elizondo - Jon Barberena Ibarra, 40 urteko baztandar bertsolari eta idazlea hil zen atzo goizaldean. Goizaldeko ordu biak aldera ondoezik sentitu zen, ezin arnastu, eta larrialdi zerbitzuek artatu eta suspertzen saiatu ziren arren, ezin izan zuten deus ere egin bere heriotza ekiditeko.

Eguna argitzera zihoanean bolo-bolo zabaldu zen albiste latza Erra-tzun, bere herrian, Elizondon, bere sorterrian, baita Baztan eta Euskal Herri osoan zehar ere. Argitzear zen eguna kolpetik hodei ilun baten pean gelditu zen, ixilik, ilun, triste, atsekabetuta. Mezuak, deiak, kaleko elkarrizketa guztiak gertakari sinesgaitzaren ingurukoak ziren.

Jon ezagutzen zuten guztien pentsamenduak bere familiarengana zuzendu ziren. Bere bikotekidearengana, bere seme-alaba ttikiengana, bere anaia eta aitarengana. Eta, nola ez, baita ama zenarengana ere, duela urte gutti Jon bezala, bat-batean, ezustean joan zen amatxorengana.

Egun gogorra izan zen atzokoa Baztanen; ez dira xamurragoak izanen ondorengoak. Ezustean itzali da Jonen argitasuna. Gizon gazte, kirolari, alai, argi eta aktiboa.

sortzailea Alor anitzetan aritu eta aditua, arras ezaguna, Lanbidez euskara eta literatura irakaslea zen, gaur egun, Lekarozko institutuan lan egiten zuelarik. Heziketa Fisikoan diplomatua eta gizarte eta kultur antropologian lizentziatua zen, eta Bergarako UNEDen idazle eskolako graduondoa zuen.

Ogibideaz gain, bertzeak bertze, bertsolaritzan ibilbide oparoa egin zuen. Baztango bertso eskolako kide eta irakasle izana eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan zenbait urtetan parte hartutakoa, hainbatetan finalista izana eta bi aldiz txapeldunorde (2007, 2008). Aitzinetik ber-tze sariketa batzuk ere irabaziak zituen: Mariano Izeta Saria (2004) eta Xalto Saria (2003). Ahoz zein idatziz aitortuak izan dira bere lanak: Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan bi aldiz lehendabiziko saria lortu zuen bertso-paperen modalitatean (2004an Algecirasko Karmele lanarekin; eta 2005ean Europa aldetik dator Thaimiren gutuna lanarekin). Lehiaketa berean bigarren saria eskuratu zuen 2003an, Euskal Herriko konpota lanarekin.

Bertsogintzan ez ezik, idazle gisa ere nabarmendu zen, batez ere poesian. Izugarri trebea zen, poesía odolean zeramala zirudien eta hain zuzen ere poesia izan zuen hizpide kolabora-tzen zuen Hitzen Uberan egindako bere azken kolaborazioan, uztailean. Halaxe bukatzen zuen bere ekarpena: “poesia ez da iraultza, baina, ziur naiz, iraultza ñimiñoena gauzatzeko ere, poesia ezinbertzekoa dela”. Poeta iraultzailea Barberena, poeta zen idazten zuenean, poeta pentsatzen zuenean eta poesia egiten zuen ere edozein elkarrizketa gauzatzerakoan, bai hitzekin eta baita gorputzaren mugimenduekin ere. Sari anitz ere irabazi zituen bere poesia lanekin. Errate baterako, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan bi aldiz irabazi zuen lehenbiziko saria (2011n Emaztekien oihu mutuak sorkuntzarekin eta 2015ean ( )utsunea lanarekin). Gainera, 2013an, bigarren saria eskuratu zuen Kontraerranak lanarekin. Duela hiru urte Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatutako Iruñea Hiria I. Nazioarteko Poesia Sariketa irabazi zuen, Izoztu zitzaigun negu hura lana aurkeztuta. Azken sari hori irabazteari esker, 2016an izenburu bera zuen liburua kaleratu zuen Denonartean argitaletxearekin. Ber-tzalde, iaz, Mungiako Udalak antolatutako Lauaxeta Olerki Sariketa ere irabazi zuen (Neguko gaba).

Kultura maite zuen Jonek, eta euskara bertze gauza guztien gainetik. Euskaltzale eta euskaradun militante nekaezina zen. Euskararen inguruko edozein lanetan laguntzeko prest. Aunitz zuen eskaintzeko eta hala egiten zuen. Jonen eskuzabaltasuna ere aunitzek nabarmendu dute urte luzeetan, eta aipamenak biderkatu ziren atzokoan. Beti zegoen lagun-tzeko prest, bere hitz ederrak harilkatuz olerki, testu edota bertso sakon eta mamitsuak oparitzeko. Hainbat komunikabidetan kolaboratzen zuen. Xorroxin Irratian, errate baterako, iri-tzi tarteak egiten zituen, baita Ttipi-ttapa aldizkarian idatzi ere.

Nafarroako Hitzan ere ikasturte berriarekin bat gogotsu ekin zion lanari eta duela astebete idatzi zuen denboraldiko bere lehenbiziko alea. Twitter bidez zabaldu zuen artikulua, iruzkin eta guzti: “Enrique Maiari buruz idatzi dut aurtengo lehendabizikoa, eta, zoritxarrez, iduritzen zait ez dela azkena izanen”. Zoritxarreko hitzak, zoritxarrez, bere azkena izan baita.

Bere bertso edota olerkietan oinarritutako kantu dexente ere betirako geldituko dira gure oroimenean. Hainbat taldek musikatu zituzten bere hitzak, Zenzerrock edota Trikidantzek, errate baterako. Ene Kantak proiektuan ere kolaboratu izan zuen, eta, batez ere baztandarren belarrietan iltzatuak geldituko dira betirako Jonek idatzitako olerkiekin egindako Baztandarren Biltzarraren 40. urteurreneko kantua eta 2015ean Baztan Ikastolak antolaturiko Nafarroa Oinez bestaren Hamabortz, Ama bat kantua.

agurra Atzo arratsaldean Elizondon, beilatokiak gainezka egin zuen, handik eta hemendik familiari doluminak agertzera etorritako jende uholdearekin. Gaur ere goiz eta arratsaldez jendetza hurbilduko da. Bihar goizean eramanen dute Jonen gorpua Iruñeko hilerrira, erraustera, eta 17.00etan izanen da bere aldeko hileta elizkizuna Elizondoko Santiago parrokian. Gugan bego.