Bilbo - “Liburu honek Juan Sebastian Elkanoren pertsona pertsonaiaren gainetik gailentzea lortu du”. Hala adierazi zuen atzo Jon Ruigómez Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak, J. S. Elkano. Aztarnaren bila liburuaren aurkezpenean. Izen bereko erakusketaren komisarioa den Julián Díazek -Museoan 2020ko ekainera arte izango dena- idatzi du, horretarako, Getariako nabigatzailearen biografiari buruz dauden milaka dokumentu aztertu, eta pertsonaren irudi bat sortzea lortuz, atzo Museoan azaldu zutenez.
“Egin beharreko lan bat zela uste dugu, orain arte Elkanoren erakusketa biografikoa egin gabe bai-tzegoen”, zuzendariaren arabera. Bere bizitzaren xehetasunak jorra-tzen dituen ikerketan, bere jaioterriko Getariatik abiatu eta Magallanasen ondoan egin zuen espedizioan izandako gorabeherak edota bere familiari buruzko datuak azaltzen dira.
Ekainean Museoak inauguratu zuen izen bereko erakusketaren komisarioa da Julián Díaz, eta proiektu horretarako eginiko ikerketa proiektuan oinarritzen da liburu forma hartu duen biografia, formatu digitalean eta baita paperean ere eskuragai izango dena.
Hala, ikerketa osoa, erakusketan baina batez ere liburuan azaltzen dena, helburu argia dauka Ruigómezen hitzetan: “Elkanoren gainetik Juan Sebastianen irudia azaleratzea, Elkano nabigatzailearen gainean alde pertsonala jorratzea”.
Horrenbestez, atzo gogorarazi zutenez, nabigatzaile gipuzkoarrari buruzko proiektua Itsasmuseum eta Donostiako Aquariumak elkarlanean ekoiztu duten lana da, Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzarekin. Horregatik, Aquariumeko zuzendaria Esther Iribarnegaray ere bertaratu zen liburuaren aurkezpenera, erakusketarekin estuki lotuta baitago. Bi zentroen arteko elkarlanak proiektua askoz ere osotuagoa izatea eragin zuela azaldu zuen, eta “liburu hau bezalako fruituak” eduki ahal izatea erraztu duena.
Horrez gain, Donostian ere, “denbora gutxi barru” erakusketa izango dela gaineratu zuen Iribarnegarayk, baina Gipuzkoakoa, “Bilbokoa baino orokorragoa” izango da. “Díazek jadanik ezagutzen ziren dokumentuak erabili ditu, baina orain arte ez da egon horiek guztiak aztertu dituen pertsonarik”. Horren harira, egunotan Getariako nabiga-tzaileari buruz argitaratutako berria -Elkanok bere irizpidea inposatu zuela mundu biran abiatu beharreko norabidea aukeratzeko-, jadanik ikerketan txertatuta zegoela azaldu zuen.
Elkano zentzuzkoa edo konkista-tzailea zen? Diskretua ala nabarmentzen zen gizona? Agintari zorrotza zen? Galdera horiei guztiei erantzuna ematen die Díazek izan ere, Elkanoren alde pertsonalena ere azaleratzen da liburuan, hala nola, Elkanok “taldean pentsatzen zuela beti”; pertsona indibiduala erabili ordez, beti “gu” erabiltzen zuela, gizon erlijiosoa zela edota bidaian euskarak presentzia zuela azaleratzen du.
Horrez gain, “dokumentuen arabera gaztelania, euskara eta portuges hizkuntzen arteko nahasketa bat erabiltzen zuten haien artean komunikatzeko”. Biografia honek argia ikusi ahal izateko dokumentazio lan handia egin behar izan du erakusketaren komisario eta idazleak; izan ere guztira 500.000 dokumentutan oinarritu da. Eta horietatik 100, Itsasmuseumeko J. S. Elkano. Aztarnaren Bila erakusketan ikusgai daude. Proiektuari buruzko xehetasunak atzo eman zituen idazleak, Museoan bertan eskaini baitzuen publiko orokorrari zuzendutako hi-tzaldi irekia.
Erakusketa Biografiaren izen bereko erakusketa 500 metro karratutan baina gehiagotan banatzen da eta Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen biografian sakontzeko balio duten 100 dokumentu eta objektu biltzen ditu guztira. Modu horretan, bisitariek pieza horiei esker orain dela bost mende munduari lehen bira ematea lortu zuen Getariako nabigatzaileak utzitako aztarnak ikusi ahalko dituzte, bidaia hori abiatu aurreko elementuak, eta baita bira eman osteko garaia isla- tzea lortzen dutenak. Hala, J. S. Elkano. Aztarnaren bila izeneko a datorren urteko ekainaren 26ra arte izango da ikusgai.