Droga eta botereen esku beltza, ‘Zaldi urdina’ obran

Familietan jasandako sufrimendua gizarteratu nahi dute atzo estreinatutako antzezlanaren bidez

10.02.2020 | 06:59
Edurne Azkarate bertsolaria lehen aldiz antzerki batean Ander Lipus eta Olatz Beobiderekin.

Baiona - Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin konpainiek Zaldi urdina deitutako antzerki berria estrenatu zuten Luhuson atzo, Harri Xuri gelan. Estreinaldia eta gero Euskal Herri osoa zeharkatuko dute. Urriaren 23tik 27ra Donostia, azaroak 7 Bilbo, 13-14an Iruñea eta 19an Gasteizen erakutsiko dute antzezlan berria.

Aingeruk 17 urte ditu eta tekno musika, droga, lapurretak eta poliziaren esku beltza dauden dantzalekuetan dabil. Droga eta mota guztietako menpekotasunez gogoeta egitea proposatzen dute gai minbera familia girotik atera eta jendartean aipatzeko. "Larogeiko hamarkadan belaunaldi oso bat suntsitu zuen drogak baina min hori senideen artean gelditu zen eta ez da sekulan gizarte mailako irakurketa edo azterketarik egin", dio Ximun Fuchs taula zuzendariak. "Pepe Rei bezalako kazetari batzuek aipamenak eta ikerketak egin zituzten baina, oro har, ez da asko aipatu droga nola sartu eta hedatu zen gurean. Sarraskia izan zen, Euskal Herrian jasan dugun azkena. Eran- tzunik ez dugu galdera asko baizik".

"Durangon heroinak bonbardaketak baino hil gehiago eragin zituen, argi eta garbi hitz egin behar da" bota du Ander Lipus aktoreak. "Gai gogorra lantzen dugu baina umoreak ere tarterik dauka". Lipusek Xabier an-tzezten du, drogarengatik semea hil zitzaion aita baten papera hain zuzen.

Aktoreen ekarpenak kontuan hartuz, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek idatzi dute Zaldi urdina. Urte bat eta erdiko lanaren emaitza dela diote egileek. "Denborarekin eta patxadaz prestatu dugu dena eta gaur egun hori loteria tokatzea bezalako oparia da", adeirazi du Olatz Beobide aktoreak. "Hasieratik ekarpenak egin ahal izan ditugu bai eta trukaketak publiko eta talde osoarekin. Sanoa da drogaz hitz egitea askotan barkatasuna eragin baitu". Laugarren aldia da Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin konpainiak elkarlanean ari direla aurreko urteetan, Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna sortu baizituzten elkarrekin.

Eskarmentu handiko aktoreei Edurne Azkarate eta Oier Zuñiga bezalako hasiberriak elkartu zaizkie. Oiondarrak dio gonbidatu dituztela freskotasun zerbait, ikuspuntu berriak eta esperientzia desberdinak uztartzeko. "Batera bizi gara oholtza gainean dauzkagun saio luzeetan eta kanpoan ere bai, oso pozik nago lan interesgarria egiten dugulako. Memoria lantzeko balio du ere gure lanak" dio bertsolariak.

Euskara hutsean den antzerkia azpi idatziekin taularatuko dute frantsesezko testuarekin Angelun eta gaztelaniaz Iruñean.