Lau soinu, lau pandero, lau ahots eta lau emakume. Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano musikariek osatzen dute AMAK taldea. Trikitixarekin Euskal Herriko plazaz plaza ibiliak dira laurak, Alaitz eta Maider taldeko kide izan zen Telletxea; Maixa eta Ixiar taldekoa Lizarribar; eta M-n Ezten taldean aritu ziren Oreja eta Solano. Urteek aurrera egin eta topo egin ostean, laukotea osatzea erabaki zuten. Abentura berria hasi zuten orduan, talde formatuan: AMAK. Lauen izenen lehen letrek osatzen dute taldearen izena. “Ez genuen izenik eta gure siglekin jolastuz Maixari okurritu zitzaion AMAK. Gure izenen lehenengo letrak dira eta azken finean, amak ere bagara, beraz, zergatik ez?”, azaldu du Kris Solanok.

Taldea “kasualitatez” sortu zela kontatu du, inolako asmorik gabe, baina horrela gertatu zela. “Oñatiko jaialdi batean parte hartzeko deitu ziguten, alde batetik Amaia eta niri, eta bestetik Maixa eta Alaitzi. Handik bi urtera, urteurren jaia edo zerbait berezia egin nahi zuten eta komentatu ziguten ea laurak batera joko genuen. Baiezkoa eman, prestatu genuen bost kantako kontzertu txiki bat eta horrek eragin zituen emanaldi gehiagotarako deiak”. Hala batu ziren laurak eta 2019an zehar hasi ziren entseguetarako batzen. Iragan abenduan eman zuen taldeak bere lehen “kontzertu ofiziala” AMAK gisa, Orexan (Gipuzkoa).

Herriz herri ibiliak dira Telletxea, Lizarribar, Oreja eta Solano, hori eta beste hainbat kontu dituzte komunean, baina batez ere trikitixak ba-tzen ditu, hori baita lauren musika tresna. “Hori izan da gu batzeko ardatza, ez balitz egongo ez ginatekeen elkartuko, ziurrenik”. Alde batetik hori partekatzen dute, eta beste aldetik, AMAK gisa bizi nahi duten esperientziak. “Laurak gara plazan asko ibilitakoak garela, baina egia esan gure asmoa orain ez da plaza gehiegi egitea, jada eginda ditugulako, bakoitzak bere taldearekin. Argi eta garbi dugu eskainiko ditugun emanaldiak disfrutatzen egingo ditugula eta gutxi baldin badira, ba gutxi izango dira, agobiatu gabe”. Horrek ere batzen ditu, ideiak oso garbi dituztela.Orain esperientzia hori beste era batera bizi nahi dute.

Ahotsak eta doinuak Trikitixa, panderoa, peñaparda panderoa eta ahotsa. Guztiek jotzen dute dena. Ez dute zehaztuta batak edo besteak zer egingo duen eta abestiak prestatzean ahotsak eta soinuak konbinatuz joaten dira. “Peñaparda Salamankako musika tresna ere sartzen dugu. Maixak bakarrik zekien jotzen eta soinua asko gustatu zitzaigun, ahotsarekin batera zelan gelditzen den”. Soiltasun horretatik abiatuz, Euskal Herriko folk musikaren ertzak “betiko moldeetatik atera” nahi ditu AMAK taldeak. “Tradizioa gustatzen zaigu baina hortik kanpora ere atera nahi dugu. Gure sorkun-tzan ere nabaritzen da, trikitixa modernoagoa”. Hortik jo nahi dute, tradizioa eta modernitatea uztartuz. Euren emanaldietan kantu propioak jotzen dituzte, euren kantuen bertsioak eta baita gustuko dituzten musikarien abestiak ere: “Jotzen ditugu Zea Mays, Xabi Solano, Izaro edo Imanolen abestiak ere. Denetik egiten dugu”, kontatu du Solanok.

Urteak daramatzate agertokiz agertoki, baina Solanok azaldu duenez orokorrean ez du aldaketa handirik ikusi. “Gu ere ezberdinak gara, urte asko igaro dira eta gu ere aurrera goaz. Egia da lehen erromeriak egiten genituela, orain diferentea da, jendea eserita dago eta entzutera joaten da. Alde horretatik bai nabari-tzen dugu aldaketa bat, baina bestela ez”. Lau emakumek osatzen dute AMAK, hori “modu naturalean” gertatu zela kontatu du, ez pentsatuan. Oholtza gainean gero eta emakume gehiago ikusteak poza ematen dio Solanori, “gehienbat erromeria eta trikitixa munduan ikusten dut emakume piloa dagoela, bai oholtza gainean, bai sortzen eta baita ikasten ere eta benetan positiboa da hori”.

Harrera beroa Abenduan hasi zen AMAK kontzertuak eskaintzen eta euren proiektuak oso harrera ona izan duela kontatu dute. “Harrituta gaude, pozik, egia esan ez genuen espero horrelako harrerarik. Jende andana egon da eskaini ditugu kon-tzertuetan eta feedback oso positiboa jaso dugu”. Koronabirusak eragindako alarma egoeraren aurretik jada bazituzten hainbat emanaldi programatuta. Horiek atzeratzen saiatuko da AMAK taldea. “Egia da ez goazela emanaldi piloa bilatzera, baina pena da genituen apur horiek ezin disfrutatzea”. Sortzaile gisa, egoerak eraginda kultura pairatzen ari den krisialdiak kezkatzen du Solano. “Kulturak nahiko defizita bazuen lehen, hemen ez gaude batere mimatuta, ez gaituzte batere laguntzen. Ipar Euskal Herrian, esaterako, ezberdina da Frantziaren aldetik laguntza asko daude kulturan”.

Taldearen etorkizunari buruz galde-tzean, egoera bere onera itzultzen denean emanaldiak eskaintzen jarraitu nahi dutela dio Solanok. Ez dute aurreikusita disko bat ateratzea, baina egia da ideia hori ez dutela guztiz deskartatzen. “Guk disfrutatu egin nahi dugu, besterik ez”.