donostia - Garai latzei aurre egin behar izan die Gipuzkoako patroiaren bizilekuak historian zehar. 1553an, 1622an eta 1834an sute garrantzitsuak izan ziren bertan eta, ondorioz, berrikuntza asko egin behar izan zituzten Arantzazun. Baina 1950. urtean erreforma guztiz berritzailea egitea erabaki zuten. Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoen proiektuak ez zuen eraikina soilik aldatu. Proiektuarekin batera, tradizioarekin hausten zuen erlijioaren ikuspegi desberdin bat eta euskal kulturaren ekarpen garrantzitsuak iltzatuta geratu ziren bertan.

Ama Birjinaren irudia elorri zuriaren gainean aurkitu zuen, ustez, Rodrigo de Balzategi artzainak eta horixe adierazten dute santutegiaren bi zutabe nagusiek diamantezko punten bidez. Santutegia beti zaindu izan dute fraide frantziskotarrek. “1965ean, ni ikasle nintzela, 170 frantziskotar ginen. Ez dut uste sekula hainbeste izan ditugunik Arantzazun”, azaldu du Juan Ignacio Larreak, Arantzazuko santutegiko zaindariak. Gaur egun, 22 frantziskotar daude bertan.

Frankismoaren garai haietan, eta euskal kultura zentsuratuta bazegoen ere, fraideek aurre hartu zioten diktadoreak ezarritako galarazpenari. Inprenta ezarri zuten eta euskarazko egutegiak kaleratzen hasi ziren hasieran. 1956an, aurrerapauso bat ematea erabaki zuten frantziskotarrek eta euskarazko Jakin aldizkaria kaleratzen hasi ziren, erlijioa eta hezkuntzari buruzko gaiak jorra-tzen zituztelarik. 1967an, ordea, zentsuratua izan zen eta hamar urte igaro arte -1977ra arte- ezin izan zuten berriz plazaratu.

Euskal kulturaren eta euskararen erreferente zela ikusirik, 1968ko urriaren 3an euskara batuaren oinarri sendoak ezarri zituen bertan Euskaltzaindiak.

Urte asko igaro dira ordutik eta oraindik ere leku inportantea da Arantzazu euskaldunentzat. “Gero eta garrantzi handiagoa du. Batez ere, eduki genituen artistak eduki genituelako eta historia aldetik eta euskal kulturaren aldetik ere toki inportantea delako”, azaldu du Larreak.

Egun, bada oraindik egunero bertara joaten den jendea eta asteburuetan askok aprobetxatzen dute Arantzazura mendi buelta egitera joateko. Han kokatuta dagoen Gandiaga zentroan ekitaldi ugari antolatzen dituzte: erakusketak, kontzertuak, biltzarrak, mintegiak, eta baita jardunaldiak ere.

Gomiztegi artzai eskola ere bertan dago, santutegitik hiru kilometrora. Eusko Jaurlaritzaren eskutik sortu zen 1997an eta urtero artzai profesional berriak treba-tzen dira bertan.

Santutegiko zaindariak dioenez, bertara gerturatzen den jende gehiena inguruko herrietakoa da. “Guk harrera ona egiten diegu. Basilika erakusten diegu, Ama Birjina bertatik bertara ikustera eraman eta bertako gauzak azaltzen dizkiegu”, adierazi du Larreak.

Garai zailei aurre egin zien Arantzazuk baina, aurrera jarraitzea lortu zuen eta inguruan eraiki diren gune berriekin batera, euskal kultura sustatzen jarraitzeko gune bikaina da gaur egun ere. - Sara Ibarguren