BILBO. Bizkaiko Foru Liburutegiko Areto Nagusiak "Liburutegi mugagabea: Sagarminagaren legatua, 1929-2029" izeneko erakusketa eskainiko du urriaren 8tik azaroaren 30era arte. Erakusketak liburutegiaren sorreratik gaur egunerarte izandako garapena erakutsiko du, besteak beste.

Berez, Bizkaiko Foru Aldundiak antolaturiko erakusketa hau bikoitza dela uler daiteke, erakusketaren barruan beste erakusketa bat baitago. Hala, alde batetik, Foru Liburutegia nola sortu zen berreraiki da, bilduma partikular aparteko batean oinarrituta: Fidel de Sagarminagarena. Baina, aldi berean, duela laurogeita hamar urte Astarloako instalazioak irekitzean erakutsitako material batzuk ere badaude ikusgai, orduko hartan erakutsi ziren espazio berean: irakurketa-gelan (egungo Areto Nagusian): inkunableak, Foru Berriaren edizio zaharrak eta abar.

Hori guztia azaltzeko, tipologia oso ezberdinetako (liburutegi- eta agiri-funtsak, altzariak, lan-tresnak, erretratuak, argazkiak eta abar) eta jatorri ugariko (bilduma publiko eta pribatuak) ia ehun pieza bildu dira, horietako batzuk gaur arte jendaurrean erakutsi gabeak.

Foru Liburutegiak gaur egun dauzkan zerbitzuak eta bildumak eskaini ahal izateko oinarriak finkatu zituzten pertsonei omenaldia egin nahi die erakusketak. Eta, omenaldi honetan, liburutegiaren sustatzaile eta kudeatzaileak aldarrikatzeaz gain, hain ezagunak izan ez ziren horiek ere nabarmendu nahi dira, beren lana ezinbestekoa izan baitzen liburutegia gaur egun den horretara iristeko. Ezin da ahaztu, nolanahi ere, proiektu honen jatorrizko arrazoia: erabiltzailea.

‘Liburutegi mugagabea’ astelehenetik ostiralera bisitatu ahalko da, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbat goizetan ere aretoa irekita egongo da, 10:30etik 13:00etara. Sarrera doakoa izango da, baina bertara sartu ahal izateko nahitaezkoa izango da NANa, pasaportea edo liburutegi-txartela aurkeztea.

Bestalde, erakusketa zabalik dagoen bitartean, bisita gidatuak egingo dira, hogei minutu ingurukoak, bai euskaraz bai gaztelaniaz, gehienez ere hamar pertsonako taldeentzat. Bertan parte hartzeko, liburutegiko beheko solairuan edo 946082487 telefono-zenbakian erreserbatu beharko da plaza.

Azkenik, erakusketaren osagarri, edukietako batzuekin lotutako gaiak lantzen dituzten hitzaldiak garatuko dira. Hala, urriaren 31n Susana Serranok irekiko du zikloa, Fidel de Sagarmínaga eta bere liburutegiari buruz aritzeko Fidel de Sagarmínaga y su biblioteca hitzaldian. Astebete beranduago, Aritz Ipiñak Foru Liburutegia eta memoria historikoa izango ditu mintzagai. Azaroaren 21ean, Francisco Javierrek Biblioteca en guerra: la protección del patrimonio de la Biblioteca Foral durante la guerra civil (Liburutegia gerran: Foru Liburutegiko ondasuna babestea gerra zibilean zehar) hitzaldia emango du. Zikloari amaiera emateko, azaroaren 28an, Gorka Pérez de la Peñak El Palacio de Archivos y Bibliotecas: una obra singular de art déco (Artxiboen eta Liburutegien Jauregia: art déco obra berezia) aurkeztuko du. Hitzaldi guztiak izango dira arratsaldeko zazpietan Prentsa Aretoan, liburutegiko beheko solairuetan. Sarrera irekita egongo da aforoa bete arte, eta, gainera, zuzenean ere jarraitu ahalko da, streaming bidez.

Fidel de Sagarmínaga

Sagarminaga Bilboko politikari, historialari eta legelaria izan zen. Fidel Sagarminaga Bilboko alkate (1872an) eta Bizkaiko diputatu nagusi (1876an) izan zen eta Euskal-Erria sozietatea sortu zuen (1879an). Eduki historikoko hainbat obraren egilea, esate baterako, Gobernua eta Bizkaiko Jauntxoen foru erregimena. Horiei esker, Historiako Errege Akademiako urgazle eta Bizkaiko Ohorezko kronikari izendatu zuten. Sagarminaga Erronda kaleko bere etxean hil zen, zuzeneko oinordekorik gabe, 1894ko martxoaren 20an, Madrilen bizi ziren Ramón eta Águeda Padilla Montoto bere anai-arreba politikoen aldeko testamendua egin eta zortzi egun beranduago.

Horiek Sagarminagaren liburutegi partikularra eskaini zioten Aldundiari, ia hamabi mila liburukiz osatuta dagoena, horietako batzuk balio handikoak. Bilduma horretan oinarrituta antolatu eta eratu zen Foru Liburutegia, bi atal handiren inguruan antolatuta: bata euskal gaiei buruzkoa eta bestea gainerako diziplinei buruzkoa. Banaketa hori gaur egun arte mantendu da eta, horri esker Foru Liburutegia erreferentea da euskal ikasketei buruzko funtsetan.