- Berrogeialdiak behartutako itxialdia arintzeko helburuarekin, ekintzaile andana dira euren proiektu eta lanak modu irekian eta denon eskuragarri jarri dituztenak. Horietako bat izan da Nabarralde Fundazioa, Nafarroako historiaren dibulgazioan lan egiten duen taldea, azken urteetan ekoiztutako dokumentalak bere YouTube kanalean zintzilikatzen hasi dena.

Ostegunean igo zen lehenengoa, Beloaga, memoriaren behatokia (2017), Oiartzungo Arkaleko hai-tzetan kokatzen den eraikinaren historia berreskuratzen duena. Eremu hau, izan ere, Nafarroako erresumaren garaia, karlistaldiak edo frankismoaren esklaboen pasarteak biltzen dituen memoria gune garrantzitsua da.

Atzotik, halaber, ikusgai dago Durangoko Azokaren azken edizioa estreinatu zen Arantzazu, harriz herri (2019) lana, Jorge Oteizaren apostoluak basilikaren atarian jarri zireneko 50 urteurrenarekin bat eginez plazaratu zen dokumentala. Bertan, memoria gune honek euskal kulturaren biziraupenean izan zuen ezinbesteko papera nabarmentzen dute egileek. “Bi zutarritan oinarritu zen erresistentzia hura, frankismoaren garai ilunenetan: batetik, euskal arte garaikidearen aldeko apustua eta, bestetik euskararen babes eta bultzada”.

Azkenik, datorren asteari begira, 2016an ekoiztutako ‘Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik’ dokumentala zintzilikatuko da.

Lan guzti hauek, baita ikusgai dagoen Memoria Lekuak saileko lan motzak ere, Jesus Iriartek ekoiztutakoak eta Nabarralde Fundazioak sortutakoak izan dira.