Ttap Nafarroa aldizkari digitalaren bigarren zenbakia kalean da jada. Kalera baino, mugikorretara ailegatu dela erratea, alta, zuzenagoa litzateke. Izan ere, euskarazko lehenengo medio 100% digitalak informazio kontsumo tradizionalaren mugak hautsi eta irakurtzeaz gain, ukitu, ikusi eta en-tzun daitezken edukiak eskaintzen ditu, Juan Kruz Lakasta kazetari eta Ttap aldizkariaren Nafarroako edizioaren koordinatzaileak atzo Iruñeko Katakraken egindako ale berriaren aurkezpenean azaldu moduan. Aplikazioa mugikorrera jaistea besterik ez dago Angel Errok Iñigo Astiz kazetari eta idazleari egindako elkarrizketa mamitsua gai nagusitzat duen aldizkariaren bigarren ale honetan murgiltzeko.

Aldizkari berriak maiatzaren 31n plazaratu zuen bere lehenengo zenbakia, baina aitzitik zero alearen eskarmentua ere bazuen. Publiko euskaldunaren artean edukitako harrera positiboa nabarmendu zuen koordinatzaileak, eta lan taldea “oso harro” dagoela jasotako feedback positiboarekin: “Nabari da bazela honelako produktu berritzaile baten egarria publiko euskaldunaren artean”.

Argitalpenaren izaera berritzailea nabarmendu zuen bereziki Lakastak. “Ezaugarri hauek dituen Nafarroako lehenengo argitalpen digital eta multimedia da, eta euskaraz plazaratu da. Euskarazko proiektuak oso berritzaileak izan daitezke, eta hauxe da horren adibide garbia”. Hala, hamabost eguneko maiztasunarekin, Ttap Nafarroa-k bertako pertsonaien elkarrizketa sakonak, iritzi zutabeak, grafiko interaktiboak, bideoak eta bestelako edukiak ekarriko ditu, betiere kalitatezko kolaboratzaile talde baten eskutik.

Kalitatezko formatu eta edukia “Kalitatearen aldeko apustua egin dugu, saiatu gara formatua bera goi mailakoa eta kalitate handiako izaten; eta eduki aldetik ere mailari heusten saiatu gara. Apaltasun osoz, baina nik esanen nuke goi mailako kolaboratzaileak lortu ditugula”. Izan ere, kolaboratzaile taldea da hedabide berriak duen indar nagusietako bat, atzo azaldu zuten moduan. Besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epaltzaren sinadurak izanen ditu Ttap Nafarroa-k. “Talde askotarikoa da jakintza alorrari eta generoari dagokionez. Erreferentziazkoak dira, zer kontatu badutenak eta motxilan gauza interesgarri asko dituztenak. Eta hori emaitzan ere sumatu egiten da”. Agerraldian parte hartu zuten Errok, Arraizak eta Ugartek pozik onartu zuten aldizkari digitalaren gonbita, eta hirurek “halako proiektu berri, berritzaile eta ilusionagarri batean” ekarpena egiteko aukera izatea “oso pozgarria” suertatu zitzailea nabarmendu zuten.

Zenbaki bakoitzak elkarrizketa edo erreportaje nagusi bat izango du, testu, bideo eta audio formatuak uztartuz landuko dena; eta bestelako atal finkoak eskainiko ditu: iritzi zutabeak, grafiko interaktiboak, zinea, musika, teknologia eta moda aholkuak... Aldizkariaren zuzendari Monika Belastegik azaldu moduan, aldizkari osoa ordu laurden batean irakurri ahal izatea da helburuetako bat, “nahi duenari denbora gehiago pasatzeko aukera eskainiz, multimedia eduki aberastuaren bidez”.

Eredua, Katalunian Aldizkariaren eredua Bartzelonako Esguard aldizkaria izan da. Haren sortzaile eta zuzendaria den Germà Capdevila kazetariak ere parte hartu zuen atzoko aurkezpenean, eta bere poza adierazi zuen Katalunian sortutako eredua Nafarrora ere zabaltzeagatik. Sei urteko ibilbidean, hedabide katalanak 300 zenbakitik gora argitaratu eta asteroko 15.000 deskarga izan ditu. “Aspalditik genuen gogoa esperien-tzia publiko euskaldunare eskura jar-tzeko. Esguard-en azken urteotan pilatutako esperientzia Ttap-en eskura ere jarri dugu zalantzarik gabe”.

Ttap-ek edizio propioak ditu Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Iruñerriko Euskalerria Irratia, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen ekimene argitaratzen da, aipatu Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Android zein iOS sistema dute gailuetan deskargatu daiteke dagoeneko, doan.

100% digitala. Ttap aldizkaria gailu mugikorretan irakurri daiteke. Deskarga zuzena: http://labur.eus/ttap.

2 alea. Angel Errok elkarrizketatuta, Iñigo Astiz kazetaria da aldizkariaren bigarren aleko protagonista nagusia. Iritzi zutabeak, literatura eta zine kritikak eta bestelako artikuluak aurkitu daitezke.