotan Birjiñe Albirak, Iruñetik mundura emanaldian; eta Baltzizkuetak, Azken 10080 minutuen kronika groteskoa edo ez proposamenean. Albirak, aktore eta ipuin kontalaria, Iruñean kokatuko du emanaldia osatuko duten narrazio sorta. Baltzizkuetak, aldiz, egun honetarako azken 10080 minutuetako literatur albisteak ehizatuko ditu bakarrizketarako.

Otsailaren 27an Jose Cruz Gurrutxagaren txanda izango da, Umorea bakarrizketarekin. Bertan, tartean Jaun ta Jabe, Goenkale edo Mi querido Klikowsky bezalako telesailetan aritu den aktore ezagunak bizitza, familia eta bikote-harremanak bezalako gaiak izango ditu ardatz.

Hain zuzen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna baino bi egun lehenago, genero ikuspegiari tartea egingo zaio Irriziklon. Izan ere, martxoaren 6an generoa eta umorea eskutik joango dira Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai kazetariek aurkeztuko duten Bakean dagoena bakean utzi emanaldian. Elkarrekin sortutako sei bakarrizketek osatuko dute emanaldia, tartean euskalkiak, onomatopeiak, amatasuna, gorputza edo kristalezko sabaia bezalako gaiak landuko dituztelarik. Bukatzeko, martxoaren 12an, bi emanaldik emanen diote itxiera zikloari: Mikel Martinezen Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña bakarrizketa; eta Komunak, Irati Agirreazkuenagak eta Arantzazu Sanzek aurkeztuko duten antzezlana.