Síguenos en redes sociales:

‘Zaldi urdina’, drogen inguruko isiltasuna apurtzen duen antzezlana

Artedram, Axut! eta Dejabuk sortutako obra bihar eta etzi egonen da ikusgai Iruñeko Gayarre antzokian

‘Zaldi urdina’, drogen inguruko isiltasuna apurtzen duen antzezlana

iruñea - Mutil gazte bat desagertu egin da, tekno jaialdi batean droga berri bat kontsumituta beste gazte bat koman sartu ondoren. Egoera horretatik abiatuta, Artedrama, Axut! eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek elkarlanean sortutako Zaldi Urdina obrak Euskal Herrian drogaren kontsumoaren inguruan dagoen isiltasuna haustea izanen du helburu. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi, eta Ximun Fuchsek zuzendu duen obra bihar eta etzi taularatuko da Iruñeko Gayarre antzokian. Oholtza gainean, Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide aktoreek belaunaldi desberdinetako pertsonaiak azaleratuko dituzte.

Desagerpenak, mutil gaztearen familia haren bila abiatzea eragingo du, atzo obraren zuzendariak Iruñean eskainitako aurkezpenean azaldu zuen moduan. “Beraz, bilaketa baten istorioa izango da, familia hori Euskal Herrian zehar ibiliko baita, euskal road movie moduko batean. Road movie guztiak bezala, hausnarketarako bide bat izango da, eta pertsonaia bakoitzak topatuko ditu izkutatu dituen mamuak, galderak eta hausnarketak. Halaber, pertsonaia horiek topatuko dira Euskal Herrian drogak izan duen historiarekin”.

Justo Arriolak idatzitako A los pies del caballo liburua izan zuen abiapuntu obrak, zuzendariak atzo azaldu zuen bezala. Garai batean drogaren kontsumoak eta, zehazkiago, heroinaren kontsumoak “Euskal Herriko azken sarraskia” eragin zuela azaldu zuen, milaka eta milaka hildako eraginez 1980ko hamarkada inguruan. “Guzti hau familien baitan gelditu da, ez baita benetako kontakizunik egin, ez da aztertu zergatik gertatu den”. “Gaur egun ere oso erraza da droga lortzea Euskal Herrian”, azpimarratu zuen zuzendariak. Hori bai, obraren helburua ez da drogaren kontsumoa ongi edo gaizki dagoen ebaztea, baizik eta aztertzea zer eragin duen drogak “familien istorietan, maitasunean, guraso eta seme-alaba arteko harremanetan”.

“Hiru belaunaldiren ezinegonak islatzen ditugu obra honetan”, gehitu zuen Miren Alcala aktoreak. “Iruditzen zait gizarteari zabaltasun guztiarekin mintzatzen garela, familiek pairatu duten isiltasun eta estigma horri aurre egiteko, edonork aurkituko du helduleku bat obran ager-tzen diren pertsonaiekin. Lortzen ari garen gauza ederrenetako bat familien esku utzi zen estigma hori elkarbanatzea, itzaletik ateratzea”.

Urriaren 31n estreinatu zen obra, eta dagoeneko Donostia, Angelu, Bilbo, Luhuso, Azpeitia eta Barakaldoko eszenatokietatik igaro da, harrera ezin hobea lortuz eta ikusmin zabala eraginez. Fuschsek nabarmendu bezala, “gutxitan ikusten da euskaraz sortutako obra batek hainbat lekutan sold out-a lortzea, seinale oso ona da hori, posible dela erakusten digu”. Oier Zuñiga aktore iruindarrak ere azpimarratu zuen euskarak obraren baitan duen garrantzia, “hainbat gauza euskararik gabe ezin baititugu berdin ulertu”.

‘Zaldi urdina’. Artedrama, Axut!, Dejabu. Zuzendaria: Ximun Fuchs. Aktoreak: Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate, Olatz Beobide.

Emanaldiak. Hiru emanaldi eginen dira; bat ikasleentzako, goizez; eta bi 20.00etan, bihar eta etzi. Sarrerak antzokiaren webgunean eta leihatilan eskuratu daitezke.