BILBO. Ruper Ordorikak Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria jaso du "Bakarka" lanari esker. Espainiako Musika Independentearen MIN sarien banaketa bart izan zen Madrilgo Teatro Circo Price aretoan, Etxepare Euskal Institutuak esan duen arabera.

40 urteko ibilbidean argitaratutako 12 abesti berreskuratu eta ordena kronologikorik gabe bildu ditu Ordorikak "Bakarka" diskoan. "Gitarra eta ahotsa protagonista dira, eta biluztasun horrek atmosfera intimista bat ematen dio emaitzari", adierazi dute.

Izaro abeslariak eman zion saria Ruper Ordorikari. Irabazteko hautagai ziren gainontzeko euskal taldeen artean Gatibu, Broken Brothers Brass Band, Revolta Permanent eta Izaki Gardenak zeuden. Bestalde, sari banaketa ekitaldian protagonismo handiena izan zuena Morgan talde madrildarra izan zen. Rock Disko Onena, Zuzeneko Onena, Ekoizpen Onena, Artista Onena eta Disko Onena izan ziren boskoteak irabazi zituen sariak. Kategoria hauetako batzuetan, izendatuta zeuden Atom Rhumba edo Belako euskal taldeei gailendu zitzaien.

Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen dituen MIN Sariak 2009. urtean sortu ziren, estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.

Etxepare Euskal Institutuak 2014tik babesten du Euskarazko Disko Onenaren Saria MIN Sarietan, euskaraz egindako musikari estatu mailan ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Berri Txarrak, Jabier Muguruza, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Delorean izan dira talde sarituak aurreko urteetan.