BILBO. Euskal Museoak aurrera jarraituko du ikasturte berri honetan, euskal kultura ezagutzera emateko lanarekin. Hori horrela, urriaren 13an (igandea), ateak zabalduko dizkie euskal dantza tradizionala ikasi eta ezagutu nahi duten pertsona guztiei, eta erromeria bat eskainiko du AIKO taldearekin. Dantzatzeko estilo tradizionala sustatzen eta balioesten duen musikarien eta dantza-maisuen taldea da Aiko.

Goizeko 12:00etatik 13:30era, aukera ederra izango dugu Museoko klaustroan dantza tradizionalarekin trebatzeko, ikasteko oinarri gisa erraztasuna eta naturaltasuna bateratzen dituen metodo baten bidez.

Egun horretan, dantza-tailer bat egin ahal izango dugu, Mikeldi idoloaren ondoan. AIKO taldeak irakasteko duen metodo berezia erakutsiko digu, era naturalean, gradualean eta atseginean dantzatzen ikastea proposatuta. "Beroketa" horren ondoren, dantzaldi erromeria izango dugu Aiko taldeko musikariekin: Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), eta Patxi Laborda dantza-maisuaren zuzendaritzapean.

Aukera bikaina izango da Euskal Museoan AIKO taldearen eskutik euskal dantza tradizionala ezagutzeko, eta Bilboko Alde Zaharraren muinean igande goizaz gozatzeko; gainera, Museoko klaustroan izango den ate irekien egun honetan, Bizkaiko mMuseoak azarotik maiatzera arte klaustroan antolatuko dituen erromerien edizio berria aurkeztuko da.

ERROMERIAK

Euskal Museoko klaustroak aukera emango die interesa duten guztiei, erromeria irekietan parte hartzeko eta haiekin gozatzeko. Hileko bigarren larunbatean izango dira, urritik ekainera bitartean, 19:00etan. Ekimen honekin, Bizkaiko instituzioak turistak eta museoko aldizkako bisitariak ere erakarri nahi ditu, eta aukera eskaini nahi die euskal kulturaren erakusgarri batean parte hartzeko, Aiko taldearekin.

Jardueran parte hartu nahi dutenak Gurutze kaletik sartuko dira Euskal Museoko klaustrora, 1 €-ko sarrera ordainduta. Urriaren 13an (igandea) ate irekien eguna izateaz gain, larunbat hauetan erromeria egingo da Aiko taldearekin: azaroak 9, abenduak 7, urtarrilak 11, otsailak 8, martxoak 14 eta maiatzak 9.