DONOSTIA. Ertza eta Deabru Beltzak Libourneko Fest'Arts jaialdian izango dira. Jaialdiaren XXVII. edizioa abuztuaren 8, 9 eta 10ean ospatuko da. Dantza, antzerkia, musika, zirkua eta bar izango da Libournen.

Ertza dantza konpainia eta Deabru Beltzak kale antzerki konpainia izango dira jaialdian. Lehenak, Meeting Point lana aurkeztuko du bertan. Kale ikuskizun honek, bi gazteren historia kontatzen du. Herrialde berekoak diren arren, bertatik 8000 kilometrora eta ozeanoaren beste aldean dagoen herrialde batean ezagutzen dira. Elkarren artean antzekotasun eta lotura handia dute eta ikuskizun honek, bizitzak hartzen dituen bideez eta beste pertsona bat ezagutzean bizitzen ditugun aldaketez hitz egiten du. Meeting point izenak, jendeak topo egiten duen toki horri egiten dio erreferentzia, baita hori gerta dadin jarraitu behar diren bideez eta itxaron behar den denboraz. Abuztuaren 8, 9 eta 10 ean izango dira emanaldiak gaueko 21.30etan eta 15 minutuko iraupena izango du bakoitzak.

Deabru Beltzak taldeak, berriz, antzerki eta musika ikuskizuna eskainiko du jaialdian. Taldearen hain ezaugarri esanguratsua den sua ez da faltako egun hauetan. Symfeuny izeneko lanaren bidez, ikusleekiko harremana bilatzen du taldeak. Agerpen ikusgarri baten ondoren, perkusionistak ikuslearengana hurbiltzen dira danborraren doinuak ikusleei zirrara eragiteko. Horrela, kalea eta ikuslea eraldatzea lortu nahi dute. Talde honen emanaldiak abuztuaren 9 eta 10ean izango dira Libourneko kaleetan barrena gaueko 22.15etan eta 45 minutuko iraupena izango dute.

Etxepare Euskal Institutuak eta Fest'Arts-ek duten hitzarmena medio, 2012. urtetik, euskal talderen batek hartzen du parte jaialdian urtero, Euskadi á Libourne (Euskadi Libournen) izeneko ekimenaren bidez, hain zuzen. Mugaz gaindiko lankidetzaren bitartez akitaniar eta euskal kultur eragileak elkartzeko helburuarekin sortutako proiektua da.